Aste erabakigarria, billabesetako lan gatazkan
Langileen batzordean hamazazpi ordezkaritik zazpi dituen UGT sindikatua prest dago enpresaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen eskaintza onartzeko, eta gainerakoei erantzukizunez jokatzeko eskatu die lan-gatazkari amaiera emateko.
Billabesetako lan-gatazkak aste erabakigarria du.
Iruñerriko autobus-zerbitzua kudeatzen duen Moventis TCC enpresak eta Iruñerriko Mankomunitateak beste proposamen bat jarri dute mahai gainean, eta UGT sindikatua onartzeko prest dago.
UGTren iritziz, soldata eta lan-baldintzetan hobekuntzak proposatu ditu enpresak. Horrez gain, ontzat hartu du atseden denborak hobetzeko eta autobusen mantenu-lanak zaintzeko Mankomunitateak konpromisoa hartu izana.
UGTk du ordezkaritzarik handiena langileen batzordean, baina ez du gehiengo osorik (17 ordezkaritik 7 ditu). Hala ere, ituna gutxiengoan sinatzeko prest dagoela adierazi du. Halaber, gainerako sindikatuei erantzukizunez jokatzeko eskatu die 10 hilabete baino gehiagoko lan-gatazkari amaiera emateko.
Gainerako sindikatuek asanbleak egingo dituzte gaur-biharretan, afiliatuen iritzia jakiteko. Halaber, asteazkenerako ezohiko batzarra deitu dute langileekin; 600 bat behargin dira.