Trafiko astuna A-1 errepidean, Durruma Donemiliaga parean, Arabako nekazari eta abeltzainen protestaren ondorioz
Atzo, Ertzaintzak A-1 errepidera ateratzea eragotzi zien nekazari eta abeltzainei, horretarako baimenik ez zutela argudiatuta. Gaur, Eusko Jaurlaritzaren baimena jaso ostean, traktoreak autobiara irten dira.
A-1 errepidean trafiko astuna da nagusi, Durruma Donemiliaga parean (Araiatik gertu), Arabako nekazari eta abeltzainak traktoreak hartuta egiten ari diren protesta dela eta.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko iturrien arabera, "trafikoa astuna" da Durruma Donemiliaga parean, nahiz eta ez dagoen zirkulatzeko arazorik.
Ataca Trebiñu eta Araba Landaren Alde Elkarteak deituta, Arabako nekazari eta abeltzainak protestan aterako dira, traktoreak hartuta, asteazkenera arte, Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza-akordioa egitea galarazten saiatzeko.
Gaur, A-1 autobideko eskuineko erreia okupatu dute Durruma Donemiliaga parean, bi noranzkoetan, 10:00etatik 18:00etara, Eusko Jaurlaritzak baimena eman ostean.
Atzo, Arabako nekazariek A-1 errepideko eskuineko erreia hartu nahi zuten Durruma Donemiliaga parean (Araiatik gertu), baina Ertzaintzak bidea itxi eta A-1ean protesta egitea eragotzi zien, horretarako baimenik ez zutela argudiatuta.
Ataca taldeak, bere aldetik, A-1ean protesta egiteko baimena eskatua zuela nabarmendu zuen.
Nafarroan, Semilla y Belarra elkarteak ere mobilizatzen jarraituko du Mercosurreko akordioaren aurka.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela