Alokairuak % 8,6 egin du behera eremu tentsionatutzat jotako udalerrietan Nafarroan
Erregulazio berriari esker, batez besteko prezioa 849 eurotik 775 eurora jaitsi da, eta ez du eskaintzan eraginik izan.
Alokairuaren prezioa % 8,6 jaitsi da Etxebizitzen Merkatu Eremu Tentsionatu izendatutako Nafarroako 21 udalerrietan prezioen muga indarrean jarri zenetik, baina horrek ez du eskaintza murriztu, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera.
Alokairu Kontratuen Erregistroaren arabera, batez besteko alokairua 849,3 eurokoa izan zen 2025eko bigarren hiruhilekoan, eta 775,9 eurokoa urte bereko laugarren hiruhilekoan. Epe horretan 4.202 kontratu formalizatu ziren (2024an, berriz, 4.176), eta horrek igoera txiki bat dakar.
Hirugarren presidenteorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako sailburu Begoña Alfarok nabarmendu du kontratuen % 88,5 eremu tentsionatu gisa deklaratutako udalerrietan sinatu zirela. Halaber, datu ofizialek “erregulazioak eskaintzaren amiltzea eragiten duen argudioa baztertzen” dutela defendatu du.
Era berean, Alfarok ohartarazi du sasoiko kontratuak % 5 izatetik % 11 izatera pasatu direla, eta maizterrak balizko iruzurrak salatzera animatu ditu, Foru Gobernuaren Bitartekaritza eta Aholkularitza Zerbitzu berriaren bitartez.
Bere ustez, datuen bilakaerak baieztatzen du alokairuaren merkatuaren erregulazioa etxebizitzaren arazoari aurre egiteko tresna gisa “funtzionatzen” ari dela.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela