Ertzaingaien % 59k gainditu dute psikoteknikoa baremazioa aldatu ondoren
Zupiria sailburuak adierazi du kopuruak aurreko deialdietan baino txikiagoa izaten jarraitzen duela. Halaber, barkamena eskatu du joan den larunbateko proben hasieran izandako atzerapenagatik, eta prozesuak "segurtasun berme guztiak" bete zituela ziurtatu du.
Azterketariak, BECen. Argazkia: EFE.
Larunbatean, otsailaren 7an, Ertzaintzaren lan eskaintzarako probak egin zituzten pertsonen % 59k gainditu dute azterketetako lehena, psikoteknikoa. Ondorioz, gainerako % 41 prozesutik kanpo geratu dira, erreklamazioen izapidean nota aldatu eta gainditzea lortu ezean.
Deialdi horri begira, Segurtasun Sailak psikoteknikoaren baremazioa aldatu zuen. Azterketa horrek lau fase ditu (arrazoibidea, hausnarketarako gaitasunak, gaitasun bereziak eta hitzezko gaitasunak). Oraingoan, proba guztien emaitzak guztiak zenbatuta lortu behar zuten gainditzea; ez atal guztiak gainditzea, aurreko deialdietan bezala. Aldaketa egin zen aurreko LEPeko hautagaien % 90ek kale egin zutelako proba horietan.
Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan azaldu duenez, 1.880 hautagaik gainditu dute azterketa psikoteknikoa, aurkeztu diren 3.188 hautagaietatik.
Zupiriak gogorarazi du aurreko deialdiko oposiziogileen % 19k soilik gainditu zutela proba psikoteknikoa. Oraingo honetan ehunekoak gora egin badu ere, datua aurretik egindako deialdien azpitik dagoela adierazi du.
Oposiziogileek hiru egun dituzte erreklamatzeko, hala nahi izanez gero. Proba psikoteknikoaren erreklamazio-aldia amaitu ondoren, larunbatean egindako bigarren azterketaren —ezagutzei buruzkoaren— emaitzen berri emango da.
Espero baino jende gehiago
Larunbateko LEPeko probak ordu eta erdiko atzerapenarekin hasi ziren, hautagai guztientzat lekurik ez zegoelako. Zupiria sailburuak barkamena eskatu du horregatik, eta Segurtasun Sailak aurreikusi baino hautagai gehiago aurkeztu zirela azaldu du.
Haren hitzetan, 3.000 lagunentzako esparrua prestatu zen eta, azkenean, 3.188 azaldu ziren azterketak egitera. Zupiriak argitu duenez, aurreko deialdietan izena emandakoen % 73 inguru bertaratu ziren eta aurreikuspen horrekin egin zituzten prestaketak. Oraingo honetan, mahai, aulki eta azterketa gehiago prestatu behar izan zituzten azken unean. Hala ere, sailburuaren hitzetan, prozesuak "segurtasun berme guztiak" bete zituen, eta azterketen zaintza-kateari eutsi zitzaion une oro.
Azterketa azaroaren amaieran deitu zen eta oinarrizko eskalako 150 plaza eskaintzen ditu. Horrela, aurreko deialdian eskaini ziren 473 plazak osatu nahi dira; izan ere, ez ziren guztiak banatu hautagaien % 90ek psikoteknikoan huts egin zutelako.
Zure interesekoa izan daiteke
Tubos Reunidos erosteko interesa duten bost inbertitzaileak sindikatuekin bilduko dira datorren astean
ELAk eta LABek "lidergo handiagoa" eskatu diote Jaurlaritzari, LGS propioa negoziatzeko patronala deitu dezan
SpaceX eta Tesla bat egitea aztertzen ari dira erraldoi teknologiko bat sortzeko, Elon Musken babesarekin
Ardogintza sektoreko sindikatuek mobilizazioak egingo dituzte Arabako Errioxan, hitzarmen baten bila
Albiste izango dira: lehendakariaren bilera ELArekin eta LABekin, fronte hotza eta protestak Frantzian
Lehendakaria ELArekin eta LABekin bilduko da gaur gutxieneko soldata propioaz hitz egiteko
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Gizon bat hil da lan istripuz Bilboko portuan