Beste greba egun bat Tubos Reunidosen, espedientea negoziatzeko batzarrarekin bat eginez
Langileek 24 orduko geldialdia egingo dute astelehenean zuzendaritzari presioa egin eta enplegu-erregulazioko espedientearen baldintzak hobetze aldera.
Tubos Reunidoseko langileek beste greba egun bat deitu dute astelehenerako, hain zuzen ere enplegu-erregulazioko espedientea negoziatzen jarraitzeko langileek eta zuzendaritzak egingo duten bigarren bileraren egunean. Enplegu-erregulazioko espedientearen arabera, 274 langile kaleratuko dituzte Amurrion (Araba) eta 27 Trapagaranen (Bizkaia). Hilaren 17an, negoziatzeko lehen bileran, greba egin zuten, eta gauza bera egingo dute otsailaren 26an eta martxoaren 4an eta 9an, bilerak egingo dituzten egunetan.
Iaz, 71,3 milioi euroko galerak izan zituen Tubos Reunidos enpresak, eta horri azken urteotan pilatutako 250 milioi euroko zorra gehitu behar zaio.
Joan den astean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen Tubos Reunidosentzako etorkizuneko industria proiektu sendo bat babesteko prest dagoela, baina proiektu horren bideragarritasun-plana enpresak bere zorra berregituratu ahal izatearen mende dago, gero eta handiagoa baita.
Zuzendaritzaren proposamena
Tubos Reunidosen Amurrioko eta Trapagarango lantegietako 301 lagun kaleratzea ekarriko duen enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) bideratzeko plana jarri die mahai gainean zuzendaritzak sindikatuei. Besteak beste, 60 urtetik aurre-erretiroa hartzeko aukera eta borondatezko kanporatzeak jasotzen ditu proposamenak.
Enplegu-erregulazioko espedientea iragarri zutenetik, birritan bildu dira zuzendaritza eta langileen ordezkariak.
Enpresaren proposamenak bildutako puntu nagusiak hauek dira:
- Aurre-erretiroak: 60 urtetik aurre-erretiroak hartzeko aukera; 63 urtera arte, soldata gordinaren % 60 jasoko luke langileak, eta adin horretatik aurrera, urteko 20 eguneko kalte-ordaina, eta gehienez 12 ordainsari.
- Behin-behineko langileak: 25 eguneko kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko, eta gehienez 12 ordainsari.
- Borondatezko kaleratzeak: 30 eguneko kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko, eta gehienez 18 ordainsari.
Sindikatuek ez dute ontzat eman zuzendaritzaren proposamena, eta barregarritzat jo dute. Azaldu dutenez, ez dute neurrien gaineko baloraziorik egingo. "Proposamen eskuzabala izango zela esan ziguten, eta ez dugu halakorik ikusi", esan zuen Andres Garcia Tubos Reunidosen Amurrioko langileen batzordearen presidenteak.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela