Tubos Reunidosek aurre-erretiroak eta eta kaleratze hitzartuak eskaini dizkie langileei
Sindikatuek ez dute ontzat eman zuzendaritzaren proposamena, eta barregarritzat jo dute. "Proposamen eskuzabala izango zela esan ziguten, eta dugu halakorik ikusi", esan du Andres Garcia Tubos Reunidosen Amurrioko langileen batzordearen presidenteak.
Tubos Reunidoseko langileen protesta. Argazkia: Europa Press
Tubos Reunidosen Amurrioko eta Trapagarango plantetako 301 lagun kaleratzea ekarriko duen lan-erregulazioko espedientea (LEE) aurrera ateratzeko plana jarri die mahai gainean gaur enpresaren zuzendaritzak sindikatuei. Besteak beste, 60 urtetik aurre-erretiroa hartzeko aukera eta borondatezko kanporatzeak jasotzen ditu proposamenak.
Erregulazio espedientea iragarri zenetik, bigarren aldiz bildu dira zuzendaritza eta langileen batzordea. Amurrioko lantegian 274 aurreikusten dira, eta Trapagarangoan, 27.
Enpresaren proposamenaren puntu nagusiak hauek dira:
- Aurre-erretiroak: 60 urtetik aurre-erretiroak hartzeko aukera; 63 urtera arte, soldata gordinaren % 60 jasoko luke langileak, eta adin horretatik aurrera, urteko 20 eguneko kalte-ordaina, gehienez 12 ordainsaritan.
- Behin-behineko langileak: 25 eguneko kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko, gehienez 12 ordainsaritan.
- Borondatezko kaleratzeak: 30 eguneko kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko, gehienez 18 ordainsaritan.
Proposamen "barregarria"
Sindikatuek ez dute ontzat eman zuzendaritzaren proposamena, eta barregarritzat jo dute. Azaldu dutenez, ez dute neurrien gaineko baloraziorik egingo. "Proposamen eskuzabala izango zela esan ziguten, eta dugu halakorik ikusi", esan du Andres Garcia Tubos Reunidosen Amurrioko langileen batzordearen presidenteak.
Greba-eguna
Gaurko bilerarekin bat eginez, Amurriko plantako langileek greba-eguna deitu dute, eta sindikatuen arabera, jarraipena erabatekoa izan da.
Trapagaraneko lantegian, berriz, langileen batzordeak ez du grebarik deitu, baina bai LAB eta ESK zentralek. Jarraipena % 10 ingurukoa izan dela esan dute deitzaileek.
Hurrengo negoziazio mahaia otsailaren 23rako dago deituta.
Iaz, 71,3 milioi euroko galerak izan zituen Tubos Reunidos enpresak, eta kopuru hori azken urteotan pilatutako 250 milioi euroko zorrari gehitu behar zaio.
Joan den astean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen Tubos Reunidosentzako etorkizuneko industria proiektu sendo bat babesteko prest dagoela, baina proiektu horren bideragarritasun-plana enpresak bere zorra berregituratu ahal izatearen mende dago, kontuan izanik, gainera, koska gero eta handiagoa dela.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela