ENPLEGU ERREGULAZIO ESPEDIENTEA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Tubos Reunidosen Langraiz Okako lantegia likidazioa sartu da

Azken fase hau agintzen duen autoa eskuratu ahal izan du EITBk. 60 bat langile ditu Iruña Okako fabrikak, eta konpainia erosteko dauden bost eskaintzetatik bakar batek ez du egin hura mantentzeko proposamenik. 

Tubos Reunidosen Langraiz Okako lantegia

Iruña Okako lantegiaren kanpoaldea Argazkia: EITB

Tubos Reunidos konpainiak Langraiz Okan (Iruña Oka, Araba) duen lantegia likidazioan sartu da, Gasteizko 7. Auzialdiko Auzitegiko epaileak auto batean agindu duenez. 

Azaroaren 11ko data du autoak, eta bertan likidazio fasea irekitzeko agindua eman du epaileak, maiatzean aurkeztutako hartzekodunen konkurtsoaren baitan. Hala, aurrerantzean PKF ATtes konkurtso administratzaileak bere gain hartuko du lantegiaren kudeaketa osoa, eta likidazioa abiatu. 

Tubos Reunidosek EAEn dituen hiru lantegietako bat da Iruña Okakoa, eta 60 bat langile ditu. Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegietan ez bezala, hartzekodunen konkurtsoan enpresa erosteko aurkeztu diren bost eskaintzetatik bakar bat ere ez da prest azaldu Langraizkoari eusteko. Hori horrela, konkurtso administratzaileak lantegia ixtearen alde egin zuen duela hiru bat aste. Enpresa-batzordeak aukera hori baztertu zuen eta "aukera guztiak agortzea" eskatu zuen "langileak kaleratu aurretik". 

Ingurumari honetan, Amurrioko Tubos Reunidoseko ESK sindikatuak (ELArekin eta LABekin batera enpresa batzordeko gehiengo sindikala osatzen du) oharra kaleratu du argitzeko likidazio fasea irekitzeak ez duela esan nahi lantegia itxiko dutenik eta langileak automatikoki kaleratuko dituztenik. Nabarmendu duenez, "ekoizpen unitateak saltzeko prozesua da jarduerari eusteko aurreikusitako bidea". Hortaz, autoaren aurrean, "pazientzia eta lasaitasuna" eskatu dizkie beharginei, "gehiegizko alarmismoan ez erortzeko". Dena dela, aitortu du "egoera larria eta delikatua" dela, eta "zuhur" jokatu beharra dagoela. 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X