Euria arazoak sortzen ari da, eta hainbat ibaik gainezka egin dute
Euritea arazo handiak sortzen ari da, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Bi lurralde horietan uholdeak izan dira. Araban, ostera, ibaien emaria ez da hain kezkagarria.
Babes zibileko eta udaletako langileak ibaiak zaintzen ari dira minutuz minutu. Bizkaian, Cadagua ibaiak gainezka egin du Gueñesen, Alonsotegin, Balmasedan eta Zallan. Horrela, etxera sartzerik ez duten bizilagunentzako oheak prestatu ditu Zallako Udalak herriko zineman.
Gueñesen, errepidea itxi behar izan dute Zaramillon, Soduperako bidean, bi tokitan. Ostatu eta hotel batean logelak prestatu ditu Udalak, etxetik irten behar izan duten herritarrentzat.
Era berean, Ibaizabal ibaiak gainezka egin du Galdakaon eta Etxebarrin. Adineko lau pertsona zahar-etxetik atera behar izan dituzte Galdakaon.
Gainera, Arratia ibaiak gainezka egin du, eta Artean zenbait ibar hartu ditu urak. Bizkaian, gainerako ibaien emaria ere kezkagarria da. Horrela, zenbait errepide itxi behar izan dituzte ur putzu handiak direla eta, Erandion esaterako.
Bilbon, Udaltzaingoa Ibaizabal zaintzen ari da, oso hazita datorrelako. Itsasadarrak gauean gainezka egitea espero du Bilboko Udalak. Horregatik, ibilgutik gertu aparkaturik dauden ibilgailuak kentzea eta hiriko zonalde garaietara eramatea eskatu du Udalak.
Areatza, Pio Baroja, Albia Dorreak, Izozaki, IMQ eta Zubiarteko aparkalekuetatik autoak ateratzea gomendatu du Udalak. Etxebarria parkean ibilgailuak uzteko zonalde bat prestatu du Udalak.

Cadagua ibaia Guñesen. Argazkia: Iñaki Campo
Gipuzkoa
Gipuzkoan, egoerak okerrera egin du arratsaldean eta zonalde konkretuetan ibai batzuk gainezka egin dute. Debako arroan alerta gorria dago Oñatin, eta alerta laranja San Prudentzion eta Altzolan.
Oriaren eta Urumearen ur-emaria oso handia da. Horrela, Urumeak 4,41 metro hartu ditu Martutene auzoan.
Euri-zaparradek ur putzuak sortu dituzte eta lur-jausiek N-634 errepidea ixtera behartu dute Mendaron.
Bestalde, merkantzia tren bat errailetik atera da 19:30ean, Zumarragan. Renfek zerbitzua ordubete eten behar izan du Zumarraga eta Gabiria artean. Merkantzia arriskutsurik ez zeraman trenak, eta gidaria bidaiari bakarra zen. Tren-gidaria onik atera da.
Araba
Araban, prezipitazioek ez dute hainbeste arazo sortu eta larunbatean bota dezakeen elurra kezka nagusia da. Hala ere, Luiaondo, Gardea eta Okondo arroetan uholdeak izan dira. Era berean, Baia ibaiak gainezka egin du Izarra eta Zuhatzu Kuartango artean.
Gainera, Uribarri Ganboako urtegia husten ari dira, segundoko 40 metro kubiko, euria egiten jarraitzen baldin badu ura hartzeko gaitasun handiagoa izateko.
Nafarroa
Azkenik, Nafarroako Gobernuak alerta maila “0 egoeran” jarri du arratsaldean, Arakil eta Arga ibaien arroetan; izan ere, Nafarroan espero baino euri gehiago bota du.
Larrialdi zerbitzuak Baztan-Bidasoa eta Ega arroak zaintzen ari dira, baina Arakil eta Arga arroak baino ur-emari txikiagoak dituzte. Uholde Arrisku Plan Berezia martxan jarri dute goizean.
Era berean, Iruñeko Udalak larrialdi maila igo du Argaren ur-emariak gora egin eta gero. Segundoko 200 metro kubikoko ur-emaria zuen Argak arratsaldean, hiriburuan.
Nafarroako errepide nagusietan normaltasuna zen nagusi 20:00ak arte, Landabenen salbu. PA-30etik Landaben industrialdera sartzeko bidea itxita dago Arga ibaiak gainezka egin duelako. Zuriainen, N-135 errepidean (Iruña-Frantzia Luzaidetik) , arazoak daude uholdeengatik.
Zure interesekoa izan daiteke
26 urteko emakume bat larri zauritu da Lerinen izandako trafiko-istripu batean
NA-122 errepidean gertatu da ezbeharra. Antza, ibilgailua bidetik atera da eta hainbat itzulipurdi eman ditu.
Maider Etxebarriak hiriko proiektuen balantzea egin du, Andra Mari Zuriaren jaien atarian
"Urte emankorra izan da hiriarentzat", adierazi du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak. Hurrengo erronka Andra Mari Zuriaren jaiak dira. 400 ekitaldi baino gehiago daude programatuta datozen egunetarako.
Jaurlaritzak "erantzukizun argiak" dituen "egiturazko migrazio plana" eskatu die Espainiari eta Europari
Melgosa sailburuaren hitzetan, Ceutan gertatutakoa "oso larria da" eta Eusko Jaurlaritza aspalditik ohartarazten ari den zerbait berresten du: "migrazioak aspaldi utzi zion egoera koiuntural bat izateari".
Ceutara heldutako ehunka migratzaile hondartzan daude, gero eta egoera prekarioagoan
Poliziak Trampolin hondartza inguratu du, migratzaileak hirira irten ez daitezen. Elikagai falta, ur-eskasia eta bildutako pertsonen arteko tentsioa handituz doaz egunetik egunera eta migratzaileen egoera gero eta gogorragoa da, batez ere beren etorkizunari buruzko ziurgabetasuna dela eta.
Gizon bat atxilotu dute Donostian emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta
Erasoa larunbat goizaldean egin zuen, Amarako etxebizitza batean, eta atxiloketa goiz horretan egin zuen Ertzaintzak. Atxilotua epailearen esku dago jada.
Artxandako tuneletako Deustuko tartea bihar irekiko dute berriro
Bizkaiko Foru Aldundiak estaldura, drainatze-sistemak, ebakuazio-galeriak, argiztapena eta gorabeherak detektatzeko sistema automatikoak hobetu ditu. Udazkenean, Salbeko zatiaren txanda izango da.
Gizon bat atxilotu dute Angelun 10 urteko alabari sexu-abusua egitea leporatuta
Erasoak ikasturte barruko oporretan jazo dira, neskatoa aitaren etxean zegoen bitartean. Epailearen aginduz, gizona espetxeratu egin dute, behin-behinean.
Zisterna-kamioiak ura Karrantzara eramaten hasi dira, hornidura bermatzeko
Astelehenetik ostiralera, egunero, 250 metro kubiko eramango ditu foru erakundeak Enkarterriko udalerriko hornidura bermatzen laguntzeko.
Migratzaileak Ceutan sartzea ekintza antolatua izan zen ala ez ikertzen ari da Auzitegi Nazionala
Maria Tardon epaileak aurretiazko eginbideak abiatu ditu, eta Polizia Nazionalari txostena egin dezala eskatu dio, uztailaren 30ean eta 31n Ceutara iritsitako migratzaile kopuru handiak erakunde kriminal batek hitzartutako edo zuzendutako jarduera izan ote zen argitzeko.
Babeslekurik eta janaririk gabe: migrazio-krisiak gainezka utzi du Ceutako migrazio-zentroa, eta GKEak ere gainditu egin ditu
Atzerritarrentzako Aldi Baterako Egonaldi Zentroa gainezka dago azken egunotan. Marokotik zein Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetatik —Sudanetik eta Txadetik, besteak beste— iritsitako ehunka migratzaile Trampolin hondartzan eta migrazioa-zentroaren kanpoaldean daude zain, tokirik ez dutelako. Bien bitartean, migrazio-presioak GKEak ere gainditu egin ditu. Haien lehentasuna iritsi zirenetik jan barik dauden migratzaileei janaria ematea da, eta, gainera, haien eskubideei buruzko informazioa ematen diete.