43 urteko emakume bat hil da Villabonan, zirkulazio istripu batean
Emakumezko bat (43 urtekoa eta Errenteriako bizilaguna) hil da Villabonan (Gipuzkoa), bere autoak aurkako noranzkoan zihoan kamioi baten aurka talka eginda.
Ibilgailu astunaren gidaria atxilotu egin dute, arduragabekeriaz egindako homizidio delitua egotzita. Gainera, EiTBk jakin ahal izan duenez, gidariak baimendutako alkohol-tasa gainditu du.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, ezbeharra bart jazo da, 22:50ean, N-1 errepidean.
Talkaren ostean, kamioia irauli egin da, eta autoak su hartu du. Suhiltzaileek bi gidariak erreskatatu behar izan dituzte. Kamioiarena Donostia Ospitalera eraman behar izan dute, baina autoarena dagoeneko hilik zegoen. Gorpua Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko.