Milaka pertsona bildu dira Madrilen indarkeria matxistaren aurka
Milaka pertsonak zeharkatu du gaur Madrileko hirigunea emakumeen aurkako indarkeria buka dadila eskatzeko, baina baita arazo hori estatu-auzi bihur dezatela eta eskubide-urraketa hori bikote harremanen barruan zein kanpo ematen dela onar dezatela eskatzeko ere.
Gaurkoa gai horren gainean Mugimendu Feministak eta herrialdean zehar mugimendu hori babesten duten 300 erakundek baino gehiagok deituta Estatuan egiten den lehendabiziko manifestazio handia da. Antolatzaileen aburuz, "arrakasta garbia izan da", eta matxismoaren zapalkuntzaren aurrean, emakumeak ez direla isilik geratuko adierazten duen adibidea.
Manifestazioaren buruan, "indarkeria matxistaren aurrean, mugimendu feminista" zioen pankarta bat irakur zitekeen. Genero indarkeria estatu arazo izendatzeko eskatuko dute martxaren deitzaileek eta, zehazki, 2004ko legea aldatzea eta bertan emakumeen kontrako indarkeria molde guztiak jasotzea; ez bikoteen testuinguruan gertatzen direnak bakarrik.
Madrilgo Mugimendu Feministak eta gaurko martxa antolatzeko sortutako batzordeak emandako datuen arabera, estatu espainiarreko 450 talde feministek bat egin dute gaurko deialdiarekin. Horiez gain, manifestazioari beren atxikimendua eman diote alderdi politikoek (PP, PSOE, Ciudadanos, Podemos, IU, UPyD, Equo), sindikatuek, giza eskubideen babeserako hainbat erakundek eta genero berdintasunaren aldeko gizonen elkarteak.
Manifestazioa eguerdian abiatu da Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren paretik, Prado pasealekuan, eta, Madrilgo kaleak zeharkatu ondoren, Espainia plazan amaituko da.
Espainiako Osasun Ministerioaren parean manifestu bat irakurri dute deitzaileek eta, besteak beste, 2004ko legea aldatzea eta bertan emakumeen kontrako indarkeria mota guztiak jasotzea eskatzen dute; ez soilik bikotekideen edota bikotekide ohien artean gertatzen direnak.
Genero indarkeriaren auzian Alderdi Popularrak duen jarrera salatu dute deitzaileek; izan ere, horien esanetan, "hainbat lege aldatu ditu eta adin txikikoak genero indarkeriaren biktimatzat aitortu ditu, baina genero indarkeriari aurre egiteko aurrekontua % 26 murriztu du Gobernu ordezkaritzak. Halaber, iaz Istanbulgo Hitzarmena sinatu bazen ere, ez da inolako erreformarik izan".

"Indarkeria matxistaren aurkako borroka Estatuaren lehentasuna izatea eskatzen dugu (...). Inguru hurbilean gertatzen ez den bitartean, jendea ez da kalera ateratzen. Uste dute ez zaiela beraiei, inoiz, horrelakorik gertatuko", adierazi du batzorde antolatzaileak. Hori da gaurko mobilizazioaren aldarrikapen nagusia, hots, genero indarkeriaren kontrako borrokan gizarteko estamentu guztiak eta hiritar guztiak murgiltzea. Manifestazioaren hasieran, manifestu bat irakurriko dute bost hizkuntzatan eta, besteak beste, legea aldatzea eskatuko dute bikote harremanetatik kanpoko erasoak ere barne hartzeko (sexu erasoak, sexu organoen mutilazioa)
"1995az geroztik 1.392 emakume hil dira indarkeria matxistaren ondorioz. Aurten, 84 emakume hil dituzte eta, 2015eko udan bakarrik, 37 emakume eta 8 adin txikiko hil dituzte horien bikotekideek edota gurasoek. Emakumeek eta adin txikikoek hainbat modutan pairatzen dute indarkeria patriarkala eta hau izebergaren punta baino ez da", salatu dute.
Manifestazioaren amaieran, Espainia plazan, bigarren aldiz irakurriko dute dokumentua. Bestalde, ibilbidean zehar hainbat ekitaldi egingo dituzte, hala, Cibeles plazan loreak eta lazo beltz zein moreak jarriko dituzte.
Manuela Carmenak eta Ada Colauk soluzioak eskatu dituzte
Manuela Carmena eta Ada Colau Madrilgo eta Bartzelonako alkateek bakearen kultura defendatu dute genero indarkeriaren aurrean eta soluzioak eskatu dituzte, horien esanetan, ezin delako onartu emakumeenganako indarkeriak erantzunik ez izatea.
Carmenaren esanetan, gaurko manifestazioa "kontzientziazio, aldarrikapen eta eskaera ekintza bat da" eta egoera horrek ezin duela horrela jarraitu esateko ekitaldia.
Bestalde, Ada Colauren iritziz, indarkeria matxista estatuko egiturazko arazoetako bat da eta erakundeen agendetatik at dagoela salatu du. Bartzelonako alkateak ziurtatu du arazo horri erantzuna ematen saiatzen ari direla hiritarren hautagaitzak agintzen diren udaletan, batez ere, prebentzioan, hezkuntzan eta kulturan dirua jarrita.
Manuela Carmena eta Ada Colau. Argazkia: EFE
Tratu txarren kontrako "itun soziala" proposatu du PSOEk
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak ziur dago abenduaren 20tik aurrera genero indarkeriari aurre egiteko estatu, gizarte eta erakunde ituna gidatuko duela.
Abenduaren 20ko hauteskundeak irabaziz gero, genero indarkeriari aurre egiteko politiketara diru gehiago bideratuko duela ziurtatu du. Hala, udaletan indarkeria matxistari aurre egiteko diru funtsa eratzea, justiziara diru gehiago bideratzea eta genero indarkeriaren kontrako borrokaren bulegoari baliabide gehiago ematea proposatu du.
Genero indarkeriaren kontrako borrokan murrizketak egitea ukatu du PPk
Andrea Levy Alderdi Popularreko Ikerketa eta Programa idazkariordeak ukatu egin du haren alderdiak genero indarkeriaren kontrako borrokan murrizketak egin dituenik eta Rajoyren gobernuak arlo horretan egindako kudeaketa defendatu du.
"Genero indarkeriaren biktima bat dagoen bitartean ez da inoren arrakasta izango eta, beraz, bat egin behar dugu eta genero indarkeria pairatzen duten emakumeei babesa eman", nabarmendu du.
Pablo Iglesiasek dio Rajoyk ez duela neurria eman genero indarkeriaren aurkako borrokan
Podemos alderdiko idazkari nagusi Pablo Iglesiasek gaur baieztatu duenez, Mariano Rajoyren Gobernuak ez du egoerak eskatzen zuen neurria eman genero indarkeriaren aurkako borrokan; horrez gain, PPk esparru horretan egindako murrizketak kritikatu ditu.
"Ezin daiteke murriztu, murrizketa gehiagorik ez", adierazi du kazetarien aurrean manifestazioan zehar. Iglesiasek ukatu egin du gaurko ekitaldia alderdikoia izatea, eta nabarmendu egin du argi geratu behar dela "nor dagoen emakumeen alde eta nor ez".
Tratu txarren gainean ituna bultzatzeko Sanchezen proposamenaren harira, estatu ituna baino, "gizarte itun zabala" lortzearen alde mintzatu da Pablo Iglesias Podemoseko buruzagia; lege asko aldatu behar direla argudiatuta.
Iglesiasen esanetan, "askotan hitz potoloak jartzen dira imajinarioetan, baina gero, neurriak hartzerako garaian, ez dago behar den ausardiarik".
Garzon: "Batez ere bizitzaren ikuskera feminista baten alde borrokatzen ari gara"
Gobernuko presidentea izateko Ezker Batua alderdiaren hautagai Alberto Garzonek azaldu du biolentzia matxistaren kontrako manifestazioaren xedea edozein genero indarkeriaren aurka borrokatzea dela, baina, batez ere, bizitzaren ikuskera feminista baten alde borroka egitean datzala.
Zure interesekoa izan daiteke
Uharteko bizilagunak haserre, herriko apaizak Ceutako migrazio-krisiari buruz egindako adierazpenengatik
Uharteko (Nafarroa) biztanleak haserre daude Javier Aizpun herriko parrokoarekin, X sare sozialean (lehengo Twitter) migratzaileak Ceutara iristeari buruz zabaldu zituen mezuengatik. Kritiken ostean, apaizak barkamena eskatu du eta bere kontua ezabatu du. Argitalpenetako batean, apaizak zioen "Rabat bonbardatu" egin behar dela, Marokoren aurkako neurri gogorrak ezartzearen aldeko hainbat mezurekin batera. Aizpunek adierazi zuen, halaber, suarekin erantzun beharko litzaiekeela Ceutan sartzen saiatzen diren migratzaileei, eta Maroko "errekonkistatzea" proposatu zuen, haren hitzetan, "jatorrizko Espainia" berreskuratzeko, Erromatar Inperio garaiko Hispaniari erreferentzia eginez.
Nola ikusiko da eguzki-eklipsea zure herritik? Kontsultatu hemen fenomeno historikoari behatzeko mapak
Ilargiak erabat ezkutatuko du Eguzkia 2026ko abuztuaren 12an: Euskal Herrian 2183. urtera arte ez da berriro ikusiko horrelako fenomenorik. Eguzki-eklipse osoa ilunabarrean hasiko da, eta egunak "bi ilunabar" izango ditu. Eklipsea Orain.eus-en bidez zuzenean jarraitu ahal izango da.
Perez-Iglesias: "Eklipsea ikusiko den lekuetan milioi bat bisitari izango dira"
Eklipsea etxetik gertu eta urrun joan gabe ikusteko gomendioa egin du sailburuak. Milaka betaurreko banatu dituzte iada mugarritzat jo duen fenomenoa ikusteko. Pozik agertu da eklipseak zientzia plazara eramateko balio izan duelako.
Kolon eta ondesteko minbiziaren baheketak erdira murriztu du hilkortasuna Euskadin
Biogipuzkoako eta EHUko ikertzaileak buru ditu ikerketak eta JAMA Network Openen argitaratu dute. Horren arabera, kolon eta ondesteko minbiziaren baheketaren programak % 50 murriztu du hilkortasuna 50 eta 69 urtekoen artean, bi hamarkadatan.
2.200 bat emakumeri eraso die gizon bikotekideak edo bikotekide ohiak, Euskadin, 2026ko lehen seihilekoan
Emakunderen arabera, % 7 igo da 2025aren aldean. Familia barruko indarkeriaren biktimen kopurua % 20 hazi da Araban, eta erasoa jasan duten biktimen kopurua % 10 igo da Gipuzkoan.
Bi pertsona zauritu dira A-8an, trafiko-istripu batean, Muskiz parean, Kantabriarako noranzkoan
Istripua bi kilometroko auto-ilarak eragin ditu. Kantabriarako zirkulazioa 236. irteeratik bideratzen ari da.
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoa pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak utzi ditu
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak aipatuta, "giza duintasunak pasaporterik ez" duela esan du.