1.629 kilo haxix atzeman dizkiote Euskaditik ari zen sare bati
Errioxako Guardia Zibilak 1.629 kilo haxix (10 milioi euroko balioa dute) atzeman dizkio Euskaditik aritzen zen droga trafikatzaile sare bati, eta hiru lagun atxilotu ditu Durangon, Azkoitian eta Logroñon. Droga Zornotzako biltegi batean ezkutatzen zuten, eta handik, Espainiako Estatuko iparraldean banatzen zuten.
Hiru lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Durangon, Azkoitian eta Logroñon. Zehatz esanda, 68 urteko Logroñoko kamioilari bat, 53 urteko azkoitiarra eta 36 urteko durangar bat dira atxilo hartutakoak. Hirurei osasun publikoaren kontrako delitua eta gaizkile taldeko kide izatea egotzi diete. Hirurek aurrekariak dituzte.
Ikerketaren arabera, droga Marokotik Malagara eramaten zuten planeatzeko hegazkin bat erabilita, eta handik, kamioi batean, Zornotzan zuten biltegi batera.
Droga trafikoaren kontrako beste operazio batzuetan atzemandako dokumentazioari esker, Logroñoko kamioilari baten harian jarri ziren Guardia Zibileko agenteak. Garraiolariak ba omen zekien nola ezkutatu droga kamioi barruan, eta ibilbide seguruenak ezagutzen ei zituen. Bidaia bakoitzeko 30.000 euro kobratzen zituen kamioilariak.
Hainbat hilabetez zelatan egon zen Guardia Zibila. Horri esker, sarearen beste bi kideen berri izan zuen, Azkoitiko eta Durangoko bi lagunak, alegia. Horiek egiten omen zuten haxixa erosteko prozesua Marokon aritzen zen beste sare bateko kideekin.
Kamioilariak kontserba pote ugari erosi zituela jabetu ziren agenteak, eta droga bertan sartuko zuen susmoa hartu zuten. Kamioia martxoaren 21ean atera zen Malagako biltegitik, eta egun horretan bertan atxiki zuten kamioilaria, Quintanapalla parean (Burgos).
Zure interesekoa izan daiteke
Aita Mennik 1., 2. eta 3. solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Migratzaileen aurkako tentsioak gora egin du Ceutan, Negu Gorriaken aurkako protesta batean