Gueñeseko hiru etxebizitza jendez hustu dituzte sute baten ondorioz
Zazpi pertsona euren etxeetatik atera behar izan dituzte gauean Gueñesen (Bizkaia), gertu duten txabola batean sute bat piztu ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Garrak amatatzeko lanetan botatako urak hiru etxebizitzari eragin die, eta bertako bizilagunak atera dituzte. Zazpiek senitartekoen etxean eta hoteletan eman dute gaua. Ez da inor zauritu.
Garrak Gueñeseko Iorgi auzoko txabola batean piztu dira, asteazkeneko 22:30 aldera. Teilatuak egurrezko egitura zuenez, arin zabaldu da sua, eta suhiltzaileek botatako urak ondoan dauden hiru etxebizitzari eragin die.
Etxetik aterarazitako zazpi pertsonek senitartekoen etxean eta hotel batean eman dute gaua.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, sua zergatik piztu den argitzeko.