Frankismoaren krimenen aurkako manifestua sinatu dute hainbat udalek
Ostegun honetan, urriak 27, frankismoaren krimenen aurkako manifestua sinatu dute Gasteiz, Iruñea, Zaragoza, Coruña, Bartzelona eta Cadiz hirietako alkateek eta udal-ordezkariek. Biktimentzat “egia, justizia eta ordaina” eskatzen duen manifestuaren sinadura-ekitaldia Iruñean egin dute eta, Frankismoaren krimenen aurka jarritako kereilaren sustapena ez dela “mendeku asmoan” oinarritzen gogorazi dute.
Manifestua sinatu duten udalerriek agerian utzi dute “borondate irmoa” dutela jarritako kereilekin hasitako bidetik amaiera arte jarraitzeko. Era berea, udalerrien artean “lankidetza eta elkartasun harremanak bultzatzeko borondatea” erakutsi dute.
Ildo horretatik, manifestu hori sinatu duten udalerriek Estatu osoko gainerako udalerriei eskua luzatu diete bat egin dezaten. Manifestu horren bidez, “azken hamarkada hauetako inpunitatea amaitzea eta krimen frankisten aurrean egia, justizia eta ordaina” eskatu nahi dute.
Agiria 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarrari buruzko testu batekin hasten da, eta hortik frankismoaren bukaera arte jarraitzen du, betiere azpimarratuz egia, justizia eta ordaina aldarrikatzeko beharra “ehun milatik gora fusilatu eta desagertuentzat, zeinei diktadura garaian beste ehunka mila gehitu behar zaizkio: erbesteko bidea hartzera behartuak, esklabotasun baldintzetan bortxazko lanak egitera makurtuak, emakume atxilotuak, torturatuak edo zeini seme-alabak kendu zizkieten espetxe, klinika eta amaetxeetan”.
Manifestua sinatu ondoren, Joseba Asiron Iruñeko alkateak esan du frankismoaren garaian “errepresio bortitza” egon zela Nafarroan. Ondorioz, 306 iruindar hil zituzten eta 1.014, gutxienez, kartzelaratuak izan ziren.
Beste alde batetik, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esan du biktima guztiek merezi dutela tratu bera, denei bizitzeko eskubidea urratu zaielako. Ildo horretatik, babesa eman die biktima guztiei.
“Ez gaitu mendekuak bultzatzen, biktimen aitorpena baizik, bereziki 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako biktimei dagokienez. Haiek biktimatzat aitortzea eta terrorismoaren biktimei ematen zaien tratu bera izatea nahi dugu. Horrela baino ez dugu egia ezagutuko, eta haiei duintasuna itzuliko”, gaineratu du Urtaranek.
Sinadura-ekitaldiaren ostean udal horietako ordezkariek paseo bat eman dute Ziudadelan barrena, eta 1936ko kolpe militarraren ondorioz Iruñean fusilatutakoen omenez dagoen plaka bisitatu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak asteartean onartuko ditu Urdako istripuaren biktimentzako laguntzak
LZB sistemak partzialki huts egiten duenean zirkulazioa orduko 40 km-ra mugatzea proposatu du Renfek
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko