Kamioilari bat hil da Tafallan izandako istripu batean
Kamioilari bat hil da astelehen arratsaldean AP-15 errepidean, Tafalla parean, izandako istripuan.
Matxura bategatik bidean geldituta zegoen beste kamioi batekin egin du talka, eta, bolante-kolpea jo ostean, irauli egin da. Kamioilaria barruan harrapatuta geratu da.
SOS Nafarroa larrialdi zerbitzuak 17:51n jaso du abisua. Nafarroako Gobernuaren helikopteroa ezbeharra gertatu den tokira joan da, baina, tamalez, kamioilaria bertan hil da.
Biktimak 46 urte zituen, eta Badalonakoa (Bartzelona) zen; onik atera den kamioilariak, berriz, 48 urte ditu, Alacantekoa da eta Valentziara bidean zihoan.
Iruñeko eta Tafallako patruilak, suhiltzaileak eta Tafallako mediku-taldea ere bertaratu dira istripuaren tokira, baina ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko.