Hiru gizon atxilotu dituzte Bizkaian, 60 kilo haxix zituztela
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen ostegunean Bizkaian, droga-trafiko delitua leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak larunbat honetan jakitera eman duenez, polizia-operazio horretan 60 kilo haxix atzeman zizkieten susmagarriei.
Antza denez, atxilotutako lagun batek ezkerraldeko hainbat lekutan (Barakaldo, Sestao edota Portugalete) saltzen zuen haxixa. Hala, merkatalgune handietako aparkalekuetan autoa gelditu eta droga erosleekin harremanetan jartzen omen zen.
Ostegun arratsaldean susmagarriaren autoa atzeman zuten ertzainek. Une horretan, beste auto bateko bi bidaiarirekin hitz egiten zegoen gizona, Leioan dagoen aparkaleku publiko batean.
Une horretan, hiru lagunak autotik atera ziren eta bi autoetako maletategiak ireki zituzten. Horietako ibilgailu batean, neurri handiko poltsak atzeman zituzten, droga auto batetik bestera eramateko prest.
Jarraian, ertzainak haiengana hurbildu eta Polizia gisa identifikatu zuten haien burua. Orduan, susmagarri batek ihes egiten ahalegindu zen, lasterka hasi eta telefono mugikorra errepidera bota ostean. Alabaina, metro batzuk korrika egin ostean gizonezkoa atxilotzea lortu zuten ertzainek.
Ondoren egindako miaketan, Peugeot ibilgailu baten maletategian 60 kilo haxix zeramaten poltsak aurkitu zituzten, gehienak kilo bateko poltsa txikiagoetan banatuta. Hiru gizonei droga-trafiko delitua egotzi diete.
Zure interesekoa izan daiteke
Jendetza bildu da hirugarren larunbatez Baionan, bizitzaren garestitzea salatzeko
Euskadiko sahararrak ospakizun betean, NBEk Minurso misioa berritzerik izan ez duelako
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean