Udaltzaingoak desegin egin du Areatzan migratzaileei elkartasuna agertzeko kanpaldia
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak migratzaileei elkartasuna adierazteko eta horiei harrera egiten dieten erakundeek dituzten gabeziak salatzeko Areatzan egiten ari ziren kanpaldia desegin egin du bart Bilboko Udaltzaingoak.
Guztira, 100 pertsona inguru zeuden Areatza aldean, eta atzo hasi eta asteazkenera arte bertan kanpaldia egiteko asmoa zuten.
Gaueko hamarrak jo baino lehenago, baina, udaltzainak bertaratu ziren eta kanpaldia desegin zuten.
Plataformak salatu duenez, alde egiteko gonbita egin zieten lehenengo eta kanpadendak kendu zizkieten gero.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak azaldu duenez, migratzaileei elkartasuna adierazteko eta erakundeek iragarritako neurriak nahikoak ez direla salatzeko ekimena zen.
Kanpaldia egiteko baimena bazutela eta manifestariek udaltzainei aurre egin ez zietela azpimarratu dute.
"Adierazpen askatasunaren eta manifestaziorako eskubidearen kontrako eraso zuzena izan da; eta Udalaren eskumenak gehiegikeriaz erabili dituzte", salatu dute.
Aburto: "Bilkura egiteko baimena zuten, ez kanpaldia egiteko"
Bestalde, Juan Mari Aburtok aitortu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren baimena bazuela, igande arratsaldetik asteazkenera arte elkarretaratzea egiteko.
"Alde horretatik ez dago ezer esaterik, biltzeko eta elkarretaratzea egiteko eskubidea zuten", erantsi du.
Alabaina, elkarretaratzea eta kanpaldia gauzak ezberdinak direla adierazi du Aburtok. "Bide publikoa okupatu zuten eta dendetan pertsonak zeuden lotan; osasunari eta higieneari lotutako neurriak bermatu behar dira, baita pertsonen duintasuna bera ere, eta horretarako Udalaren baimenik ez zutenez, bide publikoa horrela okupatu ezin zezaketela esan zitzaien", azaldu du.
Aburtok esan du ez duela polemikarik piztu nahi eta gerratik edo miseriatik ihesi doazen migratzaileei eman beharreko laguntza kudeatzea konplikatua dela.
"Migratzaileei laguntzeko beste modurik badago, gu aukera horiek aztertzeko prest gaude, baina une honetan Bilbon erabiltzen dugun arreta-eredua soilik ezagutzen dugu", ziurtatu du astero Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta gizarte eragileek egiten duten koordinazio bilerei aipu eginez.
"Neurri berriak hartu beharko balira, Udala neurri horiek aztertzeko eta abian jartzeko prest egongo litzateke", agindu du Bilboko alkateak.
Zure interesekoa izan daiteke
Kaltzadako bizilagunek bitartekaritza eskatu dute, euren etxebizitzen jabe den funtsaren "abusuzko prezioen" aurrean
Sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati bikotekidea bortxatzeagatik eta etengabe tratu txarrak emateagatik, Nafarroan
Indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko akordioak 25 urte bete ditu
Urdako tren istripuaren biktimen aldeko hileta elizkizuna azaroaren 12an egingo dute Toledoko katedralean
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyon partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak