Abusuengatik 11 urteko kartzelaldia ezarri diote Gazteluetako irakasle ohiari
Bizkaiko Auzitegiak 11 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Gaztelueta (Leioa, Bizkaia) ikastetxeko J.M.S. irakasle ohiari, sexu-abusuen delitu jarraitua egotzita. Gazte batek hezitzailea salatu zuen mutiko zela (2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan, artean 12 eta 13 urte zituela) abusuak egin zizkiolako. Epaiketa urrian izan zen, eta gaur, ostegunarekin, atera da epaia. Ez da irmoa, eta Auzitegi Gorenean helegitea jar daiteke.
Fiskaltzak egindako zigor-eskaeratik urrun dago ezarritako zigorra. Izan ere, erakunde publikoak hiru urteko espetxealdia galdegin zuen, baina gaur egungo Zigor Kodea kontuan hartuta, 20 hilabeteko ordezko zigorra ere planteatu zuen. Azken ondorioetan argudiatu zuenez, maisuak adingabeari sexu-abusu jarraituak egin zizkiola frogatuta geratu zen epaiketan, baina abusu larrienak egiaztatu ezin izan zirela.
Akusazio partikularrak, gaztearen abokatuek, 10 urteko kartzela-zigorra eta 14 urteko beste ordezko bat (nagusitasunaz eta konfiantzaz abusatzea astungarri gisa kontuan hartuz gero) eskatu zuten. Defentsak, berriz, absoluzioa.
Azkenean, 11 urteko kartzela-zigorra ezartzea ebatzi du Auzitegiak. Horrez gain, beste horrenbeste urteko gaitasungabetzea eta 15 urtez biktimarengana ez hurbiltzeko agindua ezarri dizkio auzipetuari.
70 orrialdeko epaiak frogatutzat jo du irakasle ohiak ikasleari egindako sexu-abusu jarraituak.
Biktimak bi ikasturte horietan jasandako abusuak kontatu zituen epaiketan. Bertan aitortu zuenez, bere buruaz beste egitea ere pentsatu zuen hainbatetan, eta lehenago ez kontatzeagatik "lotsa eta errua" sentitu zuen.
Irakasle ohiak, ordea, akusazio guztiak ukatu zituen. "Ez dut sekula inorekin halakorik egin", esan zuen. Dena dela, epaiketan aditu gisa deklaratu zuten psikologoek eta psikiatrek berretsi zutenez, biktimaren kontakizuna egiazkoa izan zen, "koherentea" eta "kontraesanik gabekoa" izan zelako.
Gaztearen familia, "pozik"
Lehen balorazio batean, epaiarekin "pozik" agertu da Juan Cuatrecasas, biktimaren aita. Hala, Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, semeari barkamena eskatzeko eta biktima moduan aitortzeko eskatu dio Opus Deiko ikastetxeko zuzendaritzari. "Urte hauetako borrokak merezi izan du", erantsi du.
Ildo beretik mintzatu da Leticia de la Hoz familiaren abokatua ere. Horren ahotan, "justizia egin da" auzi honetan, gazteak "jasandako mina konpentsatu, erreparatu edo indemnizatuko" duenik ez dagoen arren:
Gaztelueta: "Lur jota gaude"
Gaztelueta ikastetxeak agiria kaleratu du epaiaren berri izan eta ordu gutxira. 'Gaztelueta auzia' izeneko webgunean eskegitako ohar batean, zuzendaritzak dio "lur jota" dagoela, baina epaia onartzen duela.
Horren hitzetan, ikastetxeak "beti" ikusi du begi onez justiziaren esku sartzea kasu honetan, baina "aurrez auzia aztertu duten instantziek akusazioak atzera bota" zituztela gogorarazi du.
Balizko helegiteen aurrean, justiziari "laguntzen jarraituko" duela zehaztu du Gazteluetak.
Azkenik, "adingabeek jasan ditzaketen abusu edo jazarpen kasuen aurrean irmo borrokatzen" jarraituko dutela azpimarratu du Opus Deiren ikastetxeak.
Epaia errekurrituko du irakasle ohi zigortuak
“Ahal duen bitartean” epaia errekurrituko duela iragarri du Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohi zigortuak.
Komunikabideei igorritako gutunean, “zalantzarik gabe”, bere bizitzako “unerik gogorrena” izaten ari dela aitortu du zigortuak. “Ebazpen judizial baten ondoren ni sinestea zaila dela ulertzen dut, baina ez dizkiot sekula inori sexu-abusuak egin, egia hutsa hori da“, ziurtatu du.
Azken urteak “nahigabeturik” eman dituela azaldu du irakasle ohiak, akusazio “faltsuen” aurrean, “hurbilekoek eta maitatuek zalantzak” izango zituztenaren jakitun zelako. “Egoera beldurgarri honetan, epaiketan pentsatzeak nolabaiteko itxaropena eman zidan”, erantsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat hil da Lizarran, balkoi batetik erorita, Poliziarengandik ihesi zihoala, genero-indarkeria kasu baten ostean
Ikerketaren arabera, hildakoa laugarren solairutik erori da balkoi batetik bestera igarotzen saiatzen ari zela, agenteak Santiago plazako etxebizitza batera iritsi direnean. Bertan, emakume batek eraso baten berri eman du. Auzia sekretupean dagoenez, ez dute emakumearen egoeraz informatu.
Uharteko parrokoak "Rabat bonbardatzea" eta migratzaileei suarekin erantzutea proposatu du
Javier Aizpun apaizak hainbat mezu argitaratu ditu X sare sozialean Ceutako migrazio krisiaren inguruan, eta Marokoren eta migratzaileen aurkako muturreko neurri gogorrak proposatu ditu.
Zuzenean: Zeledonen igoera
Jarraitu zuzenean Zeledonen igoera Joseba Olagarai eta Josu Pedruzoren kontakizunarekin.
Zuzenean: Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera
Jarraitu zuzenean Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera, Ilaski Serranoren eta Josu Pedruzoren komentarioekin.
Poliziak duela 16 urte Fiteroko monasteriotik lapurtutako egurrezko erliebe bat berreskuratu du
Fiteroko Santa Klara Monasterioko aldare nagusian zegoen, eta handik hartu zuten duela 16 urte. Zizelkatutako egurrezko erliebea herriko apaizari eman zaio.
Zuzenean: Zeledonen jaitsiera
Andre Maria Zuriaren jaiak 18:00etan hasiko dira, Zeledonen jaitsierarekin. Baskoniak botako du txupinazoa aurten. EITBk zuzenean emango du ospakizunen hasiera, 17:30etatik aurrera.
Zuzenean: Zeledonen jaitsiera
Gasteizko jaiak gaur hasiko dira, 18:00etan. Zeledon jaitsiko da eta Baskoniak txupinazoa botako du. EITBk zuzenean emango du ospakizunen hasiera, 17:30etik aurrera.
San Mamesko metro geltokia berriz ireki dute, sarrerako eskaileretan sutea piztu ostean
Suhiltzaileak metroaren sarreran izan dira lanean. Dirudienez, eskailera mekanikoetan batu den hautsagatik sortu da sutea eta ketza sortu da.
Artxandako tuneletako Deustuko tartea ireki dute
Bizkaiko Foru Aldundiak estaldura, drainatze-sistemak, ebakuazio-galeriak, argiztapena eta gorabeherak detektatzeko sistema automatikoak hobetu ditu. Udazkenean, Salbeko zatiaren txanda izango da.
Andre Maria Zuriaren jaietako ezin galduko 5 ekitaldi
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiez gozatzeko prest? Hemen, galdu ezin dituzun 5 ekitaldi proposatzen dizkizugu.