Ospitaleek baino larrialdi gehiago artatu zituzten iaz osasun etxeek, estreinakoz
Azken hamar urteetan % 55 hazi da osasun etxeetako arreta zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan. Horrek esan nahi du, pixkanaka, osasun baliabideei behar bezalako erabilera ematen ari direla herritarrak.
2018an ia bi milioi larrialdi kasu egon ziren: 5.000 inguru, egunean. Horietatik 973.508 anbulatorioetan artatu zituzten; gainerako 956.354 kasuak, berriz, ospitaletan. Horrenbestez, osasun etxeetan artatutakoak gehiago izan ziren ospitaletakoak baino. Aipatzekoa da, 100 larrialditik 8 baino ez dituztela ospitaletara bideratzen, osasun etxeetan artatzeko arazoak tarteko.
Horiek dira, hain zuzen, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak ostiral honetan emandako datuetako batzuk. Andoni Arcelay Osasun Arretako zuzendariarekin batera, 2018ko balantzea aurkeztu du Diegok.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, programatutako 145.504 ebakuntza egin zituzten iaz, hots, duela hamar urte baino % 45 gehiago eta 2017an baino % 3,7 gehiago.
Txosten horren arabera, 65 urtetik gorako pertsonen kasuan, iaz 71.603 ebakuntza egin zituzten; hau da, programatutako ebakuntzen erdiak. Beraz, adin tarte horretako pertsonei egindako ebakuntzek % 12,9ko hazkundea izan dute azken bost urteetan.
Kontrara, ospitaletan geroz eta denbora gutxiago egoten dira gaixoak. Horrek, baina, ez du pazientearen osasunean eragin negatiborik. Oso gutxi dira, baita, alta eman eta 30 eguneko epean berriz ospitaleratzen dituzten lagunak. Alegia, ospitaletako egonaldiak laburtzeak ez du horretan eraginik izan.
Bestalde, ebakuntzetarako itxaronaldi tartea luzeagoa izan zen 2018an aurreko urtean baino: 49,1 egun. Halaber, hazi egin zen ebakuntza egiteko zerrendan zeuden gaixoen kopurua.
Ohikoa denez, traumatologia da itxaronaldi luzeenak sortzen dituen espezialitatea: batezbeste 58,3 egun (2017an baino egun bat eta erdi gutxiago). Arcelayren hitzetan, biztanleriaren zahartzearekin du zerikusia horrek.
Nolanahi dela, Osakidetzako zuzendari nagusiak argi utzi du ebakuntzetarako itxaronaldi baxuena duen autonomia erkidegoa dela EAE.
Zure interesekoa izan daiteke
Topo berriak bere lehen bidaia egin du, herritarrei ateak ireki baino 72 ordu lehenago
Auzitegi Nazionalak onartu egin du bi emakumek Julio Iglesiasen aurka sexu erasoagatik jarritako kereila
Nafarroako Gobernuak berriz lizitatuko du Belateko tunela amaitzeko lanen idazketa eta zuzendaritza, 1,7 milioi euroan
Sutea piztu da Lasarteko Zapategi kaleko etxebizitza batean
GTA VI argitaratzearekin batera, handitu egin da lanera joango ez diren beharginen kopurua
Bi adin txikiko eta bi emakumez osatutako familia bat etxegabetu dute Santutxun