Pederastia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eliza legearen gainetik dagoela salatu dute sexu-abusuen biktimek

Halaber, sexu gehiegikeria kasuetan Espainiako Gobernua Eliza babesten ari dela salatu dute. Horrelako delituak ez preskribatzeko eskatu dute gaur Kongresuan.
Sexu-abusuen biktimak Diputatuen Kongresuan.
Sexu-abusuen biktimak Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE

Pederastiaren biktimek sexu-abusuei lotutako delituak ez preskribatzeko eta Elizari aurre egiteko eskatu diete gaur talde parlamentarioei. Eskaera hori babestuz, 520.000 atxikimendu aurkeztu dituzte Diputatuen Kongresuan.

Horrez gain, Espainiako Gobernuaren jarrera gogor salatu dute, Elizari "mesede tratua" ematen diola eta instituzio hori "legearen gainetik" ezarri duela leporatuz.

Miguel Angel Hurtado biktimen bozeramaileak esan du politikariek entzungor egiten dutela elkarteek egindako eskarien aurrean.

"Txilen esaterako, Fiskaltza gotzaingoak miatu, dokumentuak bildu eta Elizak irekitako diziplina espedienteen informazio exijitzen ari da. Bitartean, hemen, Dolores Delgado Justizia ministroak Elizari baimena eskatzen dio zenbat sexu-abusu kasu dauden jakiteko. Mesede tratua ematen diote Elizari", kritikatu du.

Hurtadoren iritziz, politikariei "balentria falta" zaie Elizari aurre egiteko, eta jarrera horrekin "Eliza legaren gainetik dagoela dioen mezua igortzen diote gizarteari". Espainiako Gobernuak "marra gorriak" ezartzen ez badizkio, instituzio horrek "nahi duena egiten jarraituko" duela ohartarazi du.

Bestalde, Elizako arduradunak sexu-gehiegikerien biktimekin elkartu direla gezurtatu du. "Biktimekin bildu direla esaten dute, baina gu gara biktimak, guk egin ditugu salaketak komunikabideetan eta auzitegietan, eta gurekin ez da inor harremanetan jarri", ziurtatu du. Deituz gero, hitz egiteko prest egongo liratekeela erantsi du.

Hurtadok gogoratu du sexu-abusuen biktimei laguntzeko neurri zehatzak proposatu zituela Nazio Batuen Erakundeak, besteak beste, horrelako gertakariak nola salatu jakiteko.

Amaitzeko, egindako mina aitor dezala eskatu dio Elizari, baita biktimei kalte-ordainak emateko ere. Alabaina, "Espainiako Gobernuak eta Elizak ez dute borondaterik arazo honi aurre egiteko, eta, ondorioz, biktimek ez dute justizia lortzeko modurik. Hainbat ume arriskuan daude oraindik", azpimarratu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Leire Escajedo_EHU
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

AAk emozioak interpretatzen ditu dagoeneko, baina legea ez da egokitu oraindik, EHUren ikerketa batek ohartarazi duenez

Sistema horiek modu jarraituan funtzionatzen dute egiten duguna etengabe aztertzen eta gure portaerari buruzko ondorioak ateratzen, eta horrek zaildu egiten du gaur egungo kategorien arabera sailkatzea. Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren saria jaso du ikerketak, eta Leire Escajedo EHUko Konstituzio Zuzenbideko irakasle eta ikertzaileak "teknologiak aurrera egiten duen azkartasunaren eta Zuzenbideak horretara egokitzeko duen gaitasunaren arteko desfasea" daogela azpimarratu du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X