Donostiak 2019ko Europa Saria irabazi du
Donostiako hiriak irabazi du 2019ko Europa Saria, urtero Europako Kontseiluak Europaren eraikuntzaren balioak zabaltzen dituzten hiriei eskaintzen dien saria. Europako Kontseiluak Donostiak Europako balioak zabaltzen egindako ekarpena eta bere izpiritu solidarioa saritu ditu.
Donostiarekin batera, beste bost hiri izan ziren sari hori irabazteko hautagaiak: Bamberg eta Münster (Alemania), Boleslawiec (Polonia), Issy-les-Moulineaux (Frantzia) eta Esmirna (Turkia).
Gipuzkoako hiriburuak dosier eta bideo baten bitartez aurkeztu zuen bere hautagaitza.
Europako Kontseiluaren saria Europaren Egunean jasoko du hiriak, Donostian bertan egindako ekitaldi batean. Garaikurra, brontzezko domina, pergaminoa eta gazteentzako ikasketa amaiera ordaintzeko bekak eskaintzen ditu sariak, Europako erakunde nagusiak ezagutzera emateko.
Eneko Goia alkatea pozik agertu da, sari honek "Donostiak Europaren eraikuntzan duen konpromisoa eta inplikazioa azpimarratzen dituelako". Goiaren esanetan, Europako Kontseiluaren errekonozimendua "ibilbide luze baten onarpena da, gure hiriak aspaldian egin duen Europa justu eta solidario baten aldeko apustua sarituz. Bide honek mugarri batzuk izan ditu, tartean 2016an bizitako Europako Kultur Hiriburutza".