Gaur emango diote azken agurra Mariano Ferrer kazetariari, Donostian
Gaur arratsaldean emango diote azken agurra Mariano Ferrer kazetari donostiar ezagunari, 19:30ean. Zehazki, haren aldeko hileta zibila Cristina Parkean egingo dute. Igandean hil zen, 79 urte zituela.
Donostian jaio, Apaizgaitegian ikasi eta Jesusen Konpainian sartu zen. Madrilen Filosofia eta Letrak eta Kazetaritza ikasketak egin zituen, Teologia ikasten ibili zen Chicagon, eta Zuzenbidea egin zuen 1985ean Euskal Herriko Unibertsitatean.
Donostiara itzulita, Herri Irratiko zuzendariorde izan zen 1971 eta 1977a bitartean. Frankismo garaian, adierazpen-askatasunaren erreferente bihurtu zen Ferrer, egunkarietako berrien gainean egindako irakurketa kritikoei esker.
Egin kazetaren sortzaileetako bat izan zen 1977an, eta baita lehenengo zuzendaria ere. Ordutik, beste hainbat komunikabidetan ere aritu zen, besteak beste, El Mundo egunkarian (1990eko hamarkadaren amaieratik 2000. urtearen hasierara arte). 2004an erretiroa hartu zuen, baina kazetaritza munduari lotuta jarraitu zuen, irratian, prentsan eta baita telebistan ere parte hartuta. EiTBko saioetan kolaboratu zuen, eta ETB2ko "Sin Permiso" eztabaida saioa aurkeztu zuen 1989a eta 1990a bitartean.
2017an, Euskal Kazetaritza Sarietan, Ibilbide Profesionala aitortzeko golardoa jaso zuen. Politika arloari dagokionez, Elkarri bakearen eta eztabaidaren aldeko gizarte mugimenduan parte hartu zuen, eta baita 18/98+ plataforman ere.
Hainbat liburu idatzi zituen, besteak beste, Derechos, libertades y razón de Estado eta Mariano Ferrer, lo que dije y digo.