35.000 ikasle eraman nahi dituzte EAEko 103 euskaltegietara
Irailaren 27ra arte egongo da zabalik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegietan 2019-2020 ikasturtean izena emateko epea, “Euskararekin gehiago ahalko duzu” lelopean, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Donostiako Urrats euskaltegian gaur azaldu duenez.
Aurreko urteetako matrikulazio datuak berriro lortuz gero, 35.000 bat ikaslek ekingo diote euskara ikasteko edo bere gaitasuna hobetzeko erronkari Euskal Autonomia Erkidegoan. Ikasturte honetan, gainera, inoiz baino dirulaguntza gehiago izango dituzte ikasleek, Jaurlaritzak % 37 igo baitu aurten ikasleei dirulaguntzak ematera bideratutako aurrekontua. Helburua da, erakunde guztien dirulaguntzak baliatuz, 2020-2021 ikasturtean euskara ikastea doakoa izatea B2 mailara arte.
Zupiria sailburuaren hitzetan, herritar moduan “ahalduntzeko” beste modu bat da euskara ikastea: “Euskararekin gehiago ahalko duzu da aurtengo leloa. Izan ere, euskara ikasiz, ikusezina zen mundu bat ikusgai bilakatzen da. Euskara ikasteko urratsa ematea ahalmen berri bat betiko eskuratzea da: euskara bizitza guztirako inbertsioa da”.
2018-2019 ikasturtean, 35.524 ikaslek eman zuten izena Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegietan: % 66,6 emakumezkok eta % 33,34 gizonezkok; ikasleen batez besteko adina 38,61 urtekoa izan zen; % 80ak euskaltegi pribatuetan eman zuen izena, eta gainerakoek, udal euskaltegietan.
Zure interesekoa izan daiteke
Aita Mennik lehen hiru solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Migratzaileen aurkako tentsioak gora egin du Ceutan, Negu Gorriaken aurkako protesta batean