Espainiako Gobernuak familia ugarien onurak ematen dizkie bi seme-alaba dituzten guraso bakarrekoei
Bestalde, errege lege dekretuak onurak ekarriko dizkie familia bi seme-alaba dituzten familiei, baldin eta gurasoetako batek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badu.
Ministroen Kontseiluak errege lege dekretu bat onartu du gaurko bileran, guraso bakarreko familien, baliabide gutxiko familia ugarien eta gurasoetako batek desgaitasuna duen eta seme-alaba bat baino gehiago dituzten familien babesa handitze aldera.
Guraso bakarreko familien kasuan titulu berri bat sortzea dakar arauak, "kalteberatasun berezia" aitortzeko eta "berariazko babesa" bermatzeko, Gainera, esan bezala, familia ugarien onurak lortuko dituzte guraso bakarreko familiek.
Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren espainiar Ministerioak bultzatu du lege-dekretua, eta 760.000 familia baino gehiagorengan izango du eragina, alegia, 3 milioi pertsona ingururi eragindo die. Horretarako, urtean 820 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu Gobernuak.
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak X sare sozialean adierazi duenez, pozik dago guraso bakarreko familiek lortuko duten babesagatik. "Bakarrik hazteak ez luke babesik gabe haztea izan beharko", idatzi du gobernuburuak.
Bestalde, Pablo Bustinduy Eskubide Sozialen ministroak nabarmendu du "azkenean" guraso bakarreko familiek "titulu ofizial propioa" izango dutela.
Espainiar Estatuan, emakumezkoek osatzen dituzte guraso bakarreko familien % 80. Horregatik, Ministerioak horietan jarri nahi izan du arreta, laguntza eta babes neurri espezifikoak bultzatuta, "pobreziarako eta gizarte bazterketarako arrisku handiena pairatzen dutenak direlako".
Onurak
Horrek esan nahi du, adibidez, ama bakar batek bi seme-alaba adingabe baditu eta urtean 24.000 euroko diru sarrera garbiak baditu, urtean 1.200 euro jasoko dituela, elikadurarako, arroparako, eskola materialerako edo garraiorako baliabide gehigarriak izateko zerga kenkarietan. Era berean, parekatze horrek deskontu handiak ekarriko ditu garraio publikoan edo bekak eskuratzeko orduan, besteak beste, ohiko familia ugariek duten moduan.
Desgaitasuna duten gurasoentzako laguntza
Bestalde, errege lege dekretuak onurak ekarriko dizkie familia bi seme-alaba dituzten familiei, baldin eta gurasoetako batek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badu. Guraso bakarreko familien kasuan, berriz, gurasoak desgaitasuna badu eta bi seme-alaba baditu, familia ugari berezitzat hartuko da.