Okupazioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Maravillas gaztetxea okupatzea leporatuta ikertutako 22 lagunak absolbitu dituzte

Iruñeko 4 zenbakiko epaitegiko titularraren aburuz, akusazioek ez dute frogarik aurkeztu auzipetutakoak eraikinean egon ohi zirela egiaztatzeko.
Maravillas gaztetxea 2018ko abuztuan hustu zuten. Argazkia: EiTB.

Iruñeko 4 zenbakiko epaitegiko titularrak absolbitu ditu Rozalejoko markesaren jauregia, Maravillas gaztetxea, okupatzea leporatuta higiezinen usurpazio delitu arin bategatik ikertu dituzten 22 pertsonak, uste baitu akusazioek ez dutela frogarik aurkeztu lagun horiek bertan maiz egoten zirela egiaztatzeko, 2018ko abuztuaren 17an, Poliziak eraikina hustu zuenean, identifikatu izanaz haraindi.

Epaiketan, hilaren 17an, fiskaltzak 22 auzipetuetako hiru akusatu zituen, eta 630 euroko isunak eskatu zizkien. Nafarroako Gobernuak, eraikinaren jabeak, 900 euroko isuna eskatu zuen bost auzipeturentzat, 990 hamar ikerturentzat eta 1.080koa beste zazpientzat, baita 34.168,69 euroko kalte-ordaina ere. Defentsek, ordea, absoluzioa eskatu zuten.

Epailearen iritziz, ez dago eraikinean “etengabe” sartu-irtenean ibiltzen ziren pertsonen inguruko txostenik, eta ez zituzten bertako jarduera publikoetan parte hartu zuten pertsonak identifikatu: jantoki solidario baten inaugurazioa, 2018ko sanferminetako herri tabernaren irekiera, asteroko asanbleak, batzarrak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, pelikulen proiekzioak, kontzertuak eta dantza saioak.

Jarduera horien guztien irudiak partekatu dira Facebooken, Twitterren eta Youtuben, baina, epaileak deitoratzen duenez, inongo txostenetan ez dituzte identifikatu arduradun gisa parte hartzen zutenak edo jarduerotan maiz esku hartzen zutenak.

Magistratuaren hitzetan, auzipetuetako bosten aurka egindako zigor eskaeraren atzean dauden jazoerak ez datoz bat tipo penalarekin: ez dute eraikina okupatu, ez dira bertan gelditu jabearen borondatearen aurka eta ez dute inor bultzatu berori okupatzera edo berorren barruan gelditzera.

Gainera 17 ikertuei dagokienez, epaileak azpimarratu du ez dagoela beren jardueraren inguruko daturik, 2018ko abuztuaren 17an kolektiboa babesten ari zirela identifikatu izanaz haraindi.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elon Musk bat dator Anthropic eta OpenAI lehiakideekin, adimen artifiziala moteldu behar dela

Anthropiceko Dario Amodeik adimen artifizialaren (AA) garapena moteltzeko eskatu zuen ostiralean, segurtasun arriskuengatik, eta eskaera horren alde egin dute lehiakideek, OpenAIko Sam Altmanek eta xAIren sortzaile Muskek. OpenAIko eta Anthropiceko liderrek iragarri dute ebaluatzaile independenteei beren sistemak ikuskatzea ahalbidetuko dietela, baina Muskek ez du hori argitu.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Oihane Mateos Oria, duela gutxi hildako lankide eta laguna, gogoan izan du Dani Alvarezek Gasteizko FesTVal jaialdian

Aste gogorrak izan dira azken hauek Orain eta EITBko Albistegietako lantalde guztiarentzat. Dani Alvarez lankideak Gasteizko FesTVal jaialdian esan duen bezala, "bizitzako injustizia bategatik goizegi joan berri da Oihane Mateos Oria". Bere irribarrea, energia eta lanerako grina beti izango dira gure artean, ordea. Hemen Daniren hitzak gaur iluntzean, sari bat banatu aurretik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X