Bikotekide ohiak Iruñean bahitutako emakume bat askatu dute
Polizia Nazionalak 30 urteko gizon bat atxilotu du Vinarosen (Castello), sexu-erasoa, legez kanpoko atxiloketa eta lesio delituak egotzita; izan ere, larunbatean bikotekide ohia bahitu zuen Iruñean, emakumea lanera zihoala, eta mehatxupean eraman du bi egunez ibilgailuan, norabide finkorik gabe, Castellon atzeman dituzten arte.
Nafarroako Polizia Nazionalak igandean jakinarazi zuen emakume baten desagerpena salatu zutela, eta litekeena zela Castellorako bidean egotea, bere ibilgailuan, bikotekide ohiak bahituta.
Guardia Zibileko agenteek ibilgailua egon zitekeen gunea ixtea agindu zuten berehala. Poliziak Vinarosera iritsi zirenean, Guardia Zibileko agenteek jakinarazi zieten patruiletako batek aurkitu zuela autoa.
Poliziek gizona atxilotu zuten, sexu-erasoa, legez kanpoko atxiloketa eta lesioak egotzita, eta Castelloko polizia-etxera eraman zuten.
Beharrezko eginbideak bukatutakoan, atxilotua Vinarosko epailearen esku utzi zuten, bertan atxilotu baitzuten, eta hark espetxeratzeko agindu du.