Bizkaiko Auzitegia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bilbon alaba hil zuen amarentzat espetxealdi iraunkorra eskatu dute azken saioan ere

Akusazioek errefusatu egiten dute auzipetuaren bertsioa, gizon batek behartuta hil zuela alaba. Herri-epaimahaia bihartik aurrera murgilduko da epaia emateko prozesuan.
Bizkaiko Auzitegia. Argazkia: EiTB
Bizkaiko Auzitegia. Argazkia: EiTB

Ministerio Fiskalak, herri akusazioak eta akusazio partikularrak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen jarraitzen dute urtarrilean Atxurin (Bilbo) 9 urteko alaba hil zuen emakumearentzat, auzipetuaren bertsioa, gizon batek mehatxupean behartu zuela, errefusatuta.

Auzipetuaren defentsak, bere aldetik, errugabetasuna aldarrikatu eta absoluzioa eskatu du, baina aitorpena aringarri gisa erabiltzea eskatu du epaimahaiak errudun joz gero, espetxealdi iraunkor berrikusgarria saiheste aldera.

9 urteko haurraren hilketetaren epaiketaren azken saioan, Bizkaiko Auzitegian, akusazioek eskaerari eutsi diote eta ondorioak behin betikoak direla agertu dute. Ondorio horien arabera, emakumeak nahita eta azpikeriaz hil zuen haurra, eta senidetasun larrigarriarekin. Horregatik guztiagatik, Zigor Kodeak hilketentzat aurreikusten duen zigor handiena eskatu dute.

Hiru akusazioek errefusatu egin dute auzipetuaren bertsioa, kaputxadun batek mehatxupean behartu izana, eta epaiketan hilketaren zergatia argitu ez den arren, zigorrik gabe ezin dela geratu azpimarratu dute.

Defentsak, berriz, krimena egiteko arrazoirik ezari eutsi dio, eta Ertzaintzak "aurre-epaitu" egin duela salatu du, bestelako ikerketa ildoak baztertu dituelako etxebizitzako "atea ez zegoelako behartuta eta bizilagunek ez zutelako ezer arrarorik entzun".

Akusatuak, epaileak epaiketa amaitutzat eman aurretik izan duen azken hitzartzean, esan du ez duela "nire alabatxoa hiltzeko arrazoirik, ez zait buruan sartzen alaba bat hiltzea, inori ez zaio buruan sartzen. Nik alaba maite nuen, bi alabak".

Herri-epaimahaiko kideek bihar jasoko dituzte magistratuaren argibideak eta kasu honen inguruko epaia emateko bete beharreko galdetegia.

Auzipetu egin daiteke

Aurreko urtarrilean Atxurin (Bilbo) ustez alaba hil zuen emakumeak ez du buruko nahasmendurik eta ez dago errealitatetik kanpo, ondorioz, auzipetu egin daiteke, ez dago halakorik ez egiteko "arrazoirik", auzitegi-medikuak Bizkaiko Auzitegian egin duten saioan azaldu duenez.

Gaineratu duenez, antzeman duten bakarra sendagai opiazeo "gehiegi" hartu izana da, bizkarreko mina kentzen saiatzeko hartzen duena, baina "desoreka psikologikorik" eragiten ez diona eta "gertakariak ulertzeko gaitasuna murrizten ez diona".

Mediku horrek esan duenaren arabera, maiatzean auzipetuarekin izandako elkarrizketan ez zuen "depresio zantzurik" ikusi, eta emakumeak berak ukatu zuen "agerraldi psikotikoak" eduki izana. Gainera, "bi alabak miresten dituen ama eredugarria" zela eta familia bizimodu "normala" zeramala esan omen zuen.

Auzitegi-medikuak onartu du krimenaren zergatia ez dakitela, baina emakumea "egoera zaila" bizitzen ari zela, aitak aitatasuna aitortzea eskatzen zuelako eta gizarte zerbitzuak gainean zituelako haurra ez zelako eskolara joaten.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elon Musk bat dator Anthropic eta OpenAI lehiakideekin, adimen artifiziala moteldu behar dela

Anthropiceko Dario Amodeik adimen artifizialaren (AA) garapena moteltzeko eskatu zuen ostiralean, segurtasun arriskuengatik, eta eskaera horren alde egin dute lehiakideek, OpenAIko Sam Altmanek eta xAIren sortzaile Muskek. OpenAIko eta Anthropiceko liderrek iragarri dute ebaluatzaile independenteei beren sistemak ikuskatzea ahalbidetuko dietela, baina Muskek ez du hori argitu.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Oihane Mateos Oria, duela gutxi hildako lankide eta laguna, gogoan izan du Dani Alvarezek Gasteizko FesTVal jaialdian

Aste gogorrak izan dira azken hauek Orain eta EITBko Albistegietako lantalde guztiarentzat. Dani Alvarez lankideak Gasteizko FesTVal jaialdian esan duen bezala, "bizitzako injustizia bategatik goizegi joan berri da Oihane Mateos Oria". Bere irribarrea, energia eta lanerako grina beti izango dira gure artean, ordea. Hemen Daniren hitzak gaur iluntzean, sari bat banatu aurretik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X