Tarragonako erreaktorearen zati batek hiru kilometrora zegoen gizon bat hil zuen
Tarragonako lantegi petrokimikoan atzo izandako eztandaren ondorioz hildako pertsonetako bat gertakariaren lekutik hiru bat kilometrora zegoen. Gaur argitu dute nola hil zen.
Pau Ricoma Tarragonako alkateak azaldu duenez, leherketak erreaktoreko tapa, tona bateko burdinazko xafla bat, hiru kilometrora jaurti zuen. Xafla Torreforta auzoko etxebizitza baten leihotik sartu zen, eta sabaia behera bota zuen, bertan zegoen 59 urteko gizonezkoa harrapatuta. Berehala hil zen.
Ricomaren hitzetan, "sinesgaitza" dirudien "hipotesi hori" darabilte heriotza ikertzen ari diren teknikariek.
Leherketaren ondorioz zendutako beste bi gizonak lantegiko beharginak ziren. Horrez gain, beste zazpi langile zauritu ziren; bat oso larri dago.

Burdinazko xafla Torrefortako etxebizitza bateko leihotik sartu zen (goian, ezkerretara). Argazkia: EFE
Alkateak zehaztu duenez, leherketak "lerro zuzenean" jaurti zuen xafla —1,22 metro zabal, 1,65 luze eta hiru zentimetroko lodieraduna— eta hirugarren solairuan zabalik zegoen leihotik sartu zen.