Osasuna auziaren epaiketa baliogabetzeko eskaerak atzera bota dituzte
Astelehen honetan hasi da Nafarroako Lurralde Auzitegian Osasuna auziaren epaiketa. Miguel Archanco Osasunako presidente ohia eta haren zuzendaritza taldeko bost zuzendari, Betiseko hiru jokalari ohi eta higiezinen enpresa bateko bi agente daude auzipetuen artean. Bi futbol partida erostea eta beste hainbat delitu (bidegabeko jabetza, sozietate-delituak eta dokumentuak nahiz urteko kontuak faltsutzea) leporatzen dizkiete.
Defentsek epaiketa baliogabetzeko eskaerak egin dituzte, baina epai-mahaiak atzera bota ditu. Fiskaltzak egindako eskaera bat, berriz, onartu egin du, eta, ondorioz, akusatuen agerraldien ordenan aldaketak egin dituzte.
Gauzak horrela, auzipetuak astearte honetan hasiko dira deklaratzen, 09:30ean. Lehendabizikoa Angel Vizcay Osasunako zuzendari-kudeatzaile ohia izango da. Salako presidentearen esanetan, akusatu nagusia da.
Haren ostean deklaratuko dute Miguel Archancok eta Jesus Peralta zuzendari ohiak eta Sancho Bandres diruzain ohiak.
Asteazkenean, Juan Pascual Osasunako presidenteorde ohiaren eta Diego Maquirriain Osasuna Fundazioko zuzendari ohiaren txanda izango da. Halaber, egun horretan deklaratuko dute Cristina Valencia eta Alberto Nolla higiezinen enpresa bateko agenteek.
Azkenik, ostegunean, Antonio Amaya, Jordi Figueras eta Xabier Torres Betiseko futbolari ohiek deklaratuko dute.
Bestalde, defentsek helegitea aurkeztu dute epaiketa hasteko egun bakarra falta zela jakinarazi zietelako aretoan hainbat aldaketa izango zirela. Akusatuen abokatuek argudiatu dute "epaile naturala" izateko eskubidea urratu dela.
Magistratuek azaldu dute bi epaile gaixotu egin direlako eta epaiketan parte hartuko duten lekukoak eta adituak asko direlako egin behar izan dituztela aldaketa horiek. Ildo berean, onartu dute presaz hartutako erabakiak izan direla eta denbora-tarte txikiaren egin dituztela jakinarazpenak, baina azpimarratu dute Botere Judizialaren Lege Organikoaren arabera jokatu dutela eta, beraz, atzera bota dituzte defentsek aurkeztutako alegazioak.
Epai-mahaiko presidenteak esan du arrazoi horregatik epaiketa atzeratzea eskatzeko aukera izan dutela, baina aldeek ez dutela halakorik egin. Halaber, aretoaren osaketan egindako aldaketek akusatuen eskubideengan izan zitzaketen ondorioa zeintzuk diren azaldu ez dutela erantsi du.
Horrez gain, epai-mahaiak baztertu egin du Angel Vizcayk bidali zituen zenbait korreo elektroniko froga gisa onartzea.
Gai hori instrukzio fasean aztertu zela eta lehen sekzioak itxitzat eman zuela gogoratu du. Mezu horiek orain frogatzat onartuta, auzipetu horren intimitaterako eskubidea urratuko litzatekeela uste dute magistratuek.
Bestalde, Futbol Liga Profesionalak akusazio partikular moduan hartuko du parte epaiketan. Auzipetuen defentsek herri-akusazio izan dadila eskatu dute, baina epai-mahaiak uste du auzi honek kalte egin diola erakunde horri.
Archancoren abokatuak apustulari profesional bat deklaratzera deitzea eskatu du. Antza, gizon horrek jakinarazi zion Javier Tebas Ligako presidenteari Espanyol eta Osasunaren arteko berdinketaren alde 250.000 euroko apustua egin zela eta diru hori Vizcayk jarri omen zuela.
Epaiketa astelehen honetan hasi eta otsailaren 28ra arte luzatuko da. Guztira, 120 lekuko eta aditu igaroko dira epai-mahaiaren aurretik.
Leporatzen dizkieten delituak
Delituak, ustez, Miguel Archanco presidente zela egin zituzten, 2012tik 2014ra arteko epean, edo gerora, garai hartan legez kontra egindako ekintzak justifikatzea xede. Epaileak zehaztu zuen Osasunako zuzendariek gutxienez 2,2 milioi euro atera zituztela klubaren kontuetatik delituzko helburuekin edo zertarako erabili zituzten justifikatu gabe.
Partidetan ustez egindako iruzurraren gainean, epailearen iritziz, frogak zeuden ondorioztatzeko Osasunako agintari ohiek 650.000 euro eman zizkietela eskudirutan Antonio Amaya, Jordi Figueras eta Xavi Torres Betiseko jokalari ohiei: 400.000 euro Betis Valladolidi gailentzeko, 2013-14ko Ligaren azken aurreko jardunaldian (Betisek 4-3 irabazi duen); eta 250.000 euro Betisek Osasunaren aurka galtzeko, Sadarren Liga hartako azken partidan (Osasunak 2-1 irabazi zuen).
Osasuna, Valladolid eta Betis Bigarren Mailara jaitsi ziren 2013-14 denboraldiko Liga amaituta.
Zure interesekoa izan daiteke
Ikuspenik gabe eta garrez inguratuta: honela doa suhiltzaileen kamioi bat Madrilen
Irudiotan, agenteak egoeraren arriskuaz ohartarazten eta jarraitutako ibilbideari buruzko kezkak partekatzen dituzte. "Ez dugu ezer ikusten", "Oso arriskutsua da hau" edota "Kamioia hemen gelditzen bada, flipatu egingo dugu" dira haien esku-hartzearen zailtasuna eta arriskua islatzen duten esaldietako batzuk.
Madrilgo eta Avilako suteetan kaltetu diren guneak “hondamendi-eremu” izendatuko dituzte
Ministroen Kontseiluak errege-dekretua onartuko du asteartean, eta, horri esker, kalteak konpontzeko laguntzak eskuratzeko aukera izango dute.
Emakume batek sexu-erasoa salatu du Bilbon
Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta ustezko erasotzailea atxilotu du, 26 urteko gizon bat, sexu-askatasunaren aurkako delitu bat egotzita. Erasoa larunbat goizean jazo zen, Bilboko Iturralde auzoan.
Erandioko birziklatze enpresa batean sutea izan ostean, Osasun Publikoak airearen neurketak egin behar izan ditu
Sua igande goizaldean piztu da, material elektronikoa eta hondakin-materiala erre ditu, eta ke-hodei beltza sortu da.
Vall d'Uixoko suteak kontrolik gabe jarraitzen du
Eguraldiak hobera egin du gauean, eta kontrolguneak indartu dituzten arren, suak aktibo jarraitzen du. Milaka pertsona ebakuatu dituzte.
Tuterako jaietan adingabe bati egindako bortxaketa ikertzen ari dira
Ustezko erasotzailea identifikatu dute jada. Biktimak oraindik ez du salaketa aurkeztu, baina gertatutakoa ikertzen ari diren agenteek esan dute laster egin dezakeela.
Fiskaltzak baztertu egin du Pablo Ibar kasuan lekuko berri bat galdekatzea
Jatorri euskalduna duen presoaren defentsak hura errugabetu lezakeen lekukotza du, eta alegazioak aurkeztuko ditu epaileak beste prozesu bat abia dezan.
Biscarrosse, arimarik gabeko herria: suak etxeak suntsitu eta bazterrak belztu ditu
Guztira 18.000 bat herritar bizi dira bertan, eta etxetik irteteko agindu diete denei. Suak eragindako kalte materialak agerikoak dira. Etxeak erreta, suntsituta, eta han eta hemen, bazterrak belztuta.
UMEk eutsi die Madril eta Avila arteko sute handiei, baina oraindik badira su-gune aktiboak
Baldintza meteorologikoek hobera egin dute, eta horri esker aurrera egin dute sua kontrolatzeko lanetan. Suteak 45.000 hektarea ingururi eragin dio, eta ia 100.000 pertsona daude ebakuatuta edo konfinatuta.
Madrilgo eta Avilako suteek 88.500 pertsona ebakuatzera edo konfinatzera behartu dituzte
Suteek ia 45.000 hektarea kiskali dituzte. Espainiako Gobernuak Toledoko probintziara zabaldu du suteengatik ezarritako larrialdi nazionala. Marlaska ministroak gau "oso zaila" iragarri du, suteen "batasun teknikoaren" ostean.