'Osasuna' auziko Betiseko jokalari ohiek diote ez dutela iruzurretan dirurik jaso
Antonio Amaya, Jordi Figueras eta Xavier Torres Betiseko jokalari ohiek esan dute inoiz ez dutela dirurik onartu partidaren batean iruzur egiteagatik, alegia, inoiz ez dutela jaso eurena ez den beste klub baten dirurik partida bat irabazi, berdindu edo galtzeagatik. Hala, ostegun honetan, Nafarroako Auzitegian, hainbat modutan justifikatu dituzte 2013-14 denboraldian euren kontuetan izandako diru-sartzeak eta eragiketak.
Nafarroako Probintzia Auzitegiaren Bigarren Atalean ari dira egiten epaiketa, partida batzuetan ustezko iruzurra egoteagatik. Hain zuzen ere, epaitzen ari dira Osasunak, 2013-14 denboraldiko Ligan, 650.000 euro ordaindu ote zizkion Betisi: horietako 400.000 euro, Betisek Valladolidi irabaztekoak ziren; beste 250.000 euroak, aldiz, Betisek Iruñean galtzekoak. Futbolariek euren abokatuen galderei bakarrik eman diete erantzuna.
Antonio Amaya izan da irmoena: "Jokalari baten duintasuna erosteko moduko dirurik ez dago", adierazi du. Betiseko jokalari ohiak nabarmendu du Angel Vizcay Osasunako gerente ohiak "inoiz" ez diola eurorik ordaindu ezergatik. Onartu egin du ikusi zuela Vizcay 2014an, Madrilgo hotel batean; batzarra egin zuten, eta Valladolidi irabazteagatik "pizgarri" bat jasotzeko aukera aztertu zen, baina ordainketa hura ez zen gauzatu.
Vizcayk, epaiketa honetan, adierazi du hainbat partidatan egin zutela iruzur. Amayak gogorarazi du "Osasunako zuzendari ohi guztiek" esan dutela "Vizcayk dirua atera egiten duela klubeko kontuetatik": "Hortaz, agian, zaborra banatzen saiatzen ari da; baliteke diruak berak izatea", nabarmendu du.
2013-14 denboraldiko Betis-Valladolid eta Osasuna-Betis partidei buruz (4-3 eta 2-1 amaitu ziren, hurrenez hurren), Amayak azaldu du ez zituela jokatu, lesionaturik zegoen eta.
Iruñeko partida, esan duenez, telebistan ikusi zuen, Sevillan, eta Betis, haren iritziz, Osasuna baino askoz gehiago izan zen: "Partida guztiak Sadarrekoa bezala jokatu izan bagenitu, denboraldi hartan salbatzeko aukera handiagoak izango genituen", zehaztu du.
Betis-Valladolid partida futbol-zelaiko harmailetan ikusi zuen: "Partida zoroa izan zen, ez genuen garaipena merezi izan, Valladolid beti egon zen aurretik markagailuan". Betisek, Amayak gogora ekarri duenez, 93. minutuan irabazi zuen, 45 metrotik botatako falta baten bidez.
Azaldu du, horrez gain, etxean diru-kopuru handiak zituela: "Beti gustatu izan zait dirua eskudirutan izatea etxean". Horregatik atera zituen 2014ko abenduan 10.000 eta 4.000 euro.
Figuerasek ezeztatu du Vizcay ezagutzea
Bere aldetik, Jordi Figuerasek adierazi du epaiketa honetan ikusi duela lehen aldiz Vizcay edo Osasunako beste edozein zuzendari; nabarmendu duenez, inoiz ez du haiekin bilerarik egin, eta telefonoz ere ez du hitz egin.
Figuerasek ziurtatu du ez zuela parte hartu Madrilgo hotel batean eta Sevillako garaje batean ustez izandako bileretan (horietan negoziatu zituzten, ustez, Betisekin iruzurrak). Esan ere esan du prozesu judizial honen sumario-sekretua altxatu zuten arte ez zuela jakin LFPk kontratatuko detektibe baten zaintzapean izana zela.
Futbolariak azaldu duenez, zigortuta zegoen Betis-Valladolid partidarako, txartelengatik; berretsi du inoiz ez diotela eskaini inolako kopururik, berea ez den talderen batetik, partida bat irabazi, berdindu edo galtzeagatik.
2014ko maiatzean, bere kontuan, 11.125 euro sartu zizkioten, eta ondare-txosten batek "irregulartzat" jotzen du eragiketa hori. Figuerasek, alabaina, argitu du bere ezkontzagatik jasotako oparia izan zela, baina akatsa izan zela: "Gonbidatuak zero bat gehiago jarri zuen, konturatu gabe, eta, horregatik, gerora, 10.000 euro bueltatu nizkion".
Garai hartan, 4.000 euroko beste sarrera bat izan zuen; esan du ezkontzan jasotako eskudirua izan zela.
Torres: "Prozedura honetan ezagutu ditut Vizcay eta Osasunako gainerako zuzendari ohiak"
Azkenik, Xavier Torresek deklaratu du. Berak ere ziurtatu du prozedura honetan ezagutu dituela Vizcay eta Osasunako gainerako zuzendari ohiak.
2013-14 denboraldian, gehitu du, lesio larria jasan zuen, Akilesen tendoiaren haustura osoa, eta Betisek federazio-baja eman zion, beste fitxaketaren bat egin ahal izateko. Hortaz, ez zuen jokatzerik izan ustez iruzur egindako partidetan.
2014ko udaberrian diru-kopuru batzuk atera zituzten bere kontuetatik; azaldu duenez, bere aitarekin batera, txalupa bat eta amarradura bat erosi zituen, eta hori ordaintzeko erabili zuen.
Torresek irmotasunez esan du inoiz ez duela dirurik jaso berea ez den klub batetik, inoiz ez diotela dirurik eskaini irabazteagatik, berdintzeagatik edo galtzeagatik. Adierazi du, halaber, inoiz ez dela bildu Osasunako zuzendariekin, eta haiekin ez duela inoiz hitz egin.
Angel Vizcay Osasunako gerente ohiaren adierazpenen gainean, nabarmendu du “ideiarik ez” duela, ez dakiela zergatik esan duen Vizcayk hori: “Beraiei galdetu beharko litzaieke”, esan du.
Zure interesekoa izan daiteke
Emakume batek sexu-erasoa salatu du Bilbon
Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta ustezko erasotzailea atxilotu du, 26 urteko gizon bat, sexu-askatasunaren aurkako delitua egotzita. Erasoa larunbat goizean jazo zen, Bilboko Iturralde auzoko hiri-eremu batean.
Erandioko birziklatze enpresa batean sutea izan dela eta, Osasun Publikoak airearen neurketak egin behar izan ditu
Sua igande goizaldean piztu da, material elektronikoa eta hondakin-materiala erre ditu, eta, ondorioz, ke-hodei beltza sortu da.
Vall d'Uixoko suteak kontrolik gabe jarraitzen du
Eguraldiak hobera egin du gauean, eta kontrolguneak indartu dituzten arren, suak aktibo jarraitzen du. Milaka pertsona ebakuatu dituzte.
Tuterako jaietan adingabe bati egindako bortxaketa ikertzen ari dira
Ustezko erasotzailea identifikatu dute jada. Biktimak oraindik ez du salaketa aurkeztu, baina gertatutakoa ikertzen ari diren agenteek esan dute laster egin dezakeela.
Fiskaltzak baztertu egin du Pablo Ibar kasuan lekuko berri bat galdekatzea
Jatorri euskalduna duen presoaren defentsak hura errugabetu lezakeen lekukotza du, eta alegazioak aurkeztuko ditu epaileak beste prozesu bat abia dezan.
Biscarrosse, arimarik gabeko herria: suak etxeak suntsitu eta bazterrak belztu ditu
Guztira 18.000 bat herritar bizi dira bertan, eta etxetik irteteko agindu diete denei. Suak eragindako kalte materialak agerikoak dira. Etxeak erreta, suntsituta, eta han eta hemen, bazterrak belztuta.
UMEk kontrolatutzat jo du Madril eta Avila arteko sute handia, baina oraindik badira su-gune aktiboak
Baldintza meteorologikoek hobera egin dute, eta horri esker aurrera egin dute sua kontrolatzeko lanetan. Suteak 45.000 hektarea ingururi eragin dio, eta ia 100.000 pertsona daude ebakuatuta edo konfinatuta.
Madrilgo eta Avilako suteek 88.500 pertsona ebakuatzera edo konfinatzera behartu dituzte
Suteek ia 45.000 hektarea kiskali dituzte. Espainiako Gobernuak Toledoko probintziara zabaldu du suteengatik ezarritako larrialdi nazionala. Marlaska ministroak gau "oso zaila" iragarri du, suteen "batasun teknikoaren" ostean.
Pertsona bat hil da eta bost ospitaleratu dituzte sute baten ondorioz Manisesen
Sua larunbatean piztu da, 12:45 aldera, sasi-eremu batean. Suhiltzaileen arabera, sua egonkortu dute jada.
Zornotzan istripua izan eta hil den txirrindulari bati gertatutakoaren lekuko bila ari da Ertzaintza
Istripua larunbat goizeko lehen orduan gertatu da, eta pertsona batek aurkitu du txirrindularia errepidean botata. Zauritua larri eraman dute Gurutzetako Ospitalera eta bertan hil da handik ordu batzuetara.