Bilaketa berriro eten dute Zaldibarren, lurraren egoera ezegonkorragatik
Zaldibarren ostegunean izan zen luizian desagertutako bi langileen bilaketa lanak bertan behera utzi dituzte berriro eguerdian, erreskate taldeentzako baldintza egokiak ez daudelako. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, euriak eta lurraren egoera ezegonkorrak ez dute bermatzen bilaketan ari direnen segurtasuna, eta badaezpada lanak etetea erabaki dute, arriskuak saihesteko. Egoera aztertu ondoren, bihar erabakiko dute lanei berrekin edo ez. Atzo goizean ere, etenda egon ziren lanak, amiantoa aurkitu zutelako behera etorritako lurretan.
Gaur goizeko 09:00ak inguruan hasi dira lanean luiziaren tokian, desagertutako langileen bila, gauean denak geldirik egon ondoren.
Ostegun arratsaldean izan zen luizia, 16:00ak inguruan, eta lurrek AP-8 autobide osoa hartu zuten, bi noranzkoetan. Ordutik falta dira bi langileak, Markinan bizi zen 62 urteko gizonezko eibartar bat eta 51 urteko zallatarra. Ertzaintzak jakitera eman zuenez, bi langileon ibilgailuak aurkitu zituzten atzo, hondakinen artean.
50 bat pertsonak osatzen dute erreskate taldea, eta txakurren laguntzarekin ari dira lanean. Helikopteroak, droneak, hondeamakinak eta dozena bat kamioi daude bertan lanean. Halaber, amiantoa zegoela jakin zenetik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak substantzia arriskutsuak kudeatzen aditua den enpresa bat eraman zuen lanak kontrolatzera, eta erreskate taldeko kideek babes neurri bereziak hartu dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren arabera, Eitzagako zabortegiak hondakin industrialak biltzeko lizentzia zuen; amiantoa izan dezaketen fibrozementuzko estalkiak jasotzekoa, besteak beste.
Zabortegiak Udalaren baimena zuen 2011z geroztik, eta 2013an Ingurumen Baimena berritu zuen, Zaldibarko Udalak argitu duenez.
"Arau-hauste larriak"
Verter Recycling 2002 SL enpresak 2013an jaso zuen AAI ingurumen baimen bateratua eta orduz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Ikuskaritzak ikuskapen zehatzak egiten zituen enpresan. 2019ko uztailaren 10ean izan zen azkena eta handik atera zen txostenak "arau-hauste ugari" antzeman zituen lau arlotan: lizentzia eta baimenetan, uraren babesean, hondakinetan eta zabortegien baldintza berezietan.
Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuak eman daitekeen izendapenik baxuena eman zion enpresari azken ikuskapenean, eta hala jakinarazi zioten jabeari 2019ko irailaren 16an. Jakinarazpenarekin batera, 30 eguneko epea eman zioten, "txostenean agertzen ziren akatsak konpontzeko edo beharrezkoak liratekeen neurriak martxan jarri zituztela egiaztatzen zuen dokumentazioa aurkezteko".
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak prentsa oharra kaleratu du gaur, jakinaraziz Verter Recycling enpresak 2019ko urriaren 11n "askotariko informazioa" helarazi ziela, eta tartean, ingeniaritza espezializatu batek egindako azterketa bat. Azterketa horrek zabortegia "egonkorra" zela zioen: "Ondoriozta daiteke, ikuspegi globaletik, zabortegia egonkorra dela egungo konfigurazioarekin, bai haustura zirkularrei dagokienez, bai oinarrizko konformatuaren ahultasun-planoaren ondoriozko bloke-hausturei".
"Betetze-dinamika berarekin jarraituz gero, ondorioztatzen da zabortegiak Eusko Jaurlaritzak ezarritako egonkortasun-irizpideen arabera jokatuko duela, bai egoera normal batean, bai drainatzeak huts egiten duen istripu-egoera batean" gaineratzen zuen txostenak.
Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuak egiaztatutako arau-hausteak zeintzuk ziren galdetuta, Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ondorengo kasuak aipatu ditu: "Tximiniak ez ziren metanoa ondo neurtzen ari, pilatzeko baimenik ez zuten materiala zeukaten pilatuta -kantitate txikian izanagatik- eta baimenik gabeko betelan bat egin zuten".
Luiziaren tokian izan da gaur eguerdian Moreno eta hantxe galdetu diote zer neurri hartu zituen Eusko Jaurlaritzak Ikuskaritzaren txostena zein Verter Recycling enpresak hari erantzunez aurkeztutako dokumentazioa jaso ondoren: "ez da arazoak ez direnik konpondu. Arazo batzuk berehala konpondu ziren eta beste batzuk konpontzeke zeuden, eta baloratzen ari ginen espediente zigortzailea ireki edo ez".
Sutea, zabortegian
Bestalde, atzo ilunabarrean sutea piztu zen Zaldibarko zabortegiaren goialdean. Suhiltzaileek esan dutenez, bertara iristea "ia ezinezkoa" da, eta "kontrolpean" duten arren, ezin dute itzali.
Airearen kutsadura maila "parametro normaletan" dago, Eusko Jaurlaritzaren arabera
Airearen kutsadura maila "parametro normaletan" dago, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez. Ingurumen Sailak ohar batean azaldu duenez, airearen kalitatea kontrolatzeko estazio bat bertaratu da goizean, zonaldeko kutsadura maila kontrolatzeko helburuarekin.
Teknikariak airea etengabe kontrolatzen ari direla erantsi dute. "Oraingoz kutsadura maila parametro normaletan dago", zehaztu dutenez.
Gainera, URA agentziako ikuskatzaileak bertaratu dira. Ibaira isuri daitezkeen uren egoera kontrolatzeko egunero laginak hartuko dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Norovirusak kutsatutako 21 lagun daramatzan Ambition gurutzaontziak Galizia utzi eta Gijonerako bidea hartu du
Norobirus batek eragindako gastroenteritis-agerraldi izan duen Ambition itsasontzian zihoazen 1.600 bidaiarik barkutik ateratzeko baimena izan dute eta Galizian, A Coruñan, eman dute eguna. 21 pertsonak isolatuta jarraitzen dute, osasun protokoloak betez. 20:00etan Galizia utzi eta Gijonerako bidea hartu dute. Astelehenean, Bilboko Portuan egingo du eskala ontziak.
Palestinarrek euren herrialdean bizitzeko duten eskubidea defendatu du manifestazio batek Iruñean, 'Nakba' ren 78. urteurrenean
Yala Nafarroa plataformak deitu, ehunka lagun bildu dira Israelekin "harremanak etetea" eskatzeko berriro ere. Izan ere, antolatzaileek uste dute hori dela Gazako Zerrendan gertatzen ari den genozidioa gelditzeko neurri bakarra.
12 adingabe eraman dituzte Loiuko aireportutik ospitalera, gastroenteritis zantzuekin
Ikas bidaiaren ondoren Lanzarotera zihoan hegaldi batean sartzeko zain zeudela, okadak eta zorabio-sentsazioa izaten hasi dira. 11 eta 12 urte bitarteko haurrak ospitalean aztertu, eta alta eman diete guztiei.
14 eta 17 urteko bi adingabe atxilotu dituzte Irunen taxi gidari bati eraso egiteagatik
Adin txikikoak izan arren aurrekariak zituzten biek. Fiskaltzak horietako bat aske uztea eta gazteena zentro batean sartzea ebatzi du.
Iruñeko jesuita bat ikertzen ari dira, gazte bati ustez sexu-abusuak egiteagatik
Atzo atxilotu zuen Foruzaingoak eta larunbat honetan eraman dute epailearen aurrera. Epaileak behin-behinean aske uztea erabaki du. Delituaren izaera eta biktima gehiago ote dauden ikertzen ari dira.
Gizon bat hil da Urgull menditik Pasealeku Berrira erorita
Ertzaintzak 11:00ak aldera jaso du abisua. Ordu horretan aurkitu dute biktimaren gorpua, baina larrialdi zerbitzuetako langileek ezin izan dute haren bizitza salbatu. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, istripua nola gertatu den jakiteko.
60 eragile sozial eta politikok gerraren aurkako manifestua sinatu dute Gernikan
Euskal Herri osoko ia 60 eragilek sinatu dute gaur eguerdian, Gernikan, “Gernikaren herritik, bakea eta justizia” manifestua, non gerraren aurkako eta bakearen, justiziaren eta herrien subiranotasunaren aldeko konpromisoa berretsi duten.
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren kargugabetzea eskatu dute Iruñean hainbat manifestarik
Manifestazioa eguerdian egin dute, "Kalitatezko hezkuntza eta lan baldintzen alde. Gimeno Kanpora!", lelopean.
Urgentziaz hartu beharreko 10 neurri aurkeztu ditu UEMAk, udalerri euskaldunen atzerakada gelditzeko
Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu du UEMAk Otxandion. 121 udalek osatzen dute gaur egun Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, eta guztien artean 355.500 biztanle ordezkatzen dituzte.
Baldintzapean aske utzi dute dute Igorreko errugbi taldeko presidentea
Ertzaintzak 132 salaketa jaso zituen igandera arte, Arratiko Zekorrak Rugby Taldeak Gabonetako loteria ez ordaintzeagatik. Zehazki, 3. sari bat egokitu zitzaion, eta orain klubak ez du nahikoa diru saria kobratu ez duten saridunei ordaintzeko.