MMS edo sodio kloritoak ez du koronabirusa sendatzen, eta arriskutsua eta ilegala da
Bideo batean koronabirusa 24 ordutan osatzeko sendagai gisa aurkeztu duten MMS (Miracle Mineral Solution – Soluzio Mineral Miragarria) edo sodio kloritoak ezein gaitzi aurre egiteko balio duela esateko ebidentzia zientifikorik ez dago. Poliziak ohartarazi du substantzia arriskutsua eta legez kanpokoa dela, Kataluniako Medikuen Elkargoak salaketa jarri du horren sustatzaileen aurka eta Fiskaltzak ikerketa ireki du.
Dolça Revolució (Iraultza Gozoa) kooperatibaren sustatzailea den Josep Pàmies kataluniar nekazariak bideo bat aireratu zuen YouTube atarian, MMS edo sodio kloritoak hainbat gaixotasuni, COVID-19ari, besteak beste, aurre egiteko dituen ezaugarrien berri emateko. Bideoa, baina, oraintsu kendu ante. Produktu horren sustatzaileen arabera, propietate miragarriak ditu, eta hori hartzeko aholkua ematen dute, hainbat gaitz sendatzeko gai delakoan.
Hala ere, EiTBk egunotan koronabirusaren inguruko albiste faltsuak gezurtatzeko lankide duen Maldita.es atariak Maldito Bulo atalean argi utzi duenez, "ez dago probarik" sodio kloritoak COVID-19ari aurre egiteko balio duela esateko. Maldita.es atariarekin ez ezik, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarekin ere ari da EiTB elkarlanean zurrumurru horiei aurre egiteko.
Maldito Bulon azaldu dutenez, "MMS, Miracle Mineral Solution edo Miracle Mineral Suplement (osagarri edo soluzio mineral miragarria) ingelesezko hitzen siglak, sodio kloritoaren ur-disoluzioa", papergintzan eta ehungintzan erabiltzen dute zuritzaile gisa, eta, "neurri txikitan, ura edangarri bihurtzeko erabiltzen den konposatuetako bat da". Gainera, ez da ageri koronabirusari aurre egiteko ikertzen ari diren botika eta tratamenduen artean.
Kataluniako Medikuen Elkargoaren salaketa
Kataluniako Medikuen Elkargoen Kontseiluak salaketa jarri ondoren, Kataluniako Fiskaltza Nagusiak ikerketa egiteko izapideak abiatu ditu Josep Pamiesen eta Dolça Revolució kooperatibaren aurka, sodio kloritoa sustatzeagatik koronabirusari aurre egiteko tratamendu gisa.
Kataluniako Medikuen Elkargoen Kontseiluak salaketa jarri du osasun publikoaren kontrako ustezko delitu bat eta publizitate engainagarriagatik beste bat egotzita, koronabirusari aurre egiteko sodio kloritoaren ustezko egokitasuna sareetan zabaltzeagatik, medikuen ordezkariek komunikatu baten bidez jakinarazi dutenaren arabera.
"Josep Pamiesek, osasun alorrean baliozkotutako titulaziorik edo medikuntza ezagutzarik gabe, banalizatu egiten du, bere webean eta sare sozialetan, COVID-19ari buruz eta MMS produktuaren ustezko egokitasunari buruz", medikuen kontseiluaren esanetan.
Kontseiluaren arabera, bide ezberdinetatik eta Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak egin berri duen txosten baten bidez izan du gertakari horien berri, Pamiesi eta Dolça Revolució kooperatibari delituak egozteko nahikoak izan daitezkeenak.
Horren iritzian, Josep Pamiesek mezu engainagarri hori zabaltzeko bideoa Youtube plataformatik kendu badute ere, egileak hori sustatzen jarraitu du Dolça Revolució kooperatibaren bitartez.
Bideoan, "koronabirusaren aurkako konponbidea duela esaten ausartzen da Pàmies", eta onartu egiten du debekatuta dagoela MMSa botika gisa saltzea, baina ez desinfektatzaile gisa, eta herritarrei dei egiten die Dolça Revolució kooperatibarekin harremanetan jartzeko produktua eskuratze aldera.
Poliziaren arabera, arriskutsua eta legez kanpokoa da
Apirilaren 5ean, pandemiaren jarraipena egiteko batzordearen bileraren ostean, Espainiako Polizia Nazionaleko Logistika eta Berrikuntza Saileko zuzendariorde nagusi José García Molina, besteak beste, MMSari buruz aritu zen, eta gezurtzat jo zuen soluzio mineral miragarri horri buruzko informazioa. "Albiste faltsua da" eta herritarren artean "izua zabaldu besterik ez du nahi", horren hitzetan. "Horren kontsumoa arriskutsua da, eta legez kanpoko substantzia da", gaineratu zuen.
Hona hemen prentsaurrekoaren une jakin hori, Javier Pereira "Wicho" dibulgatzaile zientifikoak zabaldutakoa:
Hamarkada bat malaria, ebola eta autismoa ere "sendatzen"
Fernando Frías dibulgatzaileak orain urtebete Naukasen gogoratu zuen bezala, Botiken eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak duela 10 urte "ohartarazi zuen «MMSa» legez kanpoko botika dela, baina orain arte horren saltzaileek erabateko inpunitatearekin eta inork molestatu barik aritu dira". Urte horietan, malaria, ebola eta autismoa sendatzeko balio zutela esan zuten. Pamiesek MMSa autismoa sendatzeko metodo gisa aurkezteko eman behar zuen hitzaldi baten harian egin zuen Friasek artikulu hori, gaixoen senideen elkarteen protesten aurrean aipatu hitzaldia bertan behera utzi eta gero.
Post berean, Pàmiesi eta horren elkarte-kooperatibari ezarritako isun handiak gogoratu zituen Friasek. Generalitateak 600.000 euroko isun bat jarri zion Pamiesi, "helburu sendagarriak dituzten eta sendagai gisa baimenduta ez dauden produktuak publikoari zuzenduta sustatu, publizitatea egin eta zabaltzeagatik".
Zure interesekoa izan daiteke
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoko pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak utzi ditu
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak aipatuta, "giza duintasunak pasaporterik ez" duela esan du.
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia, blusa eta nesken kalejira berriarekin, teknikarien grebak baldintzatuta
Goizean, blusen eta nesken kuadrillek lore eskaintza egin diote Andre Maria Zuriari eta haren aldeko aurreskua dantzatu dute, eta arratsaldean kalejira egin dute, ibilbide berria estreinatuta. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du.