Nafarroan test azkarrak erabiltzen hasi dira larrialdi zerbitzuetan
Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi du gaurtik aurrera koronabirusaren test azkarrak erabiltzen hasiko direla lurralde osoko osasun zentro guztietan, eta horrela "15 minutuan" egin ahal izango dutela "kasu positiboen diagnosi azkarra".
Indurainek koronabirusari buruzko prentsaurrekoan jakinarazi duenez, uneotan "fase garrantzitsu batean gaude, eta kasuak garaiz atzemateaz gain, gizartearen immunizazioa aztertzen hastea hasi behar gara pentsatzen".
Gaineratu duenez, horretarako "baliabide berriak ditugu, test azkarrak besteak beste, baina estrategia zabal eta mailakatu baten baitan erabili behar dira, logistika eta eraginkortasuna kontuan izanda".
Dena den, Nafarroan PCR probak egiten jarraituko dutela adierazi du, "diagnosi fidagarriena delako hasierako fasean". "Diagnosi teknika nagusia da, infekzioaren lehenengo fasean birusa atzemateko fidagarritasun handia duelako", azpimarratu du.
Horren harira, egunero 400-500 PCR proba egiten ari direla, baina gaur bertan 561 egin dituztela jakinarazi du.
Kontseilariak azaldu duenez, PCR sistema "indartzeko", test azkarrekin "osatuko" dituzte. Test horiek "% 80ko fidagarritasuna dute gaitza gutxienez 7 egunez izan dutenen kasuetan, eta % 64koa sintomekin hasi direnetan".
Horregatik, "test azkarrak Nafarroako osasun zentro guztietako larrialdi zerbitzuetan erabiltzen hasiko dira gaurtik aurrera", Indurainen arabera.
Zure interesekoa izan daiteke
Sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati bikotekidea bortxatzeagatik eta etengabe tratu txarrak emateagatik, Nafarroan
Indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko akordioak 25 urte bete ditu
Urdako tren istripuaren biktimen aldeko hileta elizkizuna azaroaren 12an egingo dute Toledoko katedralean
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyon partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak