Beste bi urtez luzatu diote Kote Cabezudo argazkilariari behin-behineko espetxealdia
Gipuzkoako Auzitegiak beste bi urtez luzatu dio behin-behineko espetxealdia Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari. Modeloei gehiegikeriak egiteagatik, iruzurragatik eta sexu askatasunaren aurkako beste hainbat delitu egotzita dago auzipetuta.
Cabezudo 2018ko maiatzaren 4an eraman zuten Martuteneko kartzelara. Behin-behineko espetxealdian bi urte betetzear dagoenez, haren egoera aztertu behar izan dute, eta epai-mahaiak kartzelaldi probisionala beste bi urtez luzatzea erabaki du, Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren eskariak onartuta. Behin-behineko espetxealdia lau urtekoa izan daiteke gehienez.
Cabezudorena auzi konplexua da. Kasu nagusia 2013an abiatu zuten, argazkilariari 47 delitu leporatuta, horietako hainbat bere modeloen sexu-askatasuna urratzeagatik.
Kasu horietatik beste batzuk eratorri dira, larrienak hauek: epaileek esandako ez betetzea, biktimak behartzen saiatzea eta justiziaren lana oztopatzea.
Behin-behineko espetxealdia berrikusteko saioa apirilaren 22an egin zuten. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak preso jarrai zezala eskatu zuten, bere kontrako froga asko daudela eta ihes egiteko arriskua dagoela iritzita.
Halaber, libre geratuz gero, biktimen kontra egin dezakeela ohartarazi zuten, lekuko bat beldurrarazten –biluzik ageri den argazki bat zabaldu zuen sare sozial batean- saiatu zela gogoratuta.
Defentsako abokatuak, berriz, aske uzteko galdegin zuen, behin behineko espetxealdian mantentzeko arrazoi nahikoa ematen ez direla argudiatuta.
Horrez gain, kautelazko neurri guztiak bete zituela eta epaitegira deitu duten guztietan joan zela azpimarratu zuen. 72 urte dituela, adin txikiko alaba bat daukala eta Donostian errotuta dagoela ere aipatu zuen haren abokatuak.
Amaitzeko, koronabirusaren pandemiagatik bizi dugun alarma egoeraren ondorioz Cabezudok inora ihes egitea ezinezkoa dela nabarmendu zuen.
Hala eta guztiz ere, Gipuzkako Auzitegiak argudio horiek guztiak baztertu eta akusazio partikularraren eta Fiskaltzaren eskaria onartu zuen, argazkilari donostiarraren kontrako zantzu asko daudela kontuan hartuta.
Zure interesekoa izan daiteke
Berehalako trafiko-kontrolak ezarri dituzte Oiartzunen eta Irunen, hirigunean zirkulazio-arazoak saihesteko
Ertzaintzak Oiartzungo landa-bideetako sarbideak zainduko ditu bereziki, mugan harrapatutako ibilgailuek ordezko bideak erabil ez ditzaten. Irunen, Udaltzaingoak iragazkiak ezarriko ditu, igarobideko trafikoak hirigunea kolapsatu ez dezan. Ostegun honetan, 10 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira Biriatun, Baionarako noranzkoan.
Hamar urteko mutiko bat hil da Burlatako etxebizitza batean izandako sutearen ondorioz
Sua hartu duen eraikineko hirugarren solairuko leihoetako batetik erori da eta ospitalera eraman dute, larri, kolpe ugarirekin.
14 dira Donostiako gozoki-saltzailearen sexu-erasoen biktimak
Ertzaintza 6 urteko epea ikertzen ari da, salatutako gertakarietako batzuk 2020koak baitira. Ustezko egilea behin behineko espetxealdian dago uztailaren hasieratik.
Anboto mendian 30 metroko altueratik erori ostean erreskatatutako 18 urteko emakume bat hil da
Istripua atzo, asteazkena, gertatu zen. Bi lekukok eman zuten abisua, gailurraren iparraldean biktima bihotz-arnasketako geldialdian zegoen bitartean, haren ondoan laguntza eske oihuka ari zen mutil bat prismatikoekin ikusi ostean. Gaur hil da gaztea, Gurutzetako ospitalean.
Urzainkiko suteak aktibo jarraitzen du, eta garrak perimetratzea da orain lehentasuna
Iñaki Elias Nafarroako suhiltzaileen buruak esan duenez, ez dago arriskurik herritarrentzat, baina eremu oso malkartsua izateak asko zailtzen ditu sua itzaltzeko lanak. Azken orduetan 4x4 ibilgailuentzako eta mangerentzako bideak irekitzea lortu dute, eta, horri esker, errazago heldu ahal izango diote suari, lurrez; airez, zortzi helikoptero ari dira lanean.
Enpresen iruzurrerako sare bat desegin dute Bilbon eta Castron
Guardia Zibilak bost pertsona atxilotu ditu talde kriminaleko kide izatea, iruzur egitea, dirua zuritzea, dokumentuak faltsutzea eta egoera zibila usurpatzea egotzita.
Izarrako igerilekua gaur itxi dute, ur eskasia dela eta
Urkabustaizko Udalak (Araba) udal igerilekuen denboraldia ohi baino lehenago ixtea erabaki du, ur kontsumo handia eta akuiferoen agortzea tarteko.
1.200 pertsona migrantetik gora lekualdatu dituzte Ceutako El Trampolin hondartzatik harrera-gune berrietara
Goizean ekin diote pertsona migratzaileak lekualdatzeko lehen faseari, uztail amaieran Ceutan izandako oldearen ondotik hondartza hustu asmoz. Lekualdatzea oinez eta taldeka egin da, inolako isitilurik gabe. Lekualdatutako ia erdiak hondartzara itzuli dira; gehienak, beren gauzak berreskuratzera, baina batzuk berriro han lo egiteko asmoz bueltatu dira.
Behi bat erreskatatu dute sasi artean, Faltzesko bosgarren entzierroan lubetatik erori ostean
Behia mugitu ezinik egon da hainbat minutuz, sasiz eta sastrakaz estalitako eremu batean harrapatuta. Azkenean, animalia bere kabuz irteten saiatu da, baina ez du askatzea lortu. Egoera horren aurrean, erreskate bat jarri da martxan, auzolanean sokak jarrita, zezena harrapatuta geratu den eremutik ateratzeko.
Rigloseko sutea egonkortu dute 14.500 hektarea kiskali ostean
Goizean Centenero, Ena eta Botayan herrietako bizilagunak beren etxeetara itzuli dira, atzo beste 13 herritako 583 bizilagunek egin bezala.