Ez, okupak ezin dira erroldatu bizi diren tokian koronabirusaren laguntzak jasotzeko
Espainiako Gobernuak ez du baliatu alarma-egoera hauteskunde-iruzurra edo legez kontrako okupazioa bultzatzeko, bizilekurik gabeko herritarrak erroldatzeko baldintzetan ustez egindako aldaketa baten bidez. Hain justu ere, araudi hori ez da 1997tik aldatu.
Horren harira, hainbat erabiltzailek #Koronabuloak geldiarazteko EiTBren ekimenarekin bat egin dute, 600 900 454 WhatsApp zenbakiaren bidez, mezularitza zerbitzu horretan dabilen mezu baten berri emateko. Mezu horrek Estatuko Aldizkari Ofizialeko (BOE) ebazpen bat erakusten du, maiatzaren 2an argitaratu zutena, eta informazio honekin batera doan argazkia da.
Dena dela, mezuak ez du era egokian interpretatzen ebazpen hori. Horregatik gaineratu diogu irudiari fake news marka, hau da, hedatu den argazkiarekin batera dauden testuak zuzenak ez direla nabarmentzeko.
Zer dio WhatsAppetik dabilen mezuak?
Arestian esan bezala, WhatsAppetik zabaldutako mezuarekin batera, Espainiako Gobernuaren ebazpen baten irudia agertzen da. Duela egun batzuk argitaratu zuten, eta, hain zuzen ere, haren 3.3 puntua dago nabarmenduta. Puntu horrek "Baldintza penagarrietako etxebizitzetako erroldatzea eta bizilekurik gabeko pertsonen erroldatzea" du hizpide.

Honako hauxe dio ebazpenak puntu horretan:
"Erroldak bizilekua islatu behar du. Erroldako inskripzioak ez du inolako loturarik etxebizitzaren titulartasunaren gaineko eztabaida juridiko-pribatuekin; era berean, ez du zerikusirik bizilekuaren egoera fisikoarekin, garbitasun-, edo osasun-baldintzekin, edo beste mota batzuetako baldintzekin".
"Ondorioz, baldintza penagarrietako etxebizitzek (txabolak, karabanak, kobazuloak, eta abarrak zein inolako sabairik ez dutenak), Erroldan helbide baleko gisa agertzeko aukera eta beharra dute".
Ebazpenak, halaber, azaltzen du "'itxurazko helbide' baten alde egin beharko litzatekeela, baldin eta bizilekurik gabeko herritar bat udalerri jakin batean bizi dela gauza jakina bada, Gizarte Zerbitzuek hala baieztatuta".
Estatuko Aldizkari Ofizialaren irudiarekin batera, WhatsAppen bidez zabaldutako mezuak ziurtatzen du ebazpenak edozeini baimentzen diola erroldatzea nahiz eta dokumentaziorik ez izan. Horren bidez, okupek gutxieneko errenta kobratu ahal izango lukete, eta hauteskunde errolda PSOEren interesen alde aldatuko litzateke, pandemiaren testuinguruan.
Bizilekurik gabeko herritarren erroldatze-baldintzak ez dira aldatu 1997tik
Aitzitik, mezuak ziurtatzen duena ez da egia; izan ere, bizilekurik gabeko herritarren erroldatze-baldintzak ez dira aldatu. Are gehiago: ez dira 1997tik aldatu.Maldito Bulo atalaren bidez, Maldita.es web orriak gaiari heldu dio, hemen. Hain justu ere, EiTB Maldita.es webgunearekin dabil lanean egun hauetan, koronabirusaren gaineko albiste faltsuak geldiarazi nahian.
Hartara, Maldita.es-ek azaldu duenez, mezuan agertzen den Estatuko Aldizkari Ofizialeko atala 1997ko uztaileko Estatuko Aldizkari Ofizial batean agertu zen lehenengoz. Garai hartan, PPko Jose Maria Aznar zegoen Espainiako presidente.
Horrez gain, maiatzaren 2an argitaratutako ebazpenaren baldintzak 2015eko martxoko beste batean ezarritako berberak dira. Garai hartan, Mariano Rajoy (PP) zen Espainiako Gobernuko buru.
Zehazki, Presidentetza Ministerioak 1997an emandako Ebazpenak, "udal-errolda eguneratzeari buruzko Udalentzako jarraibide teknikoak" jasotzen zituenak, paragrafo berberak jasotzen zituen hitzez hitz "baztertuen errolda" arautzeko puntuan. Gauza bera gertatu zen 2015eko ebazpenean ere, non "bizilekurik gabeko pertsonen erroldatzea" deitu zuten.
Zergatik argitaratu da gai berari buruzko ebazpen berri bat maiatzaren 2ko BOEn?
Neurri batean, beharrezkoa zen jarraibide tekniko horiek egokitzea Auzitegi Nazionalak joan den abenduan emandako epaia betetze aldera, martxoaren amaieratik irmoa baita. Bertan, adingabe atzerritarrak espainiarrekin parekatzeko eskaria egin zuen Caritasek, identifikatzeko beharrizanei dagokienez.
Maldita.es-ek zehazten duen bezala, BOEn argitaratutakoak bi kontu besterik ez ditu aldatzen 2015eko araudian agertzen zen edukitik. Batetik, errolda aurkezteko modua (orain "bitarteko elektronikoen bidez" aurkeztu ahal izango da); eta, bestetik, adingabe atzerritarrak erroldatzeko baldintzak (atzerritarrak ez direnekiko aldeak kendu egin dira aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez).
Guraso bananduak edo dibortziatuak dituzten adingabeen erroldatzeari buruzko zenbait argibide ere ematen ditu, gatazkak egon daitezkeen kasu zehatzetan nola jokatu behar den adieraziz. Baina, Maldita.es egitasmoak gogorarazi duenez, sabairik gabeko etxeetan bizi diren pertsonen erroldatzea ez da aldatu, eta 1997tik aplikatzen ari da.
Ez da alarma-egoeran prestatutako dokumentu bat, ebazpenaren data 2020ko otsailaren 17a baita, eta Erroldatze Kontseiluaren Osoko Bilkuran jakinarazi zen 2019ko azaroaren 13an.
Udalei emandako jarraibide batzuk bakarrik aldatu behar baziren, zergatik argitaratzen da BOEn ebazpen osoa eta ez soilik aldatutako atalak dituen arau bat? Izan ere, araudi bat ez denez, ebazpen berri bat erabiltzea errazagoa dela uste da.
Nolanahi ere, erroldatzeak ez du legitimatzen etxebizitza bat legez kanpo okupatzea. Errolda da udalerri batean zer herritar bizi diren ezartzeko balio duen administrazio-tresna, udalerri horretan eskubide eta betebeharren subjektu egiten dituena, eta hautesle-errolda elikatzen duena, herritarrek bermatuta izan dezaten konstituzioaren 23. artikuluan jasotako gai publikoetan parte hartzeko eskubidea.
Maldita.es atariarekin ez ezik, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarekin ere ari da EiTB elkarlanean koronabirusaren inguruko zurrumurruei aurre egiteko asmoan.
Zure interesekoa izan daiteke
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoko pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak utzi ditu
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak aipatuta, "giza duintasunak pasaporterik ez" duela esan du.
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia, blusa eta nesken kalejira berriarekin, teknikarien grebak baldintzatuta
Goizean, blusen eta nesken kuadrillek lore eskaintza egin diote Andre Maria Zuriari eta haren aldeko aurreskua dantzatu dute, eta arratsaldean kalejira egin dute, ibilbide berria estreinatuta. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du.