Hildakorik eta positibo berririk gabeko lehen eguna Euskadin
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, azken 24 orduetan ez da inor hil Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE); beraz, orain arte 1541 hildako zenbatu dira. Horrez gain, ez dute kasu berririk baieztatu PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan emandako datuen arabera (igandeko 24:00ak arte bildutako datuak).
Horrela, koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute datuek. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 1202 detekzio-proba egin zituzten atzo: 977 PCR eta 225 test serologiko.
Azken orduetan, 13 kasu baino ez dituzte atzeman EAEn, denak test serologikoen bidez (6315 positibo guztira). PCR proben bidez (13.518), ordea, ez dute positiborik atzeman, Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.833 kasu baieztatu dira orain arte.
Testuinguru horretan, Bizkaian baieztatu dituzte positibo gehien orain arte, 7610 guztira. Gipuzkoan, 2313 kasu zenbatu dituzte orain arte, eta Araban, berriz, 3006 positibo atzeman dituzte pandemia hasi zenetik.
Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken astean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 202.947 PCR proba eta 113.875 test azkar egin zaizkie 178.342 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 11 pertsona sendatu dira (16.510 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,68). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak gora egin du, atzo zabaldutako datuekin alderatuta 2 paziente gehiago baitaude. Horrela, gaur egun 29 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.
Orain arte, guztira 1541 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Gainera, 1782 gaixo daude oraindik (% 9). Azken orduetan, 5 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, gaur egun 255 pertsona daude ospitaleratuta (226 gela arruntetan eta 29 ZIUetan).
Uztailaren 12ko hauteskundeetarako jarraibideak eman ditu Jaurlaritzak
Bestalde, uztailaren 12an EAEn izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, osasunarekin eta segurtasunarekin lotutako betekizunak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Osasun publikoa zainduz, herritarrei botoa emateko eskubidea bermatzea da, hain zuzen ere, jarraibide horien helburu nagusia.
Eguerdian Lehendakaritzan egindako agerraldian, Nekane Murga Osasun sailburuak osasun arloko jarraibideak eman ditu, eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak, berriz, antolakuntzari buruzko xehetasunak eman ditu.
Jaurlaritzak azaldu duenez, herritarrek botoa emateko eskubidea berme osoz gauzatu ahal izateko ezarri dituzten osasun arloko betekizunak ondorengoak dira: segurtasun-tartea uztea, maskara erabiltzea, eskuak sarri garbitzea, gainazalak eta leku jendetsuak garbitzea eta desinfektatzea eta jendea pilatzea saihestea.
Hauteskunde hauetan aurreko hauteskundeetan baino 41 hautesleku gehiago egongo dira (6 gehiago Araban, 27 Bizkaian eta 8 Gipuzkoan). Gainera, uztailaren 12an egongo diren 761 hauteslekuetatik 100 beste kokaleku batean jarriko dira.
Bost positibo eta hildako bat ere ez Nafarroan
COVID-19aren kasuen kopuruak, PCR probekin baieztatuta, gora egin du azken orduetan Nafarroan, hau da, guztira 5 299 kasu izan dira, bost gehiago izan baitira azken orduetan; hildakoen kopurua, berriz, 515 kasutan mantendu da, ez baita heriotzarik izan.
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, bi paziente ospitaleratu behar izan dituzte, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean, eta, beraz, hamaika pertsona daude zainketa intentsiboetan.
64 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 51 gelan arruntetan daude, bi etxeko zaintzan eta beste hamaikak zainketa intentsiboetako unitateetan, aipatu bezala.
COVID-19aren pandemia hasi zenetik, 6 012 pertsonari alta eman zaie Foru Erkidegoan.
Osasun Ministerioak ez du heriotzarik zenbatu Espainian
Osasun Ministerioak ez du hildakorik zenbatu koronabirus berriaren bilakaerari buruzko eguneroko txostenean, martxoaren 3tik lehenengo aldiz; beraz, COVID-19aren ondorioz hildako pertsonen kopurua 27.127 pertsonakoa da oraindik, eta horietatik 35ek bizia galdu dute azken 7 egunetan.
Era berean, diagnostikoak 71ra murriztu dira azken 24 orduetan, hau da, kutsatutako eta PCR probak baieztatutako pertsonen kopurua 239.638ra jaitsi da. Gainera, 11.399 pertsona zainketa intentsiboetako unitate batean sartu dituzte, 9 azken 7 egunetan, eta 123.879 ospitaleratu behar izan dituzte.
Ildo horretan, Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak adierazi duenez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea buru duen Deseskalatzerako Batzorde Teknikoaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Espainian 24 ordu behar dira batez beste COVID-19aren kontsultaren eta diagnostikoaren artean. Izan ere, datuak "oso mesedegarriak" direla esan du.
Kantabrian, Extremaduran, Galizian, Melillan, Murtzian, Euskadin eta Errioxan ez dute COVID-19arekin inor diagnostikatu azken orduetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat hil da eta lagun bat zauritu, Irungo soto batean izandako sutean
Zauritua helikopteroz eraman dute Gurutzetako Ospitalera. 13:45ean piztu da sua, Uranzu kalean, eta garrak itzaltzea lortu badute ere, suhiltzaileek hozte-lanetan jarraitzen dute.
Milaka bizipen ahaztezin, bost eguneko ibilbidean
Martxoaren 19an abiatu zen euskararen aldeko lasterketa Atharratzetik, eta, harrezkero, urratsez urrats, lurraldez lurralde, euskarari hauspoa ematen aritu dira milaka euskaltzale. Oraindik bidearen erdia ere ez du egin, baina dagoeneko irudi eta une zirraragariak utzi ditu Korrikaren 24. edizioak.
Euskadiko Erlijioen Kontseilua sortuko du Eusko Jaurlaritzak
Udaberrian jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Erlijioen Kontseilua EAEko erlijio-aniztasuna kudeatzeko helburuz. Bizikidetza eta laikotasun kooperatiboa oinarri izango dituen ekintza plan batekin jaioko da.
Nafarroatik Gipuzkoara egingo du jauzi Korrikak bere bosgarren gauean
Araban ikusi ditu lekukoak eguneko lehen eguzki printzak, eta bertan ibiliko da Korrika eguerdia iritsi bitartean. Egino eta Ziordia arteko bidea eginda, Nafarroa iparraldean barneratuko da 13:00a aldera, Gipuzkoa helburu hartuta.
Nafarroako Gobernuak suizidioa prebenitzeko behatokia sortuko du, diziplina anitzeko profesionalen laguntzarekin
Jokabide suizidak prebenitzeko eta horiek pairatzen dituzten pertsonak artatzeko estrategia aurkeztu du Nafarroako Osasun Departamentuak. Iaz, 39 pertsona hil ziren Nafarroan beren buruaz beste eginda.
Alerta, gas-isuri handi batengatik, Barakaldon
Ezbeharra 10:00ak aldera gertatu da, Lutxana auzoko Elorriaga etorbidean dagoen obra batean, eta horrek kezka sortu du auzokoen artean.
Hamaika pertsona atxilotu dituzte Castro Urdialesen, droga-trafikotik ateratako dirua zuritzeagatik
Operazioan 3.000 gramo kokaina baino gehiago, 7 arma labur eta 4 luze, munizioa eta dirua atzeman dituzte.
2015-2025 tartea, erregistroak daudenetik izandako beroena, Munduko Meteorologia Erakundearen azken txostenaren arabera
176 urte badira Lurraren batez besteko tenperatura neurtzen dena, eta azken 11 urteotan erdietsi dira balio altuenak. "Historia 11 aldiz errepikatzen denean, jada ez da kointzidentzia, jarduteko deia zuzena da", azpimarratu du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak.
CCOO sindikatua, Korrikan parte hartu ez izanaz: "Etsaien aldean jarri gaituzte"
CCOO sindikatuaren kontrako "apartheid soziala" gaitzetsi du berriro sindikatuaren Euskadiko idazkariak, Korrikan parte hartzeari "betoa" jarri diotelakoan. Bestalde, euskararen aurkako eraso judizialik dagoela ukatu egin du sindikatuak.
Osakidetzaren EPErako izen-ematea ireki da, eta probak ekainean egingo dira
Deialdiak 5.425 plaza eskainiko ditu, horietatik 2.160, berriak. Probak ekainaren 19an, 20an eta 21ean egingo dira.