Zaldibarko zabortegian izandako luiziaren kronologia
2020ko otsailaren 6an, 16:00ak aldera, izan zen luizia Verter Recycling enpresak kudeatzen duen Zaldibarko zabortegian. Milaka tona hondakin behera etorri ziren, eta bertan lanean zeuden bi langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, azpian harrapatuta geratu ziren. Hainbat hilabetez bila aritu ondoren, 2020ko abuztuan aurkitu zituzten Sololuzeren gorpuaren hainbat zati. Beltranen bila jarraitu zuten hainbat hilabetez, baina 2021eko maiatzaren erdialdean bukatutzat eman zituzten lanak, Joaquin Beltranen arrastorik aurkitu gabe.
Aurrekariririk gabeko krisi politikoa eragin zuen luiziak EAEn, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainaurre bete-betean. Hondakin industrialak pilatzeko baimena zuen hondakindegiak, baina ezbeharrak agerian utzi zuen, besteak beste, amiantoa material toxikoa zuten hondakinak ere biltegiratu zirela bertan. Gainera, luizia gertatu eta zortzi egunetara, dioxina eta furano maila altuak atzeman zituzten airean, Zaldibarren eta inguruko hainbat herritan.
Berehala hasi ziren herritarrak antolatzen, eta Zaldibar Argitu plataforma jarri zuten martxan. Mobilizazio ugari egin dituzte denbora honetan, Eusko Jaurlaritzari "erantzun argiak" eta "ardurak" eskatzeko. Europako Batzordeak, bere aldetik, ez du Europako arauen urraketarik atzeman Zaldibarko zabortegiaren kudeaketan.
Hauek dira gertakari honi lotutako data eta albiste esanguratsuenak, laburbilduta:
Otsailak 6: Zaldibarko zabortegia behera etorri zen eta bi langile hondakinen azpian harrapatuta geratu ziren. Verter Recycling enpresa pribatuak kudeatzen du hondakindegia. (Lur-jausiaren irudiak, airetik hartuta).
Otsailak 7: Desagertutako langileen bilaketa bertan behera geratu zela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, hondakinen artean amiantoa aurkitu zutelako. Inguruko bi baserri hustu zituzten.
Otsailak 8: Sutea piztu zen Zaldibarko zabortegiaren goialdean.
Otsailak 8: Desagertutako langileetako baten familia oso minduta agertu zen Eusko Jaurlaritzarekin; azalpenak nahi zituzten.
Otsailak 9: Zaldibarko zabortegian pilatzen zituzten materialen artean lindanoa egon zitekeela ohartarazi zuen Ekologistak Martxan sareak.
Otsailak 10: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran bilatzeko lanak berriro martxan jarri zituzten, baina lurraren ezegonkortasuna dela eta, hirugarren aldiz, etetea erabaki zuten. Bi egun geroago, berriro abiatu zituzten bilatzeko lanak.
Otsailak 11: Zaldibar eta inguruko herrietako bizilagunak Zaldibar Argitu plataforma eratu eta mobilizazioak hasi zituzten.
Otsailak 11: Durangoko Epaitegiak luizia argitzeko ikerketa abiatu zuen.
Otsailak 12: Iñigo Urkullu lehendakaria zabortegira joan zen eta bi desagertuen familiekin bildu zen. Senideek publikoki kritikatu zuten Eusko Jaurlaritza auzi honetan izaten ari zen jokabidea.
Otsailak 13: Eusko Jaurlaritzak zehapen-espediente bat ireki zion Verter Recycling enpresari, Zaldibarko zabortegiaren jabeari.
Otsailak 14: Zabortegian piztutako suaren ondorioz, Zaldibarren eta inguruko herrietan dioxina maila altuak antzeman zituzten airean.
Otsailak 15: 'Zaldibar argitu orain' lelopean, manifestazio jendetsua Zaldibarren: zabortegian gertatutakoa argitzeko eskatu zieten eradundeei.
Otsailak 17: Eusko Jaurlaritzak kalean kirolik ez egiteko eta etxebizitzak ez aireztatzeko gomendioa egin zien zabortegiaren inguruan bizi diren herritarrei, airean atzemandako dioxina eta furano maila altuak zirela eta: Zaldibar, Eibar eta Ermuko ikastetxeetako haurrak ez ziren jolastokira aterako.
Otsailak 18: Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuaren agerraldia, Legebiltzarrean: "Verter Recycling enpresa da zabortegiaren segurtasunaren erabateko arduraduna"
Otsailak 19: Zaldibarren pilatutako hondakinak beste autonomia erkidego batzuetara eramatea aztertzen ari zen Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zabortegiak gainezka zeudela eta.
Otsailak 20: Zaldibarko luiziak harrapatutako bi langileak bilatzeko lanak erreskateko 2. gunera zabaldu ziren.
Otsailak 26: Bizkaiko Foru Aldundia eta Ermuko eta Eibarko Udalak akusazio partikular gisa aurkeztu zuten euren burua otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia eraisteagatik abiatutako prozesu judizialean.
Martxoak 14: Covid-19a dela eta, alarma-egoera ezarri zuten, eta Zaldibarren egiten ari ziren lanetan eragin nabarmena izan zuen horrek; moteldu egin zen bilaketa. Hamabost egun geroago, operatibo osoa berriro martxan jarri zuten.
Apirilak 5: Alberto Sololuzeren autoa topatu zuten zabortegiko hondakinen artean.
Apirilak 8: Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak luizia argitzeko ikerketa bat egiteko eskatu zien hiru adituri. Halaber, enpresa britainiar bati auditoria bat egiteko galdegin zion.
Maiatzak 6: ETBn egindako elkarrizketa batean, lanak ez eteteko eskatu zuten desagertutakoen familiek.
Maiatzak 13: Europako Batzordeak zabortegiko gertakaria ikertuko zuela iragarri zuen; kasuaren larritasuna nabarmendu zuen, eta informazioa eskatu zien Espainiako agintariei.
Ekainak 30: Bizkaiko Foru Aldundiak AP-8 autobidean Donostiarako noranzkoan dauden bi erreiak ireki zituen, Zaldibar parean. Egun berean, Zaldibarko zabortegiko 1 segurtasun-biltegia handitzeko baimena eman zuen Eusko Jaurlaritzak.
Uztailak 21: Zaldibarko zabortegia kudeatzen duen Verter Recycling 2002 enpresako hiru goi-kargu atxilotu zituen Ertzaintzak.
Uztailak 23: Epaileak arduragabekeriazko hilketa egotzi zien Zaldibarko zabortegiko arduradunei, eta aske utzi zituen behin-behinean. Hiru ikertuei pasaportea kentzeko agindu zuen magistratuak, eta agintaritzaren aurrean hilean behin agertu beharra ezarri zien.
Uztailak 30: Verter Recycling Zaldibarko zabortegia kudeatzen duen enpresak ziurtatu zuen otsailaren 7an zabortegiaren ikuskapen teknikoaz arduratzen den taldearekin pitzadurei buruzko ikerketa topografikoaren emaitzak aztertu behar zituela, "ezusteko luizia" gertatu eta egun batera.
Abuztuak 16: Giza-hezur bat aurkitu zuten zabortegian. Polizia zientifikoak baieztatu zuenez, 23 metroko sakoneran telaz inguratuta aurkitu zuten tibia pertsona batena zen.
Abuztuak 17: Giza-hezur gehiago aurkitu zituzten haien ondoan, eta objektu pertsonal batzuk: argazki-kamera bat, erloju uhal bat, eguzkitako betaurrekoak eta giltzarrapo bat.
Abuztuak 19: Zaldibarko zabortegian aurkitutako gorpuzkiak Alberto Sololuzerenak zirela baieztatu zuten DNA probek.
Irailak 8: Alberto Sololuzeri azken agurra eman zioten, Markinan.
Urriak 5: Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta herri-akusazio gisa aurkeztu ziren Zaldibarko zabortegiko luiziari buruzko epaiketan.
Urriak 15: Joaquin Beltran bilatzeko lanak zabortegiko beste bi eremutan hasi zituzten, B1 eremuan lanak bukatutzat jo ostean. Ordura arte, haren arrastorik ez.
Azaroak 24: Europako Batzordeak Zaldibarko zabortegiko luizia ikertzea erabaki zuen, Zaldibar Argitu plataformaren eskari bat tramitera onartu ondoren.
Azaroak 24: Eusko Jaurlaritzak amaitutzat eman zuen Zaldibarko airearen kalitatea zaintzeko kanpaina, zabortegia erori ondoren abian jarri zena.
Urtarrilak 6: Ezbeharra gertatu zenetik 11 hilabete igaro direnean, Zaldibar Argitu plataformak mobilizazioei eutsi zien. Zaldibarko zabortegia erori zenetik arduradun pribatuak eta publikoak "isilik" egon izana eta "inork" bere gain erantzukizunik hartu ez izana salatu zuen plataformak.
Urtarrilak 20: Eusko Jaurlaritzak Verter Recycling enpresari egotzi zizkion Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren ondorioz inguru horretako lurzoruetan eta gainazaleko zein lurpeko uretan sortutako "kalte garrantzitsuak". Espedientearen arabera, enpresak 10 eguneko epea (bost eguneko luzapenarekin) zuen Zaldibarren eragin zituen ingurumen arazoak onbideratzeko proiektu bat aurkezteko.
Urtarrilak 22: Verter Recycling enpresak baztertu egin zuen Zaldibarko ingurumen kalteen erantzule "bakar" izatea eta "inplikatutako beste eragile batzuk" ere erantzule izan litezkeela erantsi zuen. Enpresak zorroztasun handiagoa eskatu zion Jaurlaritzari, "bai jarraitu beharreko prozedurari dagokionez, bai ebazpen horren amaierako ondorioei dagokienez ere".
Urtarrilak 29: Durangoko Epaitegiak abian jarri zuen Verter Recyclingen eta enpresa horretako hiru arduradunen aurkako prozesu judiziala, ingurumenaren aurkako delituak leporatuta.
Otsailak 5: Lehen urteurrenaren bezperan, Joaquin Beltranen gorpua aurkitu arte zabortegia ez zigilatzea eskatu du sendiak.
Otsailak 5: Verter Recycling enpresak adierazi zuen lehentasuna Joaquin Beltranen gorpua bilatzea eta berreskuratzea zela.
Otsailak 5: Zaldibarko zabortegiaren luiziarekin lotutako gertakari guztiak justiziaren esku jarri zituen Eusko Jaurlaritzak, eta "ardura guztiak modu zehatz eta zorrotzean" eskatu zituen.
Otsailak 6: Luiziaren lehen urteurrenean Zallan egindako elkarretaratzean, Joaquin Beltranen aurkitu bitartean zabortegia ez zigilatzeko eskatu zuen haren familiak, "ezin baititugu loreak zabortegi batera eraman".
Otsailak 6: Zabortegiko bilaketa lanetara egindako bisita batean, bilaketa lanak B1B eta B1C eremuetara zabalduko zituztela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, "toki horietan topatzeko itxaropen irmoarekin".
Otsailak 11: Europako Batzordeak ez zuen Europako arauen urraketarik atzeman Zaldibarko zabortegiaren kudeaketan.
Otsailak 18: Zaldibarko zabortegiaren auzia herri akusazio gisa aurkeztu ziren Zaldibar Argituz plataformaren eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren esanetan, "erantzukizun politikoa" zegoen Zaldibarko auzian.
Martxoak 10: Joaquin Beltran bilatzeko lanak beste eremu batean hasi zituzten, gune gorria deiturikoan.
Martxoak 24: Zaldibarko zabortegiko bilaketa lanetan aurkitutako hondakin materialak ez ziren Joaquin Beltranenak.
Apirilak 6: Lore eskaintza egin zuten Zallan Joaquin Beltranen omenez, desagertu zenetik 14 hilabete bete zirenean.
Apirilak 23: Bilaketa lanak amaitu zituzten garbitokiaren eremuan eta beste eremu batera bideratu zituzten lanak.
Apirilak 28: Maiatza erdialdean hasi ziren Joaquin Beltranen gorpua bilatzeko falta zen azken "eremu beroa" arakatzen.
Maiatzak 13: Zabortegiaren zigilatze sisteman egindako akatsek eragin zuten luizia, adituen bi txostenek ondorioztatu zutenez.
Abuztuak 31: Amaitu dituzte Zaldibarko zabortegia egonkortzeko eta egokitzeko lanak.
Irailak 3: Zaldibarko zabortegiko akusatuak ez dira espetxera joango, Fiskaltza eta familiekin akordioa egin baitute.
Otsailak 16: Ezbeharra gertatu zen auzoko, Eitzagako, bizilagunak kexu dira "ahaztu" egin dituztelako.
Azaroak 12: Durangoko 1. Instrukzio Auzitegia Eusko Jaurlaritzako hiru ingurumen teknikari ikertzen ari da Zaldibarko zabortegiko lur-jausiarekin lotuta.
Otsailak 4: Verter Recicling enpresak zegokiona baino lur eremu zabalagoa erabili zuen Jaurlaritzaren eta Zaldibarko Udalaren baimenik gabe.
Albiste gehiago gizartea
"Nahasmendu delirantea" diagnostikatu diote medikuek Kabiecesen 400 haur baino gehiago txertatu gabe utzi zituen erizainari
Epaiketaren laugarren egunean, auzipetua auzitegian aurkeztu da, baina deklaratzeko moduan ez dagoela onartu du.
Iruñeko Planetarioa berreraikitzeko lanak hasi dira
Urtarrilean kupula larriki kaltetu zuen sutearen ondoren, Iruñeko Planetarioa Tornamira Aretoa zaharberritzen eta eraikina osorik modernizatzen hasi da. Kultura sailburu Rebeca Esnaolak zentroa zientzia eta astronomia dibulgaziorako abangoardiako gune gisa berreskuratzea helburu duten jarduerak azaldu ditu.
Sindikatuek eta pentsiodunek protesta egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean
Pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara (LGS) arte osatzeko Herri Ekimen Legegilea (HEL) Jaurlaritzak aintzat hartu ez izanagatik protesta egin du pentsiodunen mugimenduak. Bestalde, enplegu publikoko prozesuetan izandako euskararen aurkako "erasoaldi judiziala" salatu du LAB sindikatuak.
Bi gizon atxilotu dituzte Azkoitian gizon bati sexu-erasoa egin eta legez kanpo atxikitzeagatik
Joan den asteartean, gizon bat Ertzaintzaren egoitzara joan zen sexu-eraso baten biktima izan zela eta bere borondatearen aurka atxiki zutela eta eraso fisikoa eta sexuala egin ziotela salatzeko.
Euskal Selekzioak eta Palestinak lagunarteko futbol partida jokatuko dute San Mamesen azaroaren 15ean
Espainiako agintarien arabera, ez da kirol ekitaldi huts bat izango, eta Palestinan pairatzen ari diren "giza eskubideen urraketa guztiak" ikusarazteko ere baliatuko dute lagunartekoa.
Baso-sute arriskua oso handia izango da Nafarroan ostegunetik larunbatera
Aurreikuspenen arabera, arriskua nabarmen murriztuko da larunbateko azken orduan, prezipitazio-fronte bat sartuko baita.
Euskararentzat "arkitektura juridiko berria" eskatu du Kontseiluak, "langile publikoek euskararen ezagutza izatea" bermatzeko
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak deituta, bilkura egin dute, arratsaldean, Donostiako epaitegi batek euskararen aurka kaleratu berri duen epai bat salatzeko. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, "ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea", "botere judizialetik ezarritako blokeoa gainditzeko".
Palestinaren aldeko mobilizazioak egingo dituzte ostegunean Hego Euskal Herrian
Protestak eguerdian eta arratsaldean izango dira, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.
EHUk 247 milioi euroko egitasmoei uko egin die Israelen parte hartzea dutelako
Joxerramon Bengoetxea errektorearen hitzetan, “herri palestinarraren genozidioaren auzia lehentasuna da” EHUrentzat. Gogorarazi du 2024ko apiriletik ez dutela harremanik Palestinan egindako krimenak gaitzesten ez dituzten unibertsitate eta erakundeekin.
EHUk uko egin dio 247 milioi euroko ikerketa-proiektuetan parte hartzeari, Israelekin loturak zituztelako
Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak asteazken honetan berretsi duenez, "Palestinako herriaren genozidioaren auzia lehentasuna da gure unibertsitatean", eta aditzera eman du EHUk uko egin diela, azken hilabeteetan, 247 milioi euroko ikerkuntza-proiektuei, biomedikuntzaren edo konputazio-zientzien arloetan, proiektu horiek Israelgo estatuarekin zuten loturagatik. Agerraldian, Bengoetxeak Europako Batzordeari eta Espainiako Gobernuari eskatu die Israelgo unibertsitateak, ikerketa-zentroak eta erakundeak bazter utz ditzatela ikerketa elkarlanak, akademikoak edo kulturalak laguntzeko europar funtsetatik.