Gaztelugatxerako bisitak gaur hasiko dira berriz, 960 pertsonako mugarekin
Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko sarbideen kontrola jarriko du martxan gaurtik aurrera, 960 pertsonako mugarekin eta norabide bakarreko ibilbidearekin, Urizarretatik sartu eta Ermutik irteteko, osasun-agintariek COVID-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako baldintzak betetzen direla bermatze aldera.
Foru Aldundiak ekainaren 20an jarri zuen martxan biotopo babestu horretara sartzeko doako sarrerak erreserbatzeko plataforma. Txartel horiek 15 eta 40 minutuko tarteetan emango dira egunean zehar, 10:00etatik 18:30era arte, eta talde bakoitzak gehienez 48 pertsona izango ditu, pilaketak saihesteko eta osasun-gomendioak betetzeko. Tarte horiek une oro ermitaren zabalgunean, uhartetxoan, gehienezko edukiera betetzen dela ziurtatzeko balioko dute (96 lagunekoa izango da). Bertara zenbat lagun joaten diren kontrolatzeko, kontagailu bat dago eskaileretara sartzeko plataforman. Foru Erakundeari lotutako langileek eskaileretatik pasatzen diren bisitarien fluxua zainduko dute bertatik.
Osasun-agintariek ezarritako gomendioak une oro betetzen direla bermatzeko, segurtasun-distantziak errespetatu beharko dira, eta hori egitea ezinezkoa balitz, maskara erabiltzea gomendatzen da, ermitara sartzeko eskaileren inguruan, adibidez.
Gaztelugatxeko sarbideen kontrolari eta jendetzari berriro ekitearekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak ekimen berri bat jarri du abian, tokia bisitatzeko esperientzia hobetzeko: uztailaren 1etik aurrera, bisitariek euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez eskuragarri egongo den audiogida izango dute, tradizioak, natura-ondarea eta historiari buruzko xehetasunak ezagutzeko aukera emango diena. Audiogida horiek, bai helduentzako bertsioan, bai haurrei (16 urtera arte) soilik zuzendutakoan, bi ibilbide azaltzen dituzte, eta azalpen zehatzak eta ibilbidearen hamaika punturen multimedia-edukiak. Dena den, egungo egoeran, Urizarretan hasi eta Ermutik amaitzen den ibilbidea bakarrik egin ahalko da.
Gainera, PWA (Progressive Web App) teknologiarekin garatuta daude, eta horrek edukiak mantentzea eta edozein gailutatik horietara sartzea errazten du. Aplikazioa Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean egongo da eskuragarri, eta, bertara gailu mugikor batetik sartzean, gailu horretan zuzenean sartzeko ikono bat instalatzeko aukera emango du, baita audiogidaren edukiak bertan gordeta uzteko aukera ere. Beraz, ez da beharrezkoa izango mugikorrak estaldura izatea aplikazioa erabiltzeko.
Bestalde, Urizarreta inguruan aurreikusita dagoen aparkaleku berria eraikitzeko lanak behin betiko atzera botatzea erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak. Proiektu hori gauzatzeko lanak atzeratuta zeuden, gune horretara iristen diren ibilgailuen fluxuan bisitari-kopuruan ezarritako murrizketek zer eragin zuten ikusteko zain, baina muga horiek kontuan hartuta, azpiegitura berria ez dela beharrezkoa izango eta Gaztelugatxera iristeko aurreikusitako garraio publikoaren erabilera sustatzea eta bultzatzea erabaki da.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak