Hildako bat eta 31 kutsatu gehiago eragin ditu COVID-19ak azken 24 orduetan EAEn
COVID-19ak hildako bat eta PCR bidez atzemandako 31 positibo berri utzi ditu EAEn azken 24 orduetan. Kasu berrietatik 17 Gipuzkoan izan dira, 12 Bizkaian eta bi Araban. Gainera, 43 kasu atzeman dituzte test azkar bidez (proba horrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake).
Guztira, ostiral osoan 3.757 proba egin ziren (3.420 PCR eta 337 test azkar) eta herri hauetan bizi dira atzemandako positiboak:
Gipuzkoan: 4 Donostian, 2 Ordizian, 2 Andoainen, 2 Deban, 1 Alegian, 1 Eskoriatzan, 1 Hondarribian, 1 Lasarte-Orian, 1 Urnietan eta 1 Zumaian.
Bizkaian: 7 Bilbon, 2 Bermeon, 1 Amorebieta-Etxanon, 1 Basaurin eta 1 Sestaon.
Araban: 1 Aiaran eta 1 Gasteizen.
Nekane Murga Osasun sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak larunbat honetan eman dituzte jakitera datuak, prentsaurrekoan. Normaltasun berriak "norbanakoaren erantzukizun handiagoa" eskatzen duela nabarmendu du Murgak, eta gogorarazi du erantzukizunez jokatu behar dela eta segurtasun neurriei eutsi behar zaiela, "maskarak, distantzia eta eskuen garbiketa" alor guztietan: "lagunekin, kultur jardueretan, mendira eta hondartzara joatean edo botoa ematerakoan".
Ospitaleetako egoera zein egoera epidemiologikoari dagokionez, 29 pertsona COVID-19az libre geratu dira azken orduetan (PCR negatiboa izan dute egun batzuk lehenago kutsatu eta gero), eta 7 pertsonak ospitaleko alta jaso dute. Bien bitartean, sei pertsona daude une honetan ZIUn ospitaleratuta.
70 kutsatu jada Ordiziako agerraldian
Ordiziako fokuan (Gipuzkoa) koronabirusak kutsatutako pertsonak 70 dira jada, Murgak azaldu duenez. Atzo, agerraldiarekin lotura zuten 4 kasu atzeman zituzten, baina, aldi berean, hasiera batean fokuarekin zerikusia zutela uste zen hainbat kasu baztertu egin dituzte (beste toki batzuetan kutsatu ziren).
Beraz, Ordiziako fokuarekin lotutako gaixo kopurua 70 pertsonatan utzi du Osasun Sailak. Murga sailburuak esan duenez, karpek zerbitzua ematen jarraituko dute datozen egunetan Ordizian, eta PCR berriak egiten jarraituko dute.
Idiazabalgo haurrek eta begiraleek negatibo eman dute
Bestalde, Idiazabalgo udaleku irekietako begirale batek positibo eman eta gero etxealdian ziren 13 haurrek eta aisialdiko 35 begiralek negatibo eman dute PCR proban.
Idiazabalgo Udalak jakinarazi duenez, guztiek emaitza negatiboa izan dute probetan, baina "kontaktu estutzat" hartzen dituztenez, 10 eguneko etxeko isolamendua egin beharko dute, eta orduan, errepikatu egingo diete proba.
Galdakaoko adin txikikoentzako programa bertan behera, begirale baten positiboagatik
Bizkaian, Galdakaoko Udalak bertan behera utzi du adingabeentzako esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozialeko programa, langile batek koronabirusean positibo eman ostean.
Horren ondorioz, Udalak Santi Brouard harmailen azpiko lokala ere itxi du, bertan aritzen baitzen langilea. Udalak bizilagunei gogorarazi die "arreta handiz" jokatu behar dutela eta beharrezko neurriak hartu behar dituztela koronabirusaz kutsatzea saihesteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Bilboko gotzainak elkarrizketarako deia egin du "berriz ere indarkeria agertu ostean, aurrez izandakotik ezberdina izan arren"
Jendetza euskal hilerrietan, Santu Guztien egunean
Espainiako Gobernuak asteartean onartuko ditu Urdako istripuaren biktimentzako laguntzak
LZB sistemak partzialki huts egiten duenean zirkulazioa orduko 40 km-ra mugatzea proposatu du Renfek
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko