Nafarroako Gobernua baheketa-plan bat prestatzen ari da ikasturte hasierarako
Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak adierazi duenez, ikasturte hasierarako baheketa-plan bat prestatzen ari dira. Gimenoren arabera, plana "eginda" zegoen, baina "datozen orduetan" zehaztuko dute.
Koronabirusa tarteko ikasturterako prestatu duten protokoloa aztertzeko bilera du gaur Gimenok Nafarroako zentro publikoetako eta itunpeko zentroetako zuzendariekin, eta batzar horren atarian egin ditu adierazpenak.
Bilera urrian egin ohi dute Hezkuntza Kontseilaritzako kideek eta zuzendariek; aurten, baina, aurreratzea erabaki dute: "Garrantzitsua iruditu zaigu ikastetxeetako zuzendariek egin ditzaketen proposamenak entzutea".
Gimenoren hitzetan, ikasturte hasierarako plana "eginda" zegoen, baina "datozen orduetan" zehazten joango direla argitu du. "Eginda zegoen plan hori nola zehazten dugun jakinaraziko dugu datozen orduetan. Ikasturtea ostiralean hasiko da, ordurako dena ixten jardungo dugu", azaldu du.
Gaitza atzemateko testak egiteko irizpideak zehaztu behar dituztela esan du Gimenok. Printzipioz, irakasleei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei egingo diete proba, "osasun aldetik zaurgarriak diren irakasleei" arreta berezia eskainita. "Datu epidemiologikoak larriak diren osasun eremuetan egingo ditugu testak, eta eremu horietan ikasleen artean laginketa aurreikusi dugu, argazki orokor bat egiteko. Baina oraindik zehazteke ditugu xehetasunak", azpimarratu du.
Hezkuntza telematikoari dagokionez, kontseilariak esan du aukera hori jasota dagoela berrogeialdia igaro beharko duten ikasleentzat: "Lehen fasean, Bigarren Hezkuntzan aurreikusita dugu, ikasle kopurua jaisteko, eta koarentena kasuetarako ere, noski. Zehazten dugunaren arabera antolatuko dugu dena".
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik
Alzheimerra geldiarazteko gai diren bi botikak gizarte segurantzan sartzeko galdegin dute neurologo eta elkarteek
Aita Mennik lehen hiru solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Pertsona bat atxilotu dute Ceuta Ya!-ko diputatuaren autoaren aurkako erasoagatik