EAEk positiboen marka hautsi du, 1.207 kasurekin, eta Nafarroan 469 kasu izan dira
Euskadik 1.000 kutsatze baino gehiago atzeman ditu berriro ere, azken orduetan 1.207 izan baitira, bezperan baino 174 gehiago, eta orotara 14.144 PCR proba egin dira. Beraz, positiboen portzentajea % 7,7tik % 8,5era igo da. Kopuru hori ez zen abuztuaren erdialdetik jasotzen, bigarren olatu pandemikoak goia jo zuenetik.
Osasun Sailak osteguneko pandemiaren bilakaerari buruzko datuak eguneratu ditu, Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketa berriak indarrean sartzen diren egunean. Murrizketa horien arten dago 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kutsaduratik gora pilatu dituzten 25 udalerrietatik ez ateratzeko eta sartzeko gomendioa, eta ez debekua.
Bizkaia da kutsatze berri gehien izan dituen lurraldea, 561, aurreko eguneko 423 positiboen gainetik. Gipuzkoan 545 positibo berri atzeman dituzte, eta aurreko jardunaldian 503, eta Araban 87, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago. Beste 11 kasu Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie, asteazkeneko berberak.
Azken orduetan EAEko beste hiru udalerri, Gipuzkoako bi (Arrasaten eta Bergaran) eta Bizkaiko bat (Ortuellan), sartu dira kutsatze adierazle txar horiek dituzten herrien zerrendan.
EAEko ospitaleetan, areagotu egin da presioa. Ospitaleratutako pazienteak 408 dira dagoeneko, aurreko egunean baino zazpi gehiago. Aurreko egunean 57 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten, egun bat lehenago baino sei gehiago. 69 paziente daude zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin, asteazkenean baino zazpi gehiago.
Halaber, kasu positiboen tasa metatua 14 egunetan handitu egin da autonomia erkidegoan, 452,51koa baita, aurreko eguneko 418,28tik gora. Gipuzkoan, gehien astindutako lurraldean, 600eko muga gainditu da, 626,33an baitago; ostegunean, berriz, 576,9koa zen.
Oinarrizko ugalketa-indizeari dagokionez (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen neurtzen duena, 1,27koa da (atzo baino ehunen bat gehiago). Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoan alarma egoera ezartzea eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.
EAEko egoitzak
Bizkaiko adinekoen egoitzetako hiru erabiltzaile hil dira azken 48 orduetan COVID-19arekin; pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik 79 pertsona hil dira, eta baieztatutako positibo kopurua 112ra igo da; aurreko balantzean baino 26 kasu gehiago atzeman dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, ostegunean, urriak 22, jardunaldia ixtean, Bizkaiko Lurralde Historikoan adineko pertsonentzako baimendutako 155 egoitzako sarean 65 erabiltzailek zuten koronabirusa (aurreko balantzean baino 20 gehiagok), eta 10 ospitaleratuta zeuden, duela 48 ordu baino bi gehiago.
Bergarako Mizpirualde zentroko adineko bat hil da, eta dagoeneko pandemiaren bigarren olatuan 34 pertsona hil dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.
Gipuzkoako Aldundiak jakitera eman duenez, azken orduetan pertsona bat hil da, zortzi adineko sendatu dira, eta bederatzik positibo eman dute, horietako bi Zumarragako Argixao zentroan eta zazpi Donostiako Lamourous egoitzan.
Gipuzkoako egoitzetan, 73 kasu aktibo dira zortzi zentrotan: Hernaniko Santa Maria Magdalena (2), Bergarako Mizpirualde (4), Zumarragako Argixao (10) eta Donostiako Alai-Etxe (26), La Paz (1), Berra (9), Lamourous (20) eta Hermano Garate-San Ignacio (1).
Itxitako ikasgelak % 10 jaitsi dira
Koronabirus infekzioengatik itxitako ikasgelen kopurua % 10 baino gehiago jaitsi da aste honetan; izan ere, astelehenean 115 izan ziren eta ostiralean 103.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, ostiral eguerdira arte 75 ikastetxek zuten ikasgelaren bat itxitia, eta astelehenean, berriz, 83k. Erkidegoetako ikastetxe batek ere ez du jarduera erabat eten behar izan.
Eskola-aste honen amaieran, Euskadin dauden 17.554 gelen % 0,59k jasan dute COVID-19aren eragina.
Nafarroak 469 kasu berri erregistratu ditu
Bi pertsona hil dira azken orduetan COVID-19aren ondorioz Nafarroako Foru Erkidegoan, eta positibo kopuruak behera egin du (469), atzo marka hautsi (593) ondoren, Nafarroako Gobernuak aurreratu dituen datuen arabera.
3.717 proba egin dituzte ostegun honetan, PCR eta antigeno probak zenbatuta, eta positibo tasa % 12,6koa da.
Gaur egun, 369 pertsona daude ospitaleratuta osasun-zentroetan, hau da, atzo baino 39 gehiago; horietatik 43 zainketa intentsiboetako unitateetan daude, bat gutxiago, eta, beraz, egoera "kezkagarria" da Santos Indurain Osasun kontseilariaren hitzetan.
Nafarroako Foru Erkidegoak COVID-19aren kasuen marka hautsi zuen atzo (osteguna), 593 kasu atzeman baitzituzten asteazkenean. 3.651 proba egin zituzten, PCR eta antigeno probak zenbatuta, eta positibo tasa % 16,2koa izan zen.
Adinekoen egoitzen egoera
Nafarroako adinekoentzako egoitzetan 111 kasu positibo zenbatu dituzte, duela astebete baino 58 gutxiago, Foru Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuak ostegunean emandako datuen arabera. 158 alta epidemiologiko daude, duela zazpi egun baino 74 gehiago. Desgaitasun-zentroetan 30 kasu aktibo daude, duela astebete erregistratutako 10en aldean.
Adinekoen egoitzetatik, 11 pertsona ospitaleratuta daude. 46 pertsonak sintomak dituzte beren zentroetan, eta 40 pertsona sintomarik gabe daude. Iruñean eta San Adrianen 14 pertsona daude.
Langileen bajen kopurua joan den ostegunekoaren berdina da, 58 pertsonak positibo eman baitute: 42 positibo sintomatikoak eta 16 sintomarik gabekoak.
Uztailaren 1etik 43 adineko hil dira egoitzetan, 29 ospitaleetan eta 14 egoitzan bertan.
Bestalde, Nafarroako 17 ikastetxetako 382 ikasle konfinatu dituzte azken 24 orduetan. Horiekin, Haur eta Lehen Hezkuntzako 2.154 ikasle bakartuta daude berrogeialdian beren etxeetan. Bi hezkuntza-zikloetako ikasle guztien % 3,47 dira. 104 bizikidetza-talde egonkor daude gaur egun beren etxeetan isolatuta.
Espainia
19.851 positibo berri jakinarazi dizkiote erkidegoek Osasun Ministerioari ostiral honetan, 8.293 azken orduetan. Ostegunean 7.953 kasu diagnostikatu zituzten.
Zure interesekoa izan daiteke
Akusatutako irakaslearen ikasle ohia: "Guk ere lekuz kanpo zeuden iruzkinak entzun behar izan genituen 11-12 urte genituenean"
Oiartzungo Elizalde ikastetxean irakasle akusatuaren ikasle izan ziren hainbat emakume Gipuzkoako Probintzia Epaitegira hurbildu dira gaur biktimei babesa ematera. Horietako batek azaldu duenez, 11-12 urte zituztenean "iruzkin lizunak" entzun behar izan zituzten gizonaren ahotik, eta epaiketan entzundakoaren aurka, ziurtartatu duenez, "gizona bera zen gerturatzen zitzaiena eta lekuz kanpoko iruzkinak egiten zizkiena". Ikasgelan bideo pornoak jartzen zizkiela eta hitz-joko lizunak egiten zituela esan dute, eta "nazkagarri" eta "lotsagabe" bat zela.
Irungo institutu batean diruaren truke ikasleei sexu harremanak proposatzea leporatzen dioten irakasleak akusazioak ukatu ditu, eta lan jazarpena salatu du
Fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra eskatu du irakasle horrentzat, 13 eta 15 urteko hiru adingaberi diruaren zein oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egitea egotzita.
Epaileak Amaya Zabarteren kasua artxibatu du, inpaktuaren jatorria egiaztatu ez duelako
Donostiako epaileak behin-behinean artxibatu du 2024ko martxoan jasandako lesioagatik irekitako auzia, eta familiak helegitea aurkezteko aukera du orain.
Epailearen arabera, Estatuko administrazioarena zen El Bocaleko pasabidea mantentzearen ardura, eta ikerketapean jarri ditu Trantsizio Ekologikoko bi funtzionario
Epailearen ustez, Estatuko administrazioa da martxoaren 3an Santanderko hondartza horretan istripua izan zen pasabidearen "kontserbazio-egoera eta mantentzea egokia bermatzeko arduradun bakarra", eta pasabide horretako eta beste batzuetako lanak "amaitu gabe" daudela. Sei pertsona hil ziren eta bat larri zauritu zen, martxoaren 3an, itsaso ondoko pasabidea behera etorrita.
Alokairuen eskaintza, amilduta: Bilbon eta Donostian % 70 baino gehiago murriztu da
Iruñean alokairuen eskaintza % 47 jaitsi da, eta Gasteizen % 26, Idealistaren arabera. Bilbon, etxebizitza baten bila dabiltzanen lehiak % 864 egin du gora bost urtean.
Ordu aldaketa: Bueltan da udako ordutegia
Martxoaren 28tik (larunbata) 29ra (igandea) bitarteko goizaldean, 02:00etan ordua aldatu egin beharko da, eta 03:00ak izango dira. Atseden hartzeko ordubete gutxiago egongo da. Egungo ordutegi ereduarekin jarraitzeko beharrak eztabaida sortzen du, batez ere bi arrazoi garrantzitsu direla eta: Osasuna eta energia kostua.
Futbol arbitro neska batek salatu du irainak eta mehatxuak bota zizkiotela partida batean, Basaurin
Bizkaiko Futbol Federakundeko lehiaketa batzordea gaur elkartzekoa da gertatutakoa aztertzeko eta balizko neurriak aztertzeko. Basauriko futbol taldeko jokalariak, teknikariak eta zaleak barne, irainka hasi zitzaizkion, talde bisitariak berdinketa (3-3) lortu eta gero.
BI-30 errepidean izandako istripu batek auto-ilarak eragin ditu Txorierrin eta Arrontegin
Ezbeharra goizean goiz gertatu da Erandion, eta errei bat itxi behar izan dute Galdakaorako noranzkoan. Ilara luzeak sortu dira.
EHUk unibertsitate-komunitatean errespetua eta bizikidetza indartzeko protokolo bat bultzatuko du
Ekimenak bitartekotza, partaidetza eta sentsibilizazio-neurriak izango ditu, eta komunitate osoaren ekarpenak jasotzeko plataforma digital bat izango du oinarri.
Albiste izango dira: Korrika zuzenean, krisi energetikoa eta Berdintasunerako Emakunde Saria
Orain-ek gaur landuko dituen albiste nagusien laburpena.