ELA, LAB eta Kontseilua
Gorde
Kendu nire zerrendatik

50 langiletik gorako enpresetan euskararen erabilera eskatu dute eragile sozialek

EAEn, hamar enpresatik batek baino ez du euskararen erabilera normalizatzeko plan bat, eta Nafarroan, berriz, ehunekoa are baxuagoa da: % 0,7.
50 langiletik gorako enpresetan euskararen erabilera eskatu dute ELA, LAB eta Kontseiluak.
50 langiletik gorako enpresetan euskararen erabilera eskatu dute eragile sozialek. Argazkia: EFE

ELA eta LAB sindikatuek eta euskararen garapen osorako Kontseiluak lanbide arteko akordioetan 50 langiletik gorako enpresa guztietan euskara erabiltzeko planen negoziazioa hitzartzeko eskatu diete Euskadiko eta Nafarroako enpresariei.

Hala, hiru erakundeak Confebaski eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioari (CEN) zuzendu zaizkie, eta bi erkidegoetako gobernuei eskatu diete neurri hori baliabide ekonomikoekin babesteko. Patronalekin ere batzartuko direla gaineratu dute.

"Gure egunerokotasunaren zati handi bat lanean ematen dugu, eta, beraz, gure hizkuntza-praktikak eta eskubideak baldintzatzen dituen eremua da, bai langile gisa, bai kontsumitzaile gisa", adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Bere hitzetan, COVID-19aren krisiak agerian utzi ditu "lehendik zeuden gabeziak", baita hizkuntzaren arloan ere.

"Berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean, euskaldunen hizkuntza-eskubideak kolpetik urratu eta baztertu dira", salatu du Bilbaok.

Bi euskal sindikatuek ere ideia hori jaso dute. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren ustez, "hizkuntza-eskubideak" ere langileen bermeen defentsaren parte dira. "Gure borroken ildo bat hizkuntzarena izan behar da, euskararena", esan du.

Bestalde, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi duenez, "lan-mundua euskalduntzeko, ezinbestekoa da erabaki ausartagoak hartzea", eta, bere ustez, erabaki horiek "neurri eraginkorragoak eta aurrera ateratzeko errazagoak" dira, "euskararen normalizazioak norberaren boluntarismoa gainditu behar duelako".

Sindikatuen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan hamar enpresatik batek baino ez du euskararen erabilera normalizatzeko plan bat; Nafarroan, berriz, euskara garatzeko prozesu edo egituraren bat duten lantegien ehunekoa are baxuagoa da: % 0,7.

Bestalde, Aranburuk Euskadiko eta Nafarroako langileen erdiak erretiroa hartzeko adinean egoteak ematen duen aukera ere baloratu du.

"Belaunaldi-aldaketa gertatuko da, eta aukera paregabea izango da esparru sozioekonomikoko euskalduntzea bultzatzeko", adierazi du. "Belaunaldi berri honen laneratze- prozesuaren" garrantziaz ohartarazi du, "gazteak euskalduntzeko hezkuntzan egindako ahalegin eta inbertsioak baliogabeak izan ez daitezen".

Zure interesekoa izan daiteke

Amaia Zabarte senarrarekin eta abokatuarekin
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela deitoratu du Amaya Zabarteren senarrak

Epaileak Amaia Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa bakarrik izan duela kontuan, lekukoek ziotena eta frogak alde batera utzita. Kasua auzitegi probintzialera iristen denean jarri du itxaropena, orduan espero baitu benetako justizia iristea.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eder Perez (BFF): "Epaileen aurkako indarkeria desagertu egin behar da, eta epaileen batzordeak hartzen dituen erabakien alde gaude, % 100ean"

Bizkaiko Futbol Federazioaren presidenteak argi adierazi du "epaileak babestea" dela lehentasuna. Basaurin izandako gertaera jakin horrez gain, egoerari modu orokorrean begiratu eta epaileen kontrako indarkeriarekin amaitu beharra dagoela esan du. Haren hitzetan, Federazioak eta futbolaren egitura osoak lan egin beharko dute horretarako. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X