Derioko jaia antolatu zuten bost pertsonak identifikatu ditu Ertzaintzak
Derioko (Bizkaia) San Jose komentuko ostatuko festa antolatu zuten bost pertsonak identifikatu ditu Ertzaintzak.
Segurtasun Sailak eitb-eus-i jakinarazi dionez, festan izan ziren gainerako pertsona guztiak (67 guztira) ere identifikatu dituzte, eta horietako bakoitzari jarri beharreko zigorra aztertzen dabil orain Ertzaintza.
Oraingoz, baina, ez dute argitu zein den antolatzaile eta parte-hartzaile bakoitzak izango duen zigorra, baina 601 eta 30.000 euro bitarteko isunak jaso ditzakete. Gainera, Osasun Sailak ere zigor ditzake, zenbait neurri ez betetzeagatik.
Ertzaintzak astelehen gauean jaso zuen abisua, 22:00ak aldera, ostatu horretan festa bat ospatzen ari zirelako hainbat lagun.
Bertaratutakoan, agenteek ikusi zuten 30 bat ibilgailu eraikinaren kanpoaldean aparkatuta zeudela, eta musika altu jarrita zegoela baieztatu zuten, baina ezin izan zuten eraikinean sartu, jabego pribatua delako.
Hortaz, 07:00etan dozenaka gazte ostatutik irteten hasi ziren eta, atera ahala, Ertzaintzak identifikatu egin zituen. Halaber, arauak urratzearren proposatutako isunak jakinarazi zizkien, alegia, baimendutako pertsona kopurua gainditzeagatik eta etxeratze-agindua urratzeagatik.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda