Epaileak aske utzi ditu Donostiako istiluetan atxilotutako laurak
Epaileak aske utzi ditu atzo iluntzean Donostiako Alde Zaharrean gertatutako istiluetan atxilotutako lau pertsonak, deitzen dituztenean epaitegira joan beharko badute ere.
Hainbat gazteren eta Ertzaintzaren artean izandako aurrez aurrekoan, oinezko batek pilotakada bat jasan zuen masailezurrean eta ospitaleratu egin behar zuten. Gainera, zortzi ertzain arin zauritu ziren.
Atxilotuak 18 eta 31 urte bitarteko lau gizonezko dira: 18 urtekoak bi, 21 urteko bat eta 31 urteko beste bat. Laurei desordena publikoak eragitea leporatu diete, eta horietako bati autoritatearen aurkako atentatua ere bai.
Istiluetan ustez parte hartzeagatik atxilotutako lau gazteak Donostiako ertzain etxera eraman zituzten eta gaur goizean Donostiako Guardia Epaitegiaren esku utzi dituzte.
Gainera, Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du ustez istiluetan parte hartu duten pertsona gehiago identifikatzen saiatzeko.
Liskarrak 20:30 inguruan hasi ziren, Segurtasun Sailaren arabera, udaltzainak Trinitate plazan pertsona bat atxilotu nahian ari zirela, pertsona talde batek aurre egin zienean. Orduan, udaltzainek laguntza eskatu zien ertzainei.
Une horretatik aurrera, istiluak izan ziren gazteen eta ertzainen artean. Segurtasun Sailaren arabera, gazteek botilak, estolda tapak eta harriak jaurti zituzten ertzainen aurka.
Aurrez aurrekoek 23:00ak arte iraun zuten. Tarte horretan, edukiotzinak eta paperontziak erre zituzten eta taberna batzuetan kalteak eragin zituzten.
Ertzaina: "Jotzeko egingo dugu tiro"
Sare sozialetan Ertzaintzaren oldarraldiari buruzko hainbat bideo zabaldu dira. Horietako batean ertzain batek "jotzeko tiro" egin dezatela agintzen die agenteei, eta polemika handia piztu da.
Irudietan ikus daitekeenez, Ertzaintzaren talde bat kontrolpean daukaten kale baten barrena doaz eta une batean ofizialak ondoko agindua ematen die: "Jotzeko egingo dugu tiro, bale?".
Ertzaintzak hainbat orduz kargatu zuen Alde Zaharrena eta istiluekin zerikusirik ez zuen gazte bati masailezurra hautsi zioten pilotakadaz. Piztu Donostia elkarteak Poliziaren jokabidea neurrigabea izan zela salatu du eta ondoko galderak egin ditu: "Noiz arte erabiliko ditu Ertzaintzak hilgarriak ez baina larriki zauritzen dituzten arma mota horiek? Aurpegia jotzen duen pilota norantz botata dago?".

(Ertzaintzak pilotakadaz zauritutako gaztea ospitalean. Argazkia: Piztu Donostia)
ErNE sindikatuak Goia kritikatu du banderaren jaitsieragatik
Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Udal Gobernuak eta alderdi politiko ezberdinek atzo izandako istiluak gaitzetsi dituzte. ErNE sindikatuak ere salatu ditu liskarrak, baina, aldi berean, Eneko Goia alkateari kritika egin dio, San Sebastian Egunean banderara jaitsiera sinbolikoa egitegatik.
Bestalde, Reyes Carrere EH Bilduko hautetsi donostiarrak esan du Ertzaintzaren jokabidea "neurrigabea" izan zela eta Goiak San Sebastian Egunaren harira egindako kudeaketa kritikatu du. Banderaren igoera eta jaitsiera egitea alde bakarrez erabaki zuela eta ekimen horrek herritarrak nahastu zituela: "Festarik ez badago, ez dago festarik".
Pandemiak iraun duen hamar hilabeteotan horrelakorik ez dela beste inon egin gogoratu du.
Donostiako udaletxean EAJk, PSEk eta PPk adierazpen bat sinatu dute istiluak gaitzetsiz eta bozketa datorren astean egingo dute. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek oraingoz behintzat uko egin diote adierazpen hori babesteari.
Eneko Goia alkateak esan du atzoko gertakariak "tristeak eta deitoragarriak" izan zirela, pertsona batzuek "festa" egin nahi izan zutelako. Eta ondoren izan ziren istiluek dena larriagotzea ekarri zuela salatu du.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak ere gaitzetsi ditu istiluak eta esan du "onartezina" dela Donostiako Udaltzaingoa eta Ertzaintza jasaten ari diren "jazarpena eta erasoak".
ErNE sindikatuak, berriz, Udal Gobernua ere kritikatu du eta, sinbolikoki izan bazen ere, banderaren igoera eta jaitsiera antolatuta, herritarrak Konstituzio plazara bertaratzeko "zeharkako deia" egin zuela iritzita.
Halaber, udaltzainek "betikoengandik eraso bortitzak" jasotzen dituztela salatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Oihane Mateos, Orain EITBren albiste zerbitzu digitalaren burua, hil da
Kazetaritzari eta etxe honi lotutako ibilbide profesional oparoa garatuta, 45 urterekin zendu da.
Kanoikadak Donostia astinduta abiatu dira jaiak
Euriak ez du unea zapuztu, eta Onintza Mokoroak metxa piztearekin batera lehertu da festa Gipuzkoako hiriburuan. Euskal dantzek protagonismo berezia izan dute, hiriko zortzi taldek eman baitiote hasiera Aste Nagusiari.
Piraten baltsek Kontxako badia hartuko dute berriro astelehenean
Piraten abordatzeak milaka parte-hartzaile bilduko ditu berriro Donostiako Aste Nagusiko hitzordu jendetsuenetako batean, 17:00etan, Donostiako portutik aterako baitira.
Aktibo jarraitzen dute Huelvan eta Castellon piztutako suteek
Castellon, Cullako sutea kontrolpean dute jada, eta Serra d’en Galcerango sutearen bilakaera ona da; Tirigen, aldiz, sugarrek aurrera egiten jarraitzen dute. Nieblan (Huelva), suteak aktibo jarraitzen du, eta 4.000 hektarea erre dira jada.
Blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan Gasteizko jaietan
Gasteizko nagusiek blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan. Jardunaldia 09:00etan hasi da, San Migel elizako Andre Maria Zuriaren kaperan egindako elizkizunarekin. Ondoren, beteranoek erroskillak eta ardo gozoa dastatu dituzte, elizako balkoia hartu eta hiriko zaindariari ohiko lore-eskaintza egin aurretik. Guztira, 300 blusa eta neska inguru bildu dira bertan. Ohorezko aurreskua egin ostean, eguneko protagonista nagusiak Artepan okindegira joan dira, txoripanez gozatzera, musika bandaren erritmora.
Ia Nafarroa osoa alertapean egongo da ekaitzengatik; EAE eta Iparraldea, abisu horian
Arratsaldean, bero hodeiak garatu eta zaparrada trumoitsuak, txingorra eta haize bolada gogorrak espero dira, bereziki lurraldearen ekialdean. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ohartarazi duenez, uholdeak egon litezke euriteengatik.
Beroa eta oporrak oztopo dira Euskadin behar diren odol-emateak lortzeko
Tenperatura altuek eta oporraldiek zaildu egiten dute udan transfusioetarako behar den odol kopuruari eustea.
Amaitu dira AP-8ko Irun pareko eta A-8ko auto-ilarak
Trafiko Sailak amaitutzat eman ditu Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko bi puntutan sortutako auto-ilarak.
Meta eta TikTok plataformei kontrola indartzeko eskatu die Europako Batzordeak, Ceutako krisia tarteko
Abuztuaren 15aren aurretik, sare sozialok estu zaintzen ari da Brusela. Izan ere, egun horretan beste migratzaile olde bat espero da hiri autonomoan. Horren ildoan, Europako komisarioa bi plataformetako arduradunekin bildu berri da.
Kanoikadak abiatuko du Donostiako Aste Nagusia larunbat honetan
Artillari nagusiak 19:00etan piztuko du metxa Alderdi Ederreko lorategietan, eta horrela emango dio hasiera zortzi eguneko jaiari. Guztira, 400 ekitaldi baino gehiago daude programatuta.