Animalienganako tratu txarrak eta esperimentazioa salatu dituzte Bilbon eta Donostian
Dozenaka pertsona bildu dira gaur Donostian eta Bilbon animalienganako indarkeria eta laborategietako jarduna salatzeko. Gainera, esperimentazio praktika horiei aurre egiteko sufrimendurik gabeko alternatiba jasangarriak daudela aldarrikatu dute.
Gipuzkoako hiriburuan “animalietan testatze gehiagorik ez” zioten kartelak irakur zitezkeen Udaletxearen parean bildu diren manifestarien artean.
Bilbon, ostera, Arriaga Antzokiko plazan egin dute kontzentrazioa Bizkaiko hainbat elkarte animalistek eta “Vivotecnia enpresan animaliek pairatutako tratu txarrak” salatu dituzte.
Animaliei torturak Madrilgo laborategi batean
Aste honetan bertan, Cruelty Free International erakundeak Vivotecnia laborategi madrildarrean egindako ikerketa plazaratu du. Bertan, animaliekin testatzen duen enpresako “praktika iraingarriak, torturak, muturreko tratu txarrak eta ankerkeria” agerian utzi dituzte.
Hala, #RescateVivotecnia asanblada sortu dute Madrilen eta laborategiaren atarian bildu dira asteon, “Vivotecnia ixteaz gain, animalien kontrako indarkeriarekin bukatzeko” helburuarekin.