Aske utzi dituzte igandean Donostian atxilotutako 10 pertsonak
Igande goizaldean, Donostian, Ertzaintza jende pilaketak desegiten saiatzen ari zenean sortutako istiluetan atxilotutako hamar gazteak, horietako bat adingabea, aske utzi dituzte arratsaldean epailearen aurrean deklaratu ostean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Istiluak Parte Zaharrean eta Donostiako erdigunean gertatu ziren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, igande goizaldeko hirurak hogei gutxi aldera hasi ziren, zalapartariek, aurreko egunetan bezala, covid-19aren aurrean osasun-araudia betetzen zela kontrolatzen zuten agenteen aurka objektu sendoak jaurti zituztenean.
Gainera, edukiontziak gurutzatu eta horietako batzuk erre zituzten hiriguneko kale nagusietan, hala nola Hernani kalean, Andiarekin bat egiten duen tokian, eta Hondarribia kalean. Istiluetan, hiru ertzain arin zauritu ziren.
San Martin inguruko saltokietako hainbat erakusleiho ere apurtu zituzten, eta jasandako kalteak salatu dituzte Donostiako San Martin azoka inguruko dendariek. Erakusleihoak hautsita eta lapurretak aurkitu dituzte, eta horiek ahalik eta azkarren konpontzen eta berritzen saiatzen ari dira, ohiko erritmoa berreskuratu ahal izateko edo, kasuren batean, berriro ireki ahal izateko.
Agenteek istiluen aurkako materiala erabili zuten eta hamar lagun atxilotu zituzten. Atxilotuetako bat adingabea da, 17 urtekoa, eta gurasoen esku utzi zuten, epaileak noiz deituko zain. Beste bederatziek 18 eta 22 urte bitartean dituzte, eta epailearen esku utzi dituzte jada.
Azken egunetako istiluak Donostiako Aste Nagusia ospatu behar zen egunetan gertatu dira.
Alderdi politikoek eta dendariek istiluak gaitzetsi dituzte
Bestalde, Gipuzkoako merkatarien federazioak istiluak gaitzetsi ditu eta neurriak hartzeko eskatu die erakundeei, "horrelakorik berriro gerta ez dadin".
Halaber, kaltetutako merkatariei babesa eskaini die kalteei aurre egiteko izapideak betetzen laguntzeko.
Donostiako udaletxeko talde politiko guztiak agertu dira ekintza bandalikoen aurka, baina EH Bilduk ez du sinatu gainerako alderdiek adostutako adierazpen instituzionala.
EAJk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Donostiak "irmotasunez" gaitzetsi dituzte istiluak, justifikaziorik gabekoak eta herritar guztien ongizatearen kontrakoak direla azpimarratuta.
Ildo berean, elkartasuna eta babesa adierazi diete kaltetutako dendetako merkatariei eta langileei, baita udaltzainei eta ertzainei ere.
EH Bilduk, berriz, adierazpen propioa kaleratu du, azken egunetan Donostian izan diren ekintza bandalikoak arbuiatuz eta kaltetutako pertsonei eta merkatariei elkartasuna adieraziz.
Bestalde, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak zehaztu duenez, azken egunetan, guztira 40 pertsona atxilotu dituzte Donostian, eta beste 60 baino gehiago ikerketapean daude.
Horrez gain, Erkorekak jakinarazi du atxilotuen % 60k aurrekariak dituztela delituak egiteagatik edo pandemiaren aurkako araudia urratzeagatik.
"Ez dago bestelako aurrekaririk. Ezin dugu esan arrazoi sozial edo politikoekin planifikatutako ekintzak direla. Orain gertatzen ari dena ez dago 'kale borrokarekin' lotuta", argitu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Dozenaka lagunek justizia eskatu dute Parisen hildako gazte tolosarrarentzat
'Justizia Dalianentzat' lelopean, Parisen hil zutenTolosako bizilagunaren senide eta lagunek elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean. Martxoaren hasieran aurkitu zuten haren gorpua, Frantziako hiriburuko etxebizitza batean.
Bi gizon inputatu dituzte Artxandako hilketagatik, eta beste hiru krimen hura ezkutatzeagatik
Artxandan dagoen abandonatutako eraikin batean aurkitu zuten, 2023ko abuztuan, gizonezko baten gorpua, zatituta eta erreta, maleta baten barruan.
Goiz korapilatsua Txorierriko errepideetan, Asua parean bederatzi autoren artean izandako talka baten ondorioz
Istripuaren ondorioz, bideko lau erreietatik hiru itxi behar izan dituzte puntako orduan, eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruan: Artatzan, Arrontegin, Barakaldon eta Gurutzetan. Behin ibilgailuak bidetik kenduta, egoera bere onera itzultzen joan da. Arazoak izan dira, halaber, A8an, Kantabriarako noranzkoan, San Mames parean istripu bat izan baita. Gipuzkoarako noranzkoan, gainera, trafikoa astuna izan da.
Osakidetzako proba diagnostikoen irudiak ikusgai, Osasun Karpetaren bidez
Iaz, 592.888 herritarrek erabili zuten Osasun Karpeta eta 8,2 milioi sarbide izan zituen. Interesa dutenek irudietara sartzeko eskaera online egiteko aukera izango dute.
Eusko Jaurlaritzak 271 milioiko inbertsioa egingo du hezkuntza sistemaren eraldaketa digitala bultzatzeko
ADIMEN DIGITALA estrategiak software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma propioa ahalbidetuko du, irakasleen prestakuntza digitala indartuko du eta euskarazko hezkuntza-edukiak sustatuko ditu.
Bilbok TAOa ezarri du Zorrotzaurreko hegoaldean, 150 aparkaleku-plaza araututa
Bizitegi-eremu horretan, egoiliarrek denbora-mugarik gabe aparkatu ahal izango dute, eta datozen urteetan 550 plaza inguru izatea aurreikusten du Udalak.
Luiziek zirkulazioa korapilatu dute N-634 eta NA-1300 errepideetan
Azken orduotako euriteek lur-jausiak eragin dituzte errepide sareko hainbat puntutan. Aipatu bi errepideak irekita daude dagoeneko, zirkulazioa txandaka bideratuta.
Gizon bat atxilotu dute Pedreñan bikotekidea hiltzea egotzita
Atxilotuak ez zuen horren salaketarik jarrita, baina aurrekariak zituen beste emakume batzuek salatutako indarkeria kasuengatik.
'Aita Mari' ontziak 32 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan, bi egun noraezean zeramatzatela
Mediterraneo erdialdeko uretan topatu dute ontzia, migratzailez gainezka, "oso baldintza eskasetan". Bi egun zeramatzaten itsasoan noraezean. Erreskatatutako pertsonen artean bederatzi adingabe eta haurdun dagoen emakume bat daude.
21 urteko neska batek hankak apurtu ditu Tuteran, igogailu batean harrapatuta geratu baita
Istripua bart gertatu da, Albares kaleko eraikin bateko igogailuan. Dirudienez, emakume batek zeraman aulkitxo baten uhala igogailuaren atean trabatu da, eta hankak harrapatu dizkio. Suhiltzaileek askatu ostean, anbulantziaz eraman behar izan dute ospitalera.