Bost gazte, horietako hiru adingabeak, atxilotu dituzte Donostian desordena publikoengatik
16-21 urteko bost gazte atxilotu ditu Ertzaintzak bart desordena publikoen ustezko delitua egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Bost atxilotuetako hiru adin txikikoak dira (bik 17 urte dituzte, eta besteak, 16), eta aske utzi dituzte, gurasoen zaintzapean, aginte judizialak noiz deituko zain. Bi adin nagusikoak, 21 eta 18 urtekoak, datozen orduetan eramango dituzte epailearen aurrera.
Gertakariak 03:00ak aldera jazo dira. Gipuzkoako hiriburuko "ez-jaiak" direla eta martxan jarritako neurri berezien baitan hainbat patruila Parte Zaharra zaintzen ari zirenean, San Jeronimo kalera heldutakoan, hainbat gaztek beirazko botilak jaurti omen dizkiete "behin eta berriz". Horietako batzuk identifikatu eta atxilotu ditu Ertzaintzak, desordena publikoak egotzita.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak