Bi lagun atxilotu dituzte Donostian segurtasun-dispositiboko patruilei botilak botatzeagatik
Ertzaintzak 20 eta 21 urteko bi gizonezko atxilotu ditu goizaldean, desordena publikoen delitua leporatuta. Poliziaren arabera, beirazko botilak bota dizkiete covid-19ari aurre egiteko osasun-neurriak betetzen ziren zaintzeko gauean ezarritako dispositiboko ertzainei.
Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin koordinatuta, Donostiako Alde Zaharreko kaleak aztertzen ditu gauero. Gaurkoan, baina, 03:45 aldera, kontrol-dispositibo horretan parte hartzen ari ziren agenteak Abuztuaren 31 kalera iritsi direnean, gizonezko gazte batek botilak jaurti dizkie, eta, Jeronimo kalera iritsitakoan, beste gizonezko gazte batek jarrera bera hartu du, eta objektuak bota dizkie agenteei.
Horren aurrean, botilak eta bestelako objektuak bota dizkieten bi pertsonak identifikatu eta atxilotu egin dituzte, desordena publikoen delitua egotzita. Boulevardean polizia-jarduketa oztopatu duten beste bi gazte ere identifikatu dituzte, eta espedientea ireki diete desobedientziagatik.
Bi atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarri dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadiko sahararrak ospakizun betean, NBEk Minurso misioa berritzerik izan ez duelako
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean