gaueko aisialdia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bi gizon atxilotu dituzte Irunen eta Gasteizen erasoak egitea leporatuta, eta biktimetako bat larri dago

Zaurituetako bat ZIUn dago orain, larri. Bi erasoen ustezko egileak polizia-etxean daude, eta epailearen esanetara utziko dituzte datozen orduetan.
Gasteizko Alde Zaharra. EiTB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
Gasteizko Alde Zaharra. EiTB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu gaur goizaldean Irunen eta Gasteizen, gaueko aisialdiaren testuinguruan izan diren bi erasorekin lotuta. Arabako hiriburuko erasoaren kasuan, pertsona bat larri zauritu dute eta Santiago Apostol ospitaleko ZIUn dago orain.

Goizaldeko 3:00ak aldera izan da azken gertakari hori, Gasteizko Nueva Fuera kaleko ostalaritza lokal batean. Eraso baten berri izan ostean, Ertzaintza bertaratu da eta lurrean inkontziente zegoen gizon bat aurkitu du, sudurretik odola zeriola.

Biktimak hausturak zituen buruan, eta Santiago Apostol ospitalera eraman dute pronostiko larriarekin, lurrarekin burua kolpatzea eragin dion ukabilkada dela eta.

Jarraian, ustezko erasotzailea atxilotu dute, 31 urtekoa, lesio delitua egotzita. Gasteizko Ertzain-etxean dagozkion izapideak amaituta, akusatua epailearen esanetara ipiniko dute.

Bestalde, Irunen Ertzaintzak beste gizon bat atxilotu du hiriguneko lokal batean, gazte bati lesioak egitea leporatuta. Botila batekin buruan kolpatu omen du.

Gertakariak larunbat goizaldeko 3:00ak aldera izan dira. Ertzaintzari ohartarazi diotenez, hiriguneko diskoteka baten ingurumarietan liskarrak izaten ari ziren. Lekura iristean, burua zaurituta zuen gazte bat aurkitu dute agenteek, laguntza medikoa behar zuena.

Biktimak jakinarazi duenez, lokal barruan zegoen erasoaren unean, beste pertsona batekin. Bigarren pertsona horri sakelakoa lapurtzen saiatzen ari omen zen ustezko erasotzailea eta, biktimak egiten ari zena aurpegiratu dionean, zenbait kolpe eman dizkio buruan, zeraman kristalezko botilarekin. Zauri eta kontusio arinak eragin dizkio.

Biktimak erasoaren ustezko egilea antzeman du lokaleko ingurumarietan, eta ertzainek identifikatu eta atxilotu dute, ustezko lesio delitua egotzita. 21 urteko atxilotua polizia-etxera eraman dute. Datozen orduetan epailearen esku utziko dute, Irungo Guardiako Epaitegian.

Zauritutako gizona Bidasoa Ospitalera eraman dute, lesioak tratatzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elon Musk bat dator Anthropic eta OpenAI lehiakideekin, adimen artifiziala moteldu behar dela

Anthropiceko Dario Amodeik adimen artifizialaren (AA) garapena moteltzeko eskatu zuen ostiralean, segurtasun arriskuengatik, eta eskaera horren alde egin dute lehiakideek, OpenAIko Sam Altmanek eta xAIren sortzaile Muskek. OpenAIko eta Anthropiceko liderrek iragarri dute ebaluatzaile independenteei beren sistemak ikuskatzea ahalbidetuko dietela, baina Muskek ez du hori argitu.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Oihane Mateos Oria, duela gutxi hildako lankide eta laguna, gogoan izan du Dani Alvarezek Gasteizko FesTVal jaialdian

Aste gogorrak izan dira azken hauek Orain eta EITBko Albistegietako lantalde guztiarentzat. Dani Alvarez lankideak Gasteizko FesTVal jaialdian esan duen bezala, "bizitzako injustizia bategatik goizegi joan berri da Oihane Mateos Oria". Bere irribarrea, energia eta lanerako grina beti izango dira gure artean, ordea. Hemen Daniren hitzak gaur iluntzean, sari bat banatu aurretik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X