Pobrezia, hurbil bezain isilik
Azken bi urteotan, pertsona pobretuen eta aberatsen arteko aldea areagotu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan. Bertako bost pertsonatik bat (biztanleriaren % 19,9) pobrezia- eta bazterketa- arriskuan dago, AROPE Pobrezia eta Gizarte-Bazterketa arriskuaren adierazlearen arabera.
Halaxe salatu du EAPN pobrezia eta gizarte-bazterketaren aurkako sareak. Aurten kaleratutako txostenak azaleratu duenez, EAEn pobrezia larrian bizi diren pertsonen % 29,75ak ez du Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentarako sarbiderik, eta % 36,95 ez da pobreziatik irteten. Halaber, ondorioztatu dute pobreziak eragin handiagoa duela emakumeengan, gizonengan baino.
Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, talde eta ekimen ugarik hurbileko errealitatean ipini dute fokua, bizimodu duina eta Giza Eskubideak aldarrikatzeko.
Angel Elias EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintzako fakultateko dekanoa da, baita Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri-ekimeneko kidea ere. Haren hitzetan, azken datuek agertoki "kezkagarria" utzi dute agerian. Bertako testuinguruan pobrezia "hain agerikoa" ez bada ere, uste baino hurbilago dugu: "bost pertsonatik bat pobrezia-arriskuan dago, biztanleriaren % 17,8 pobrezia erlatiboko egoeran dago, % 6,1 pobrezia larrian bizi da eta ia 3.000 pertsona etxerik gabe daude".
Euskadin, 2020an, gizonen % 7,6 eta emakumeen % 12,3 pobrezian zeuden; "hau da, 219.000 pertsona inguru, aurreko urtean baino 1.700 gehiago". Gainera, horietatik 138.000 emakumeak ziren, eta 80.000 gizonak.
Tasa orokorretan aldekoak dira datuak, eta pobrezia-mailak behera egin du, baina, EAPNtik adierazi dutenez, "badira hoberako joera hori nabaritzen ez duten gizataldeak".
Eusko Jaurlaritzak ezagutarazi zituen datuok aurtengo uda hasieran, Euskal Autonomia Erkidegoko Pobrezia eta Desberdintasun Sozialak izeneko ikerketaren ondorio modura. Horren arabera, EAEko herritarren % 90 ongizate-egoeran bizi da, pandemiaren eragina gora-behera.
Mabel Cenizo Caritas Gipuzkoa erakundeko Komunikazio, Formakuntza eta Boluntariotza saileko arduraduna da. Bere aburuz, pobrezia, "zorionez, ez dago hain ikusgai geure autonomia erkidegoan, familia asko babesten dituen prestazio publikoen sistemari esker".
Edonola ere, "gure hirietako kaleetatik gabiltzanean aurkitu dezakegu pobrezia", izan ere, "200 pertsonak gauero lo egiten du horietan".
Pobreziaren eraginpean dauden familien artean, adin txikikoak dituztenak eta ikasketarik gabeko migratzaileen familiak nagusitzen dira. Era berean, gora egin du guraso bakarreko familien pobrezia-tasak, emakumeen kasuan bereziki. Gainera, 14 urtetik beherako umeen % 11,7 pobrezian daude (tasarik altuena da, 2008tik), eta elikagaiak eskuratzeko arazoak dituzte.
Caritasetik azaldu dutenez, haiengana jo ohi duten profilen artean nagusitzen direnak familia-babes nahikorik ez dutenak dira, langabetuta daudenak (edo prekarietatean, bestela), zein prestazio publikoetarako sarbiderik ez dutenak, xedatutako baldintzak ez betetzeagatik.
Era berean, aipatutako zailtasunen ehuneko handi bat migratutako pertsonek osatzen dute.
Save the Children erakundeak duela urtebete ohartarazi zuen EAEko 92.000 ume pobrezia zein gizarte-bazterketa jasateko arriskuan zeudela. "Giza Eskubideen arloko legeria betetzen ez delako" gertatzen da hori, Eliasen hitzetan. Estatuek "eskura dituzten baliabide ekonomiko guztiak erabili behar dituzte, bizimodu duina bermatzeko".
Euskadin, pobrezia ez dago jakiak, edateko ona den ura edo txertoak eskuratzeko ahalmenarekin hain lotuta.
Hala ere, Cenizok nabarmendu duenez, ume askok pandemian zehar deskubritu dute haien pobrezia- edo bazterketa-arrisku egoera, orduan ohartu baitira "haien etxeetako baldintza digitalek ez dutela eskolako lanen jarraipena bermatzen".
Hori da "arriskuaren bizipena, gainerakoen baldintzetan hezkuntzarako zein kirol-jardueretarako sarbiderik ez duten umeak egotea".
"Etorkizunera begira", erantsi du, "aurreikuspen hobeak egin behar genituzke, umeak babestuko dituzten politika publikoekin euren behar sozialak eta emozionalak bermatuz".
Eliasen aburuz, egoera are zaurgarriagoan daude egungo pandemia-testuinguruan zenbait gizatalde, "zalantzarik gabe". Pobrezia materialarekin amaitzeko, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Legegintzako Herri Ekimenean parte hartzea iradoki du eta, proposamenarekin ados egonez gero, hori sinatzea.
Zentzu horretan, Cenizok azpimarratu du pandemiak "agerian" utzi duela "babes-eta lan-politika hobeekin erantzun behar diegula prekarietate egoerei, pobrezia egoera bilakatu ez daitezen".
Aldi baterako lan-erregulazioak amaitzean ere "errealitate berri bati aurre egin beharko diogu, eta litekeena da pertsona askok haien lanak ez berreskuratzea".
Mobilizazioak han eta hemen, Pobreziaren Aurkako Egunean
Bilbon, ehunka pertsona atera ziren kalera ostiralean; erakundeek, talde sozialek, auzoetako taldeek eta sindikatuek deituta. Manifestazioaren helburua EAEn 800.000 pertsona inguruk jasaten duten pobrezia erlatiboa eta larria salatzea izan zen. Gainera, diru-sarrerak bermatzeko sistema irisgarria aldarrikatu zuten, pertsonei pobreziatik ateratzea baimenduko diena.
Halaber, argindarraren prezioaren etengabeko igoera izan zuten mintzagai. EAPN Euskadi elkarteko Alfonso Lopezek adierazi zuenez, "pertsona askoren bizitza zailtzen ari den elementuetako bat da" eta "errorea da pobrezia energetikoaren inguruan aritzea, pobrezia parzializatzen baitu".
Bestalde, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak "baliabideak eta borondate politikoa" eskatu ditu Pobreziaren Aurkako Eguneko adierazpenean, baita "eredu sozioekonomikoaren aldaketa" ere. Horretarako, "bizitzari eman behar zaio lehentasuna, bai pertsonenari, bai planetarenari".
Gasteizen ere kalera atera ziren atzo, bertako elizbarrutiak hainbat erlijiotako elkarteekin batera antolatutako erlijio-arteko elkarretaratzean.
Gaurko, berriz, Bizimartxa aldarrikatzailea proposatu du Donostiako Zero Pobrezia plataformak. Eguerdiko 12:00etan Haizearen Orrazitik abiatuko da bizikletaz, Txita Sound System taldeak girotuta. Datorren astearterako zine-foruma antolatu dute, aurten osasun-eskubidea eta txertoetarako sarbidea ardatz dituen ekitaldi-sorta borobiltzeko. Kresala Zineklubean 'La mujer del chatarrero' filma emango dute.
Nafarroan, pobrezia-arrisku txikiena
Aste honetan bestelako datu esanguratsuak ere kaleratu dira eta, horien arabera, Nafarroa da pobrezia-arrisku txikiena duen autonomia-erkidegoa, gorantza doan arren. Hala ondorioztatu du Gizarte Politiken Plangintza eta Ebaluaziorako Errealitate Sozialaren Behatokiak, Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko V. txostenean.
Txostenak Covid aroaren aurreko egoera marrazten du, baina Nafarroako Gobernuak espero du datozen bi urteetan krisiaren etaparik gogorrenarekin bat datorren gorakada handia izatea, eta, horrekin batera, bat-bateko hobekuntza.
Azken datuen arabera, pobrezia erlatiboa hamarren bat jaitsi da, eta larria, berriz, hamarren bat hazi. Edonola ere, Luis Campos behatokiko zuzendari nagusiak azaldu duenez, oro har, "Nafarroak desparekotasun eta pobrezia-maila baxuei eutsi die, pixka bat gora egin duten arren".
Zure interesekoa izan daiteke
Bizkaiko eta Gipuzkoako bigarren mailako hainbat errepide itxi dituzte, luiziak eta ur putzuak direla eta
GI-3440 errepidea erabat itxi dute Lezon, eta luizi gehiago gertatu dira Gipuzkoako errepideetan. Bizkaian gorabeherak izan dira Trapagaran inguruan, eta arretaz gidatzea gomendatu dute ur putzuak direla eta.
Amaitu dira auto-ilarak BI-10 errepidean, Barakaldo parean bi ibilgailuk istripua izan ondoren
Ezbeharra 124. kilometroan gertatu da, Donostiarako noranzkoan, eta bost kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira.
Albiste izango dira: Ibaien egoera, noiz atertuko du? eta greba Tubos Reunidosen
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ibaiak oso beteta gauean, baina egoerak hobera egin du
Prezipitazio handien ondorioz, uholdeak izan dira hainbat tokitan, garajeetan eta etxebizitzetan, batez ere Butroe ibaiaren arroan. Marurin 36 auzokideri eragin die.
Harritzar bat zintzilik geratu da N-634 errepidearen gainaldean, Getaria parean
Eguerdia pasatxo zenean, tamaina handiko harri bat erori da mendian behera, baina burdinezko sareak eutsi egin ahal izan dio. Astearte goizean hasiko dituzte erretiratzeko lanak, eta bien bitartean, errepidea irekita dago.
Sei pertsona zauritu dira Faltzesen, beren autoa bidetik irten ostean
Zauritu guztiak ospitalera eraman dituzte eta ingresatuta geratu dira, pronostiko erreserbatuarekin. Horietako bost adin txikikoak dira.
Maila horian daude Abetxuko, Sangroniz eta Mungiako estazioak, uholde arriskuagatik
Euskalmetek jakinarazi duenez, datozen orduotan ere euria barra-barra egiten jarraituko du, ia etenik gabe, batez ere, Kantauri isurialdean.
Butroe ibaiak gainezka egin du Mungia parean
Euriteen ondorioz, Butroe ibaiak gainezka egin du Mungia parean, eta bertako Udalak autoak toki garaietara mugitzea gomendatu die herritarrei.
Nafarroak 4,7 milioi aktibatu ditu auto elektrikoaren erabilera bizkortzeko
"Tximista Auto" plan berriak ibilgailu bakoitzeko 5.500 eurorainoko laguntzak eta azpiegituretarako zuzeneko laguntza indartzen ditu.
Berriro ekin diote Bidasoa ibaira salto egin zuen gizonaren bilaketari
Antza, pertsona batek bi gizon ikusi ditu igande goizaldean ibilgailuak garbitzeko gune batean lapurreta egiten, Irunen, eta ertzainak heldu direnean, horietako batek uretara egin du salto; bestea, 31 urteko gizasemea, atxilotu egin dute.