"Beldur gara Hezkuntza Lege berriak egungo sistema duala legitimatuko ote duen"
Hezkuntza sistema publikoak egun dituen hutsuneak salatzera eta etorkizuneko lege berriak nolakoa beharko lukeen aldarrikatzera aterako da gaur kalera Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunea. Egungo sistemaren indarguneak abiapuntuan jarrita, arrakala sozialari aurre egingo dion eredu baterantz egiteko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari. Bilbon dute protestarako hitzordua, "Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez!" lelopean.
Euskadi Irratian eta eitb.eus-en egindako elkarrizketetan, Maribel Lopez de Luzuriaga Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneko ordezkaria "kezkatuta" agertu da, "beldur" delako Eusko Jaurlaritza eta alderdi politikoak lantzen ari diren Hezkuntza Lege berriak ez ote duen "egungo sistema duala legitimatuko".
Irakasle gasteiztarrak adierazi du lege berria ez duela sare publikoko komunitateak eskatu, eta horregatik, "oso kezkatuta" ari direla jarraitzen ematen ari diren pausoak.
Lege berriak egungo sistema "legitimatzearen" beldur diren arren, Lopez de Luzuriagak aitortu du eztabaidak "alde on bat" ere izan duela: "Lehen segregazioa alfonbra azpian zegoen, ukatu egiten zuten, hitz hori ez zen behin ere ateratzen ez lehendakariarengandik ez Hezkuntza Saileko arduradunengandik. Orain, behintzat, badirudi segregazioa dagoela onartzen dutela eta irtenbideak pentsatzen ari direla".
Dena den, Eusko Jaurlaritzari "segregazioaren kontrako konpromiso argia azal dezala" eskatuko diote. Izan ere, larunbateko manifestazioan salatu nahi dute hezkuntza sistema duala, itunpeko ikastetxeak egotea bermatzen duena, dela "desberdintasunak areagotzen" eta segregazioa ahalbidetzen duena. Espainiako Estatuan jatorriagatik ikasleak gehien segregatzen dituen erkidegoa da EAE, eta bigarren tokian dago egoera sozioekonomikoagatik egiten duen ikasleen bazterketan, Esade-Save the Childrenen "Diversidad y Libertad" txostenaren arabera.
Eskola publikoa erdigunera
Horren aurrean, Lopez de Luzuriagak uste du irtenbidea "hezkuntza publikoa erdigunean, ardatzean" jartzea dela: "Familia eta ikasle guztiek eduki beharko lukete beraien etxe ondoan hezkuntza publikoan ikasteko eskubidea".
Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunetik gogorarazi dute gaur gaurkoz diru publikoa jasotzen ari direla "inklusiboak ez diren, generoagatik segregatzen duten, euskalduntzen ez duten… ikastetxeak". Horregatik, "diru publikoaren erabilera bidezkoagoa" aldarrikatzen dute, "eskola publikoak izatea administrazioaren lehentasun osoa, baliabide ekonomiko, material eta pertsonalen aldetik".
Lopez de Luzuriagaren esanetan, "adituek diote sistema dualak segregazioa ekartzen duela", izan ere, "itunpeko ikastetxe horiek, kuotengatik, erlijioagatik… egoera zaurgarrian dauden familiak kanpoan uzten dituzte. Hor gizarte haustura bat sortzen da: segregazioa".
Gasteizko Ramon Bajo ikastetxeko langileak argi du: euskal eskola publikoa da "jatorriko ezberdintasunen berdintzailea, inklusiboa, gizarte kohesioari ekarpen handiena egiten diona, baldintza zailenetan ere ikasle gehien euskalduntzen duena".
Jaiotze tasaren beherakada
Eusko Jaurlaritza eta hezkuntza zentro pribatuak finantzazio itun berria egitear direla eta, Lopez de Luzuriagak azpimarratu du eskola publikoan inbertitu beharra dagoela, gainerakoak direla "subsidiarioak", baina diru "beharrik ez dutenei ere" ematen zaiela finantzazio publikoa.
Orain, jaiotze tasak beheranzko joera handitu izanak ezinegona zabaldu du profesionalen artean, eta irakasle gasteiztarrak galdera hau bota du: "Jaiotze tasa jaitsi den honetan, ze ikastetxe itxiko dira? Zeinetan itxiko dira ikasgelak?".
Manifestazioa
Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak deituta manifestazioa egingo dute gaur "Hezkuntza Publikoaren alde. Pribatizazioari ez!" lelopean, Bilbon. Martxa 17:00etan abiatuko da Hezkuntza ordezkaritzaren paretik, eta aldarrikapena eta jaia uztartuko omen dituzte musikarekin, pailazoen ikuskizunekin, etab.
Leloaren lehenengo zatiari dagokionez, Lopez de Luzuriagaren arabera, "Hezkuntza publikoaren alde egin nahi dugu, guretzako, doakoa, unibertsala, denona eta denontzat"; eta bigarrenaren kasuan, hezkuntza sistema dualak, zentro pribatuak finantzatzen dituenak, "desberdintasunak areagotzen dituelako, bi abiadurako sistema bat" sortuz.
Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunea sare publikoko hamaika elkartek eta sindikatuk osatzen dute, tartean Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak, Ikasle Sindikatuak, Ikasle Abertzaleak, Steilas, LAB, CCOO…
Zure interesekoa izan daiteke
Kantauri itsasoko ura 25,2 graduan dago, inoiz baino epelago
Ekainean, normalean, itsasoko ura 18 graduren bueltan egoten bada ere, gaur, ekainaren 24an, Donostiako Aquariumean egindako neurketak Kantauri itsasoko ura 25,2 gradutan dagoela erakutsi du, inoiz baino beroago.
Anne Baskaran Egido gasteiztarraren "Zuriaren, zure, gure... jaiak" izango da aurtengo Gasteizko jaietako kartela
Egileak azaldu du kartelak "Gasteizko jaiak bizitzeko dauden modu anitzak" islatu nahi dituela.
Ertzaintzak Euskadin erregistratutako gorroto delituak % 18 jaitsi dira 2025ean
Kasu horiei buruzko txostenaren egileek jaitsiera hori tentuz interpretatzeko eskatu dute, delitu asko ez baitira salatzen.
Sanferminek 516 ekitaldi izango dituzte, eta protagonismo handiagoa hartuko dute aurten haurrek eta auzoek
Asteazken honetan aurkeztu dute egitarau ofiziala, askotarikoentzako musika, jolasak, erakusketak, su artifizialak, kirol jarduerak, antzerkia, kalejira, ganadu-feria eta prozesioa biltzen dituena. Txupina uztailaren 6an jaurtiko dute, eta festak eztanda egingo du hilaren 14ra arte.
Bilbok badu kartela Aste Nagusirako: "Besarkada urdin bat Bilborentzat"
Juan Manuel Martinez Rodriguezen obra abuztuaren 22tik 30era ospatuko den Bilboko Aste Nagusiaren irudi ofiziala izango da.
"Naruto" anime japoniar arrakastatsua, estreinakoz euskaraz, EITBren PRIMERAN plataforman
Ostegun honetan, ekainak 25, estreinatuko ditu PRIMERANek lehen bost atalak. Guztira 52 kapitulu eskainiko ditu, ostiralero bost berri, lehen aldiz euskaraz bikoiztuta. Estreinaldiaren bezperan, EITBk aurrestreinaldi esklusiboa antolatu du Bilboko egoitzan. Gaur izango da, 18:00etan, Multibox aretoan, eta lehen lau atalak izango dira ikusgai.
"Ihesi, norbera izateko": Trumpen Amerikatik ihes egin eta Euskal Herrian bizi diren transen familien testigantzak jaso ditu EITBk
Seme-alaba transak dituzten zenbait familiak Estatu Batuak utzi eta Euskal Herrira etorri dira. EITBk haien lekukotasunak bildu ditu Ihesi, norbera izateko dokumentalean. Lehenengo erreportajeak asteazken honetako albistegietan ikusi ahal izango dira.
Osakidetzak eTXERTOA ezarri du txertoen kontrola eta segurtasuna hobetzeko
Sistema Bilbo-Basurtu ESIko zenbait zentrotan probatzen ari dira, eta txerto bakoitzaren funtsezko datuak automatikoki erregistratu ahal izango dira eman aurretik.
Bi pertsona zauritu dira Leioako ostalaritzako lokal batean izandako gas-leherketa baten ondorioz
Gertakariaren ondorioz, kaltetutako eraikineko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte, eta udal-teknikariak kalteak ebaluatzen ari dira, Iparragirre kalean.
Zalduondoko (Araba) baso-sutea kontrolatzen saiatzeko lanean jarraitzen dute
Gaur goizaldean Galarreta mendiaren goialdean, Zalduondon (Araba), piztutako baso-suteak aktibo jarraitzen zuen 21:00etan, eta suhiltzaileek sua itzaltzeko lanean jarraitzen dute, Foru Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez.